Pazko jaia Aizarnan
Aurtengo pazko jai eguna ospatzen, eguraldiak ez duela asko lagundu esan beharra dago behintzat. Maiatzeko azken eguna izan eta negua zirudien, zeru estali eta iluna, euri erasoak ugari eta tenperatura nahiko hotzak garai honetarako. Eskerrak estalitako pelotalekuari, bestela baserritarrez jantzi ordez, neguko txamarrak atera behar!
Hala ere eguraldia ez zen arazo bihurtu estalpean ipinita zeuden postu ingurura hurbiltzeko. Beste urteetan bezalako jendetzarik ez zen ikusten, baina giro polita sortu zen bertan eta aukera zegoen horretarako.
Eguerdian taloak txorizoarekin eta sagardoa txotxetik, apetitua pizteko. Ondoren burruntzian erretako txahala plateran trikitia entzunaz. Eguraldi fresko eta umelari aurre egin eta ondo pasatzeko ez dago beste ezeren beharrik.
Arratsaldean, hezitako txakurren erakusketa Aranburu atarian eta ikuskizun honetara ere jende multzo politta hurbildu zen, txakurrak duten abilezia ikustera. Eguna amaitzeko ilunabarrean erromeria "ezten giro" taldearekin eta honekin amaitu ziren aurtengo pazko jaiak.
Jaiak antolatzen jardun eta eguraldiak ez laguntzea, ez da batere gustagarria izango. Baina hau bai guk ezin dugula manipulatu, eta egiten duena hartu behar. Dena den, giro atseginez eguna igarotzeko aukera zegoen eta pentsatu behar hurrengo urtean giroak lagunduko duela eta aurrera jarraitu behar.
Aizarnako pazko jai giroa, nik idatzi honetan esplikatzen dudan baino hobeto erakusten du goian azaltzen den diaporama honek, Tapia eta Leturian doinuekin alaituta. Ea gustuko duzuen.
Jon Egiguren