Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Santa Engraziaren berrikuntza (1975)

Eskuratu berri dut Manuel Arregik Zeruko Argian argitaratu zuen elkarrizketa bat eta esan behar berau irakurtzea oso interesgarria egin zaidala. Elkarrizketa 1975. urtean argitaratu zuen, 40 urte pasa dira argitaratu zuela eta oraintxe arte ez nuen honen berririk. Santa Engraziako erlojuaren zaharberritze lanak direla eta eskuratu dut eta honekin batera beste bat edo beste ere eskuratzea suertatu zait.

Elkarrizketa honetan Santa Engraziako ermitaren azken zaharberritze lanetan aritu ziren bi partaideak elkarrizketatzen ditu: bata Martin Unanue zena, “Martija”, eta bestea Alberto Mendia, “Motxa”. Hauen erantzunak eta Joxemaria Zunzunegin iritziak jasotzen ditu bertan.

Zahar berritze honetan lan asko egin zutela agerian dago. Ermita ezagutzen duenak badaki honen berri eta ez duenak, berriz, begiratzea besterik ez du goiko sabaira. Auzolanean zaharberritu zuten ermita, ondoren erlojuari ere egin zioten berregituraketa bat eta ia-ia gaur egunera arte jarraitu du denbora neurtzen.

Artikulua idatzi zuenean ikusten dut gaztea zela Manuel Arregi, badirudi aspaldiko abilezia duela idazten. Idatzi honek Aizarnako historiaren zati bat erakusten duenez ezin dut jaso gabe utzi Aizarnara begira dagoen webgunean. Eskerrak eman behar Manuel Arregiri, idatzia eguneratu eta nire eskuetan jartzeagatik.

Amaitzeko esan behar, ermitako lanak amaitzen zituztenerako festa egun bat antolatu zutela ospatzeko eta antolaketan ari zen bat atxilotu zutelako bertan behera gelditu zela. Honen frogagarri da argazkian ikusten den egitaraua.

Bi eratan irakur liteke idatzia: bat, Argia aldizkaritik zuzenean kopiatuta PDF formatuan; eta bestea, berak eguneratutakoa. Bakoitzak aukeratu dezala nola irakurri.

Jon Egiguren ==================================================================

Gure lehiatilatik Zeruko Argia 11/05/1975

SANTA ENGRAZIA AUZOLANEAN BERRITUA

ZERUKO ARGIAren irakurleak jakingo duenez, azken urtebete honetan Santa Engrazia ermita berritzen jardun dira auzolanean. Urtebete luzean egindako lanen ondoren, bukaeran aurkitzen dira. Lan horren ezaugarri bat utzi nahian edo, jai bat antolatzekotan dira, auzolangileak, Santa Engrazian.

Euskal Herri guztian, batik bat mendizaleen artean, ezaguna da Santa Engrazia gailurreko ermita. Berritu duten ermitaren berri jakin asmoz Joxemari Zunzunegi, zestoar historialariarengana jo dugu, eta azaldu dizkigun zenbait puntu aipatuko ditugu hemen.

Santa Engraziako historia aztarnak jakiteko bi bide omen dauzkagu bereziki: egiazta ditzakegun datuak eta kondaira edo ustezko berriak. Lehenbizikoak aipatuko ditugu bereziki, horiek ematen baitizkigute daturik fidagarrienak. Arkeologia aldetik begiratuta, lehen aztarnak XV. mendearen bukaerakoak dira. Gotiko estiloko ate bat eta lau leiho (bat azken berritze-lanetan aurkitua, hain zuzen) ditu gure ermitak. Hormek neurri desberdinak agertzen dituzte; beraz, behin baino gehiagotan aldatu izango zituzten.

Horrela bada, Santa Engrazia ermita gutxienez, historiari zientifikoki begiratuta, XV. mendearen azken aldekoa dela esan daiteke, nahiz eta historialari askoren ustez lehenagokoa izan. Baina hori oraindik behar bezala aztertzeke dago.

Idatzizko agirietara jotzen badugu berriz, beste zenbait berri aurki dezakegu. Oñatiko artxiboetan Joxemari Zunzunegik aurkitu duenez, garai batean «freira» delakoak egon omen ziren ermita zaintzen. Gurtza handiko eliza omen zen, eta jende askok uzten omen zuen diru-laguntza. Horrela, Elkano ospetsuak ere dukat bat utzi omen zuen ermitaren beharretarako. XVII. mendeko «freira» batek ere honela dio: «Bizkaiko jaurerri osotik etortzen da jendea».

Aipatu dugun moduan, garaiko ohiturari jarraituz, ermitaren ondoan zegoen etxetxo batean bizpahiru «freira» bizi omen ziren. «Freirak» elizetako beharrei erabat lotuta zeuden emakume ezkongabeak omen ziren. Azken berritze-lanetan, aipatu etxetxoaren aztarnak azaldu dira. XVIII. mendean Karlos Ill.ak deuseztatu zuen ohitura hori.

«Freira» haien berri jakiteko, aipagarria da Oñatiko artxiboetan agertzen den hau: «Maria Etxegarai freirak bere kide Maria Zelaiari zapi zuri bat uzten dio testamentuan; baita limosnetan jasotako beste bostehun dukat ere ermitarako».

Bestalde, aipagarri zaigu dorreko ezkila ere. Metro eta erdi diametroko ezkila da eta horrelako elizetako ezkilek ohi ez bezalako neurriak ditu.

Kondaira edo ustezko iritziei bagagozkie, prerromaniko estiloko gurtza ere ezagutu omen zezakeen Santa Engraziak. Kristautasuna sartu aurretik jentil eliza ere izan omen zitekeen, baina horretan ez daukagu batere ziurtasunik, oraindik ez baita gai hori zientifikoki aztertu.

Joan Erentxunek ere, Adriani lruñeko gotzainaren esan bat aipatzen digu: «Santa Engrazia gure elizbarrutiko elizarik zaharrenetarikoa da». Baina hori guztia, esan dugunez, aztergai dago.

Berritze-lanei buruz, idatzizko agirietan azaltzen denez, 1771. urtean zenbait berrikuntza izan zuen ermitak: kare-haitzez egindako kanpandorrea soilik, Zunzunegiren ustez.

Duela zazpi urte ere, orain dabiltzanak berak hain zuzen, beste berrialdi bat eman zioten azkeneko honen mailakoa izan ez bazen ere: korua kendu, erloju-jira itxi, hormak barru aldetik masaz hartu, bi zutabe berri sartu, teilatuan erreteila egin eta beste zerbait gehiago.

Joxemari Zunzunegiren ahoz historia apur bat jakin ondoren aipatu auzolangileengana jo dugu, berritze-lanak nola egin dituzten eta maiatzeko jaia zertan den jakin asmoz. Horretarako, zenbait galdera zuzendu diegu antolaketa lanetan gehien saiatu diren auzolangileetako bi adiskideri. Lan horretan hain ezagunak diren zestoar bi gazterekin elkartu gara: Martin Unanue «Martija» eta Alberto Mendia «Motxa». Larunbat arratsa da eta etengabeko lanean jardun dira gaur ere. Zenbait berriketa alde batera utzita, harira jo dugu lehen galderarekin.

Nolatan hasi zineten horrelako lanetan?

–Bada, iazko Santa Engrazia egunez, biok hain zuzen, gailurrera igo ginen eta ermitaren egoera tamalgarriaz jabetu: teilatua nolabait, dorrea berriz tximistak hautsia... Duela zazpi urte egindako lanak ezer gutxirako balio izan zuela eta lan handiago baten beharra ikusi genuen.

Egoera horretaz jabetu ondoren, nora zuzendu zenituzten lehen urratsak?

–Hurrengo igandean bertan Aizarnako erretorearekin eta Joxemari Zunzunegi elizbarrutiko erlijio-arte saileko arduradunarekin egon, eta geure asmoak azaldu genizkien. Ontzat eman zuten gure asmoa eta Joxemarik arte eta berritze aldetik behar genituen aholkuak eskaini zizkigun.

Bi jaun horiekin elkarrizketatu, eta berehala hasi al zineten lanean?

Edo beste norabait jo zenuten?

–Ez, lagun prestu batzuei deitu, eta itsu-mustuan eta batere aurrekonturik egin gabe dorreari ekin genion. Teilatua aztertzen eta askatzen hasi ginenean, eta haren egoera makala ikusita, teilatu zaharra bota eta erabat berria egitea pentsatu genuen. Izan ere, beste ezer egiterik ez zegoen egur zaharkitu eta apurtutako teila haiek ikusita. Horrela, gure ermita uste baino egoera okerragoan zegoela ikusi genuen, eta Guibert arkitektoarengana jo genuen aholku eske.

Zer esan zizuten Guibert arkitektoak ermitaren egoera ikusi ondoren?

–Guiberten aholkuak bi egiturari lotu zitzaizkion batik bat, dorrearenari eta teilatuarenari. Dorreak harri batzuk hautsirik zituen, eta konponketa lanetarako dorreari nola eutsi erakutsi zigun. Lan izugarria benetan, dorrearen prestaketa! Teilatuari zegokionez berriz, lau zutabeak kendu eta teilatu guztia bi “tijera” handiz sostengatzea zela egokien adierazi zigun.

Han egin dituzuen lan guztiak aipatzeak luzeegi joko liguke, baina laburtuko al zenizkigukete lan batzuk?

–Bai, berehala. Lehendabizi dorretik eta teilatutik hasi ginen. Horretarako, zimenduak gogortu eta horma gainak jira guztian hormigoiz hartu genituen, teilatuari lehen ez zuen hegala atera behar baikenion jira osoan. Eguraldiaren erasoen arriskua ikusita, egur mardulak eta bikainak sartu dizkiogu teilatuari. Gero, Zunzunegiren, aholkuz ezkerraldean zuen leiho gotikoa aurrera aldatu dugu, egokiago omen dago eta. Aurkitu dugun beste leiho gotikoa ere moldatu beharra izan dugu. Erretaula zaharra kendu ondoren, berria egin dugu mosaikoz. Hori Jose Luis Iriondoren eta Jesus Huarteren lana izan da.

Ezkila gogortu eta tximistorratz berria ipini dugu. Bestalde, barruan zeuden irudiak berritzera bidaliak dira. Elizbarrutian jasorik zegoen San Ignazioren irudia ere han izango dugu hemendik aurrera. Zoruak ere badu berritzeko premiarik, baina hori gerorako utzi dugu.

Langilez ondo osatu al zarete?

–Bai, jendeak ondo erantzun du. Batez beste astero hamaseiren bat lagun biltzen ginen. Hogeita zazpi inguru bildu garen egunak ere izan dira. Guztira hirurogei bat ibiliko ginen. Bazekiten nora zetozen eta gogoz jardun dute auzolanean.

Inguruetako jendea bilduko zen noski?

–Santa Engrazia inguruko lau edo bost baserritar, azken aldera beste lau bat igeltsero azpeitiar, eta beste gehienak zestoarrak izan gara jaiegunetako auzolangileak. Bestalde, aipagarri zaigu bi igeltsero zaldibiarren lana. Igande askotan etorri zaizkigu Zaldibiatik honaino. Teila-jartze lanik handienak haien esku joan dira.

Urtebete inguruan jardun duzue. Horrek garbi adierazten digu egin duzuen lanaren neurria. Zer egun eta zer garaitan egin dituzue hango lanak?

–Urtebete osoko jaiegun, igande eta larunbatak han igaro ditugu. Jai eta igandetan goizez, eta larunbatetan, arratsaldez. Uda eta Gabonetako opor eta gainontzeko egun libreak ere han igaro ditugu. Horrez gain, astegun arratsez ere lan asko egin dugu, nahiz eta ermitara ez igo: diru-eske, langai bila, lagun bila etab.

Jendez eta beso-indarrez osatu zaretela ikusita, diru-kontuetara itzuliko gara. Zer moduz moldatu zarete?

–Ba! Diputazioak 80.000 pezeta eman dizkigu, Gotzaingoak 50.000, Zestoako Udalak beste 50.000 agindu dizkigu; beste udal, aurrezki kutxa, banku eta horrelakoek ere zerbait lagundu digute. Herri soilak ere ondo erantzun digu; izan ere, herria mugitzen ez bada ez dago ezer egiterik. Bestalde, zenbait lan eta langai doan egin da. Hasteko, dakizuenez eskulan guztia hutsaren truke egin da. Aipagarri da Jesus Huarte eta Jose Luis Iriondoren lan bikaina ere. Tximistorratza, porlana, beiratea eta beste gauza asko ere doan eskaini dizkigute. Kamioi bat ere ia erabat geure esku eduki dugu. Lerro hauetatik hemen aipatutako guztiak eskertu nahi ditugu.

Lan handiak egin badituzue, diru-laguntzak ere handia beharko zuen. Laguntza horiekin bete al duzue diru aldetik zenuten zuloa?

–Ez, oraindik hogei bat mila duroko zuloa daukagu, baina antolatu dugun jaia dela, beste laguntzak direla, aurki beteko dugula iruditzen zaigu.

Lan neketsua, eguraldia, mendi gailur huraEragozpen horiek denak ikusita, ezbeharrik edo istripurik izan al duzue?

–Bai, zoritxarrez ia bukaeran izan dugu halako istripu bat. Orain arte, lagun bati behatza lehertu bazitzaion ere ez genuen ezeren okerrik izan. Baina apirilaren 6an, lanak bukatu ondoan, hainbat lan egin duen Joxe adiskideak min hartu zuen. Altura handitik ez bazen ere, era txarrean erori nonbait eta izter hezurra hautsi digu. Familia bateko guraso da, eta zerbait laguntzera behartuak gaude.

Gisa horretako lana bukatuta, gure ustez, merezi du jai bikain bat antolatzea. Zer egitarau prestatu duzue datorren l8rako?

–Igandean, lehendabizi, txalapartariek herri meza adieraziko digute Santa Engrazia gailurretik. Aldarea sagaratzeke dagoenez, Joxemari Setien gotzain laguntzailea etorriko da aldarea sagaratu eta herri meza zuzentzera. Ondoren, bertsolariekin, zestoar dantzari txiki eta txistulariekin eta trikitilariekin jaialdi alaitsu bat ospatuko dugu. Eta bukatzeko, nahi duten guztientzat lagunarteko bazkaria.

Besterik gabe, agurtu ditugu bi auzolangile prestuak maiatzaren 18ra arte. Gure zorionik beroenak eta Joxe lehenbailehen senda dadila! Gure aldetik lanerako batasunaren eredu gisa agertu nahi ditugu auzolangile horiek. Elkarren artean hasitako egintza erabat bukatu dute alaitasun ederrean. Beste hainbat herri egintza ere badugu gure herri honetan. Horrelako elkartasunez jokatuko bagenu, zenbat gauza erabakiko ote genituzke?

ERTXIN HARRI

Manuel Arregi Urrutia (eguneratua, 2016) ===================================================================

Egin klik PDF formatuan ikusteko

Joan artikuluen zerrenda osora>