JAIAK ......2005
Aizarna herri izaera duen auzoa dugu, eta Amabirjinetako jaiek ere badute berezitasun hori. Aurtengoek izan duten ezaugarri nagusiena jendea izan da, bai ekintzetan parte hartzerakoan eta bai ekintza horiek izan duten ikusle kopuruari dagokionean.
Aurtengo ekintzen jarraipena egokia izan dugu eskualdeko “Hitza”egunkariari esker, eta horrek ere zerbait lagunduko zuen jaiek izan duten jarraipena ikusita. Bezperako afariarekin ekin genien jaiei: burruntzian erretako arkumea Errioxako ardo beltzarekin, indarrak berritzeko. Ondoren gazte artean ez zen umore faltarik izan goiz aldera arte, holako afari batek jaien hasieran ez baitu gutxiago merezi.
Burruntzi lanetan badu gaitasun berezia horretan aritzen den gure beteranoak, urte asko daramatza lan horretan baino ikasle gazte egokiak ere ibili ditu bere ondoan. Seguru gaude bezperako afariarekin testigua hartu eta etorkizunean jarraitzeko egoki prestatuko dituela irakasle honek.
Pilota partiduak, herri-kirolak, argazki erakusketa eta antzerkia denak eman dute espero zen emaitza. Azpimarratzekoa behar bada antzerkia, bertsoa eta dantza uztartu zituen ikuskizuna hain zuzen ere. Izurriteak kutsatzen duen baino errazago kutsatzen zuen talde horrek alaitasuna ikusleen artean.
Aizarnako jaietan xarma bereziena sortzen duen ekintza oilasko biltzea izan dugu betitik, eta aurtengoa ez da gutxiagorako izan. Gazte ugari ikusi genuen parte hartzen, gero eta dantzari hobeak dauzkagu gainera herrian. Aurtengoa oso alaia eta maila altukoa izan da beraz.
Aizarnako auzo polit honek urte asko daramatza neguko letargia luze batean sartuta, azken urteetako jaiak ere barne direla. Baina gaur egun proiektu edo egitasmo berriak ditu bidean: hala nola, elizaren berrikuntza lanak, etxe bizitza berriak, txikientzako eskola berriak eta internet sarerako banda zabala deitzen diogun zerbitzua. Neguko letargia luzea izan du Aizarnak, baino pixkanaka esnatzen hasita dagoen herri izaera duen auzoa dugu Aizarna.
Jon Egiguren