Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Euskadiko Sega Txapelketa Aizarnan (2009)

Euskal herriko 2009. urteko Segalari Txapelketa ospatu berria dugu Aizarnan, Aranburu landetxeak duen zelai zabal eta ederrean. Ezin dut ziurtatu baina seguru asko lehen aldiz ospatuko zen honelako txapelketa bat Aizarnan.

Belarra berde berdea zegoen eta zutik gainera, segalarientzako ezin hobea eta kirolari hauek ez dira atzera begira egon. 2000 kilo eta gehiago moztu zuen lehen sailkatu zenak. Bost segalarik hartu zuten parte eta ikusmira polita izan zela ezin dugu ukatu.

Futbolak adina ez, baina kirol honek ere mugitzen du jendea. Ikusle ugari egon zen zelai ertzean segalariei begira. Begira bakarrik ez segalari bakoitzak bere jarraitzaile ugari zuen inguruan oihuka, hauek berotu zuten giroa zelaian.

Belarra moztu bakarrik ez; jaso ere txistu bizian egiten zuten. Horretarako, segalari bakoitzak sasoiko gazte koadrila bat erabiltzen du, sarean belarra sartu eta juezak pisua eta orrian idazteko.

Honelako lehiaketa bat antolatzeak badu bere lana. Bezperan hasi ziren bakoitzak moztu behar zituen laukiak prestatzen eta bai egoki prestatu ere. Orri batean margotuta zegoela ematen zuen zelaiak.

Txapela jantzi zuen segalaria J.J. Lizaso izan zen, beteranoa baina oraindik abilezia haundikoa belarra mozten.

Lehiaketan parte hartu zuten segalariak, hauexek:

Argazki politak ateratzeko egun ilun xamarra atera zen, baina ateratakoak hemen dira, nahi duenak ikusi.

Joan artikuluen zerrenda osora>