Euskal herriko segalarien txapelketa Aizarnan(2010)
Euskadiko sega txapelketako kanporaketak ospatu berriak ditugu Aizarnan. Ekintza honetarako zelaia egoki prestatu zuten antolatzaileek, segalariak eroso sentitu eta lanak emaitzarik onenarekin amaitu ahal izateko.
Eguraldia nahiko iluna zegoen Uztailekoa izateko, baina segalariak lan egiteko paregabea zela esango nuke. Ikusleak, berriz, eguzki pixka bat gehiagoekin ere gustura sentituko zirela uste dut.
Garai batean zelai askotan ikusten ziren segalariak, baina ez kirola egiten, lanean baizik. Belarra ebaki eta ihartu ondoren usain ederra zuela jasotzen zen sabaira, negu luzean elikagairik falta ez zedin. Orain ere jasotzen da baina fardelak eta bolak dira nagusi, traktoreak egiten ditu lan guztiak, dena mekanizatuta dago. Eta segalariak ikusi nahi baditugu txapelketak antolatu beharra daukagu.
Herreminta hau ez da asko aldatu azken gizaldian, egiturari begiratzen badiogu, baina lehen bezala gaur egun ere bakoitzak bere gorputzari dagokion erara egokitzen du, nahiz eta forjari artisau gutxi egon lan honetarako.
Kirol honek jarraitzen badu, irauteko moduan izango da herreminta hau, bestela sasi-garbitzeko makinak eta sega makinak ordezkatuko dutela uste dut, hauek ikusten baitira gehien bat lanean gaur egun. Sega, berriz, oroigarri bezala ganbara bazterrean bukatuko ote duen pentsatzen hasia nago.
Iturriotz bentako zelaian txapelketa asko eta norgehiagoka ugari ospatu dira, fama handia duen zelai da hau. Baina, badirudi oraingoan Aranburu baserriko zelaiak hartuko duela txanda.
Segalariak ikusi eta argazkiak ateratzen pasatu nuen goiza eta bertan atera nituen argazkiak hemen automatiko ikusteko erara jarri ditut eta begira zenbat laguntzaile erabiltzen dituen kirol honek.
Jon Egiguren