Pazko jaietako irudiak 2013
Garai bateko Pazko jaiak berreskuratu dira Aizarnan eta ez nolanahi gainera! Aurtengoa bigarrena dugu eta, lehengoa bezala, egun dotorea zegoen antolatuta jaizale denarentzat.
Herri Elkartekoek antolatzen duten egun honetan, auzo lanean berriztatu duten lixiba tokia ere inauguratu zen, garai bateko lixiba nola egiten zen irudikatuz. Polita benetan ikuskizuna.
Artisau azoka postu askorekin zegoen. Salerosketak nola joan ziren berririk ez dut baina, garai zailak direnez, konformatu egin behar gutxirekin ere. Ez dakit etekinik ateratzen duten egun honetan, baina begira egoten garenak bai. Gozatu eta ikasi ere egiten dugu, ez ikusi bakarrik.
Hauez gain, kintopeko mailan Jagoba Otaegi Aizarnarrak marka ipini zuen 152 kiloko harriarekin. Marka harria jasotzearekin bakarrik ere lortzen zuen, baina zilindrikoa lau aldiz jaso zuen eta errektangularra bi bider. Marka bikaina! Hautsi nahi duenak hor du aukera.
Hemen aipatu ditudan ekintzak eta aipatu ez ditudan pasarteak ikusteko aukera jarri dut goian ikus daitekeen diaporaman. Bertan egonda bezala ez, baina nahiko garbi irudikatzen du egun honetako giroa Aizarnan.
Jon Egiguren