Zezenak Aizarnan (1984)
Badira urte batzuk Aizarnako jaietan zezenekin ez dela jolasten, arrazoia ekonomikoa izango da behar bada edo zezenekin kalean jolasteko legedia asko zailduta egotea. Horrez gain gaur egungo segurtasun exijentziak ere askoz handiagoak omen dira eta garai batean zuen erakargarritasunik ere ez duela uste dut. Dena dela, zezenik gabe ere egoten da nahiko entretenimendu egun hauetan kalean.
Atzera asko joan gabe ordea, Aizarnako jaietan zezenketa politak egiten ziren garaiak ezagutu genituen, "paseillo" eta guzti oso konpletoak antolatzen ziren eta hauek ikustera hurbiltzen zen jendea ere ez zen txantxetakoa.
Paseilloa kale barrenean hasten zen eta Zabale atariko zelaian zegoen zezen-plazan amaitu: apaiza, toreroa, autoridadeak eta ohorezko dama polit bat mantillarekin. Bidea bandaren pasodobleak alaitzen zuen eta hauen atzetik kalea bete jende ikusten zen korrida on bat ikusteko gogoarekin.
Zezen-plaza izugarria montatzen zen, hesi sendo bat bira osoan zuela, zaldiak eta erizainak ere bertan egoten ziren, armailak bakarrik falta zituen. Zestoak dituen "barrerak" izan bagenitu, batek daki nora iritsiko ginen! .
Zezenketa hauek, lagun arteko bazkari batean aipatu genituen eta berehala Kontxi Iruretagoienak atera zituen argazki batzuek eta artikulu bat, etxean ondo zainduta duen artxibo horretatik. Hauxe da artikulua (klik egin gainean tamaina haundiagoan ikusteko)
Denon artean ere nahiko lanak izan genituen zein urtetan ospatu ziren erabakitzerakoan, baina sailkatu genituenen azkenean eta berari esker osatzen dut hemen azaltzen dudan lan txiki hau. Eskerrak eman behar Aizarnari buruzko webgune hau osatzen laguntzeagatik.
Artikulu honetan irakurtzen denez kontratatu zuten toreatzaileak ausardia falta zuen zezenaren aurrera aurkezteko eta herriko gazteen laguntzarekin Tomas Bergara izan zen torero hau ordezkatu zuena.
Aizarnan gazte bat baino gehiago izango dira zezenketa hauek ospatu zirenean oso adin txikia zutenak eta adinekoak ere denak ez zuten ikusteko aukerarik izango behar bada. Orain hemen du aukera zezenketa hauen argazkiak ikusi, artikulua irakurri eta balorazio bat emateko Aizarnan antolatu ziren zezenketa hauei buruz.
Argazki hauek 1984 eta 1983 urtekoak dira, 1983.urtekoak lehen ere baditut orrian Miuran zezenak Aizarnan izenburua duen artikulu batean,baina orain hauek gehitu ondoren asko irabazi duela iruditzen zait diaporama honek.