Morroi peria eta musa Aizarnan (2009)
Urte asko dira otsaileko morroi peri egunari dagokion mus txapelketa ospatzen dugula elkartean. Denborak ohitura bihurtu du ekintza hau, eta antolatzeari utziz gero aukera bat gutxiago izango genuke elkartu eta elkarrekin eztabaidatzeko.
Txapelketa hau oso herrikoia dugu. Nahiz eta elkarteak antolatu, herriko ostalariak ere laguntzen dute sariak jartzen ekintzari bultzada bat eman eta irabazleentzat sari gehiago eskainiz.
Aizarnan eta musean txapela jazteak badu bere xarma. Sariak ez dira baztertzekoak baina bikoteari ematen dion aintza eta ospeak ez du salneurririk herrian.
Txapelketa amaitzerako ordu txikiak iristen dira, eta begiak nahiko dizdiratsu izaten dira ordurako. Halere, argazkiari ezin uko egin: webgunean, Danbolin aldizkarian eta elkarteak duen artxibo historikoan gorde ahal izateko.
Txapelketa goraipatzeari utzi eta aurtengo txapeldunak aipatu beharko ditugu. Ez dute lehen aldia txapela jazten dutela, bikote hau musean asko zaildutakoa dugu eta,Espainiako txapelketan ere Malagaraino joan eta kanporaketa zailak gainditutakoak ditugu.
(Antonio Irureta eta Tomas Bergara ) dira aurtengo garaileak eta ( Iñaki Otaño eta Oskar Lizarralde) bigarren sailkatuak, ¡ zorionak laukoteari ¡.
Jon Egiguren
Danbolin aldizkarian argitaratua