Uztaro aldizkarian, Aizarnako meatzariei buruz
Aitziber Gorrotxategi Eizagirre EHUko Historia Fakultateko ikasleak lan bat argitaratu zuen Uztaro aldizkarian, 45. alean. Izenburua, hauxe: "Meatzaritza nekazari-herri batean. 1844-1982". Meatzaritza landu zuen nekazari-herri hori, hain zuzen ere, Aizarna da.
Honela hasten da artikulua:
"XIX. mendearen erdialdean, Aizarna herri txikiak bere industria-iraultza propioa bizi izan zuen, bertako mendietan ugariak ziren meategiak ustiatzen hastean; jarduera hori Urola bailaran ezartzen hasi berriak ziren zementu naturalaren fabriken garapenari oso lotuta egon zen.
Ia mende batez herrira aberastasuna ekarri ondoren, Gerra Zibilaren osteak meategien ekoizpenaren beherakada eragin zuen meategiak ixteraino.
Aizarnako, eta orokorrean, Zestoako meategi gehienak lignito ikatza lortzeko ireki ziren, nahiz eta burdina-meategiren bat ere ireki zen, eta baten bat zink-meategi bezala deklaratua ageri da erregistroetan".
Artikulu osoa irakurri dezakezue Uztaro aldizkarian bertan, lotura honetan klik egin eta artikulua jaitsita (25 orrialde ditu).