<
Aurrekoa
|
AIZARNAKO ESKOLA TXIKI EGUNERAKO ARGITARATU DUTEN OHARRA//// Dakizuenez 2020ko ekainean Gipuzkoako Eskola Txikien jaia ospatzekoak ginen Aizarnan. Festa egunerako ilusio betean geundela eta prestaketa lanak oso aurreratuta genituela harrapatu gintuen pandemia egoerak. Dakizuenez martxoan ezarritako itxialdi orokorrak etxeratzera eta festa bertan behera uztera eraman gintuen. Urtebetera pandemiari begira egoera samurragoan egongo ginen itxaropenak bultzatuta, festa 2021eko ekainera atzeratzeko erabakia hartu genuen jaiaren antolatzaile garen guraso eta eskolako irakasleek. Urtebete geroago, hala ere, egoera ez da asko samurtu eta oraindik ez gaude festa egiteko egoeran. Egoera honetan, 2022ko ekainean hurrengo festa antolatzeko ardura duen eskolari testigua pasa eta Aizarnan bertan ekitaldi xume eta herrira begirako bat egiteko erabakia hartu dugu.//// Ohar honen bidez argi utzi nahi dugu 2021ean Gipuzkoako Eskola Txikien jaia ez dela egingo. 2022an ea berriro ere lehengo dinamikari berrekiteko moduan izaten garen, eta eskola txikietako ikasle, irakasle eta gurasoak elkartzeko dinamika honi jarraipena ematen zaion. Baina esan bezala 2021ean ez da festarik ospatuko./////// Aizarnarrok, hala ere, gure komunitatean, gure burbuilan, ekitaldi xume bat egingo dugu, egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak beteta. Ekainaren 13an goiz parterako ekitaldi bat egingo dugu. Festaren lekukoa gure mugakide diren errezildarrek hartuko dutenez, Etumetan elkartuko gara eta hantxe, bi herrien arteko mugan, emango diegu testigua hurrengo urtean festa antolatzeko ardura izango duen herriari. Etumetara oinez joateko aukera izango da. Han ekitaldi xume bat egingo dugu eta ondoren eguerdian Aizarnako plazan ekitaldi txiki bat egingo dugu, aizarnarron artean eta aizarnarrontzako////// Ekainaren 13ko ekitaldiaren egitaraua honakoa izango da: /////// 10:00etan testigua ematea hurrengo festaren antolatzaileei, errezildarrei. Etumetan izango da, kruzetik 200 metrora dagoen zelaigunean. Testigua emateko momentua txalapartarekin eta adarrarekin girotuko dugu. Aurkezpen txiki bat egingo du heldu batek, eta ondoren ikasleek hitza hartuko dute. Aizarnako euskal dantzetako ikasleek aurreskua egingo diete errezildarrei. Errezilgo ikasleak trikitia eta panderoarekin etorriko dira eta dantza bat ere prestatzeko asmotan dira.///// Etumetako ekitaldira oinez joateko aukera izango da, gainera, auzolanean Santa Engrazira doan herri bidearen zati handiena garbituta dago, eta falta dena garbitzeko asmoa dago. 8:00etan plazatik abiatuta erraz iristen da Etumetara 10:30erako. Plazara buelta ere aukeran, oinez jaisteko denbora badago. 12:30etan ekitaldia plazan. Oholtza txiki bat muntatuko dugu. Ekitaldian Aizarnako ikasleak izango dira protagonista eta ekitaldia honakoekin girotuko dute: koreografia bat, bertso batzuk… Hitza hartzera gonbidatuko ditugu: ikasleak, ikasle ohi bat, guraso bat eta eskolako zuzendaria. Amaieran musikak girotuta herrian zintzilikatu dugun murala edo horma-irudira joango gara denok. Ander Hormazuri margolariak Aizarnako eskolan ikasleekin lantzen aritu den proiektua azalduko digu. Eta amaiera emango diogu ekitaldiari.
|
Hurrengoa
>
|