Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Segalariak Aizarnan (2011)

Beste urteetan bezala, aurten ere Aizarnan ospatu da Euskal Herriko sega txapelketako kanporaketa. Aranburuko zelaian antolatu dute lehiaketa hau eta ekintza honetarako zelaia ezezik, aparkaleku eta inguruak ere egoki prestatuta ikusi genituen proba honetarako. Lekuak ere laguntzen du, baina meritua antolatzaileei eman beharra dago.

Jende kopuru polita hurbildu zen lehiaketa hau ikustera. Egia esan eguraldiak ere asko lagundu zuen honetan, haize eta euri zaparradak badira lagun, zailagoa da mendiko proba hauetara jendea hurbiltzea, kirol honen oso zalea ez bazara behintzat.

Garai bateko mozketa desegokiak ez dute lekurik gaur egun, askoz leunago ebakita ikusten dira orain zelaiak. Hau epaileak zigorra ezartzen dielako da eta hala behar du gainera, bestela segalariak ebakitzen ez zituzten multzoak, biltzaileak eskuarearekin eteten saiatzen ziren eta behiak larrean ibilita bezala uzten zuten zelaia.

Lehiaketa honetan zortzi kirolarik hartu zuten parte eta lau hautatzen ziren finalerako. Lortzen zituzten emaitzen arabera, jakina. Lehenengo sailkatu ziren lauren artean ez zen ikusi kiloetan alde handirik. Egia esan ordu erdi bateko lanean zaila da bai alde handia ateratzea, daukaten sasoia ikusita.

Finalerako txartela lortu zuten kirolariak hauek dira:

Lizaso, J.J............... 1174,5 kilo
Alkorta, Mikel............ 1119,5 kilo
Arteaga, Arkaitz......... 1106 kilo
Kanflanka, Jon............ 1079 kilo

Telebistako kamara ugari ikusi genituen proba osoko irudiak hartzen, kableak alde batera eta bestera mugituaz. Hurrengo egunean igorri zuten lehiaketa telebistan eta esan behar Aizarnako irudi politak ikusten zirela bertan.

Telebistako profesionalen mailarekin ez, baina nik ere hartu nituen irudi batzuk, eta muntaia txiki bat egin ere bai beraiekin Sakabi eta Egaņazpi Aizarnarraren musikaz lagunduta. Hemen dira nahi dituenak ikusi.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>