Martxoak duen xarma irudietan
Morroi peri egunean ospatzen zen mus txapelketa hau garai batean. Egun berean ez, baina oraindik jarraitu egiten du eta aurten elkarte berrian gainera. Eneritz eta Jon, bi gazte hauek izan dira aurten irabazle. Txapel dotore hauekin ikusten dira argazkian eta elkarte berriko lehen irabazleak direnez balioa bikoiztu egiten da, beraz ondo gorde oroigarri hauek. Zorionak!!!!.
|
Mertxe eta Ines bigarren gelditu ziren eta hauek ere badute bere meritua. Zorionak!!!!.
|
Borja Cobeagak egin duen filma edo pelikula dela eta asko ari dira aipatzen komunikabideetan Jesus Egiguren Aizarnarra, filma edo pelikula hau "Negociador" izenarekin argitaratu du Cobeagak, bake bidean egin zituen pausoak islatuaz. Gauza serioa izan zela ezin ukatu, baina zinemagileak ikuspegi asko dituzte nonbait gertaerak kontatzeko eta elkarrizketa hauei seriotasuna kendu ondoren , komedia bezala azaltzen ditu ahalegin hauek. Dena den ikusteak merezi duelakoan nago, bitxikeri asko baitira bertan eta seriotasun arlotik bakarrik mundu hau ikusteak ez duelako merezi.
|
Urola bailarako beste ostatuekin batera Aranburu landetxeak ere parte hartu du Donostian ospatu zen SEVATUR ferian. Feria hau ostatu eta jatetxeen erakusleihoa dugu eta oporrak ondo pasatzeko lekuak ezagutzeko ere oso baliagarria egiten da. Mokadu goxoak jan eta Aizarnako naturarekin gozatzeko leku paregabea. (Argazkian eta ezkerrean Aranburu landetxekoak Urola bailarako beste partaideekin.)
|
Negua igaro ondoren aurrena irteten duen lorea da San Jose lorea, aurten ere Martxoko lehen egunetan ugaritu dira zelai eta bide bazterretan. Lora hauek Udaberria berehala datorrela esan nahi digute.
|
Baserri politez osatutako auzoa zen garai batean Altzola. Orain ere bailara polita izaten jarraitzen du, begira ordea zer egoera duen gaur egun bere kasko edo erdiguneak. Zenbat denboran iraungo du zutik?.
|
Gaur egun ere parekidetasuna nahiko urrun dagoela esaten dute emakumeek. Nire gazte garaian, parekidetasuna ez zuten aldarrikatzen Aizarnako emakumeek, gizon eta apaizen menpean bizi ziren. Erlijioak ere ez zieten lagundu egoera hau gainditzen, bai ordea menpean bizi behar zutela mentalizatzen. Martxoak 8 emakumeen eguna ospatzen dugunez, beraien omenez doa idatzi eta argazki hau. Aizarnako emakume hauek egin zituzten lan eta haurren heziketak ez ditugu sekula ordainduko. Etorkizuna emakumezkoa izango da.
|