Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Miuran zezenak Aizarnan

Argazkiak ateratzen 1980. urtean hasi nintzen, gutxigora behera. Hasiera arraro xamarra izan nuen, gainera. Kontatuko dut!

Bidaia bat egin behar nuen Mexikora eta hango irudiak gordetzeko argazki kamera bat erosi nuen, nahiko modernoa, gainera, urte haietarako. Etxerako bidean hegazkinaren zain ordu batzuk egin nituen eta ez dakit bazterren batean utzi nuen edo lapurtu egin zidaten. Nire irudiak, behintzat, pikutara joan ziren.

Lanak ez nituen amaitu lehen bidaian eta berehala bestea egin behar izan nuen. Oraingoan, zorionez, alderantziz gertatu zen: aireportuko eserleku batean topo egin nuen beste kamera batekin. Jabea izango zuen hark ere, baina ez nuen eraman galdutako trasteak gordetzen zituzten tokira, gogoan bainuen aurreko bidaian gertatutakoa. Maletara sartu nuen eta honekin bai ekarri nituela irudiak etxera!

Halabeharrak kamera hau jarri ziran lehen pausoak emateko. Gero beste batzuk ere izan ditut. Orain digitalak dira nagusi eta ez dago beste erremediorik: erosi egin behar, behin zaletasuna barruan baduzu ez da erraza-eta alde batera uztea.

Bidaia denetan dut lagun traste hau, beste begi batzuk balira bezala. Nik baino oroimen hobea du, gainera: ikustarazitako irudi guztiak ekartzen ditu etxera, xuxen.

Bidaiak eta Aizarnako jaiak izan dira gehien bat landu ditudanak.

Jaien bilduma egiten, 1986 inguruan hasi nintzen eta gaur egunera artekoak bildu ditut. Urte batzuetako argazkiekin erakusketak ere egin ditut, baina beste urte mordoxka bat ere badira azaldu gabeak. Noizean behin hauek jarriko ditut ikusgai beste era batean antolatuta.

Hemen azaltzen direnak 1986 urtekoak dira, datarekin akatsen bat ez badut behintzat. Eskarmentu handirik ez nuen urte haietan, gainera analogikotik digitalera bihurtzerakoan zerbait galdu egiten dute. Baina, hala ere, aspaldikoak direnez badute beren xarma.

Zabaleko zelaian ospatu zen zezenketa hau. Lehen argazkia eta azken erromeria ez dira 1986 urteko jaietakoak, betegarri bezala jarri ditut. Irudiak ikusi ondoren badirudi Miuran zezen erraldoi honekin, Aizarnarrak ausardia handiagoa dutela toreatzaile ofizialak baino.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>