HERRI ELKARTEA
Elkartearen etorkizuna zalantzan ote dagoen zurrumurruak entzuten dira herrian. Arazo hau askoren ahotan dabilen gaia dugu gaur egun, eta bertako kide naizenez, iritzi bat ematera ausartu naiz.
Kulturgintzarako, gazteen hartu-emanetarako, jaien antolaketarako, jubilatuen solas-aldietarako eta lagun arteko bazkari edo afariak ospatzeko erabili dugu elkarte hau, orain artean behintzat.
Aipatu ditugun gai eta ospakizunetarako usufruktuan herritarrei emandako lokala da berau, baina eliz barrutiak lokala berriz eskuratzea edo araudi berriak ezartzea omen du helburu, edo halako zurrumurruak entzun ditugu behintzat. Zeintzuk dira eliz barrutiaren argudioak helburu horiek lortu nahi izateko? elkartearen erabilpen desegokia, eraikuntza mantentzen ez arduratu izana, elizaren ondareak kontserbatzeko saldu beharra, edo beste erabilpen bat ematea.
Eliz barrutiak argudio pisutsuak izango ditu behar bada, baina beste elkarte bat zuzendu edo bideratu aurretik hau gertatuko balitz, herrian arazo bat zuzendu nahian beste bat sortzea litzateke, eta ez dut uste Aizarnako eliztarren nahia hori denik.
Aizarnak duen elkartea bezain egokiak, herri txiki askotan ikusten ditugu eliza edo udaletxearen lokaletan, eraikuntzaren jabetza lortzeko zailtasun handiak baitaude, biztanle gutxi dituen herri txikietan ohi den bezala.
Udaletxeak eta elizak biak herritarrei laguntzea dute helburu, eta bertan diren arazoak bideratzen laguntzea. Gaur egun Aizarnak ez du bizi handirik elkartea izan arren,eta elkarterik gabe oin hutsik gelditzen zaigu herria.
Elizarena edo udaletxearena, aurrera begira segurtasun bat emango dion lokal bat behar du elkarteak, herritarren hartu-emanak sendotzeko, eta orain arte bete dituen helburuak betetzen jarraitzeko.
Honetaz aparte, aipatu dugun herri elkarteak, otsaileko mus txapelketa antolatu berri du, eta bikote ugari ahalegindu ere bai txapela lortzen. Baino azkenean denen artean bikote gazte bat nagusitu zen: “Ander eta Aldalur” hain zuzen ere, “Felix eta Porte” bikoteari irabazi ondoren (zorionak beraz!).
2004ko muslari txapeldunordeak, Porte eta Felix, eta txapeldunak, Ander eta Aldalur.
Jon Egiguren