Eusko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak
Azken aldi honetan Iberiar Penintsulako zerumugara begiratu eta hauteskundeak besterik ez nituen ikusten; Euskal Herrikoak, Kataluniakoak eta Europakoak. Lainoak ez zidaten ondo ikusten utzi eta baliteke oker egotea , baina Espainiakoak ere hauen atzean ote zeuden iruditu zitzaidan.
Lege biltzarra osatzeko bozkak, Euskal Herrian apirilak 21ean egin ditugu, hamahirugarren aldiz Frankismoa amaitu ondoren. Jarraian berauek utzi dizkiguten emaitzak argitaratuko ditut ondorengo lerro hauetan.
Aizarnako mahaian jasotakoak, gehi Zestoa osokoak jasoko ditut, etorkizunean nahi dituenak ikusi. Baita ere orokorrean Euskal Herriko emaitzei begira azterketa txiki bat egingo dut, beti ere nire ikuspegi arrunt batetik begiratuta, jakina.
Alderdi guztien emaitzei begiratu eta azpimarratzekoa azken aldiko zikloari jarraituz EH-Bildu koalizioak egin duen gorakada eta oraingoan maila handiagoan egiten ikusi dut gainera. Nabaria da egun daukagun testuinguru honetan oso ondo moldatzen dela koalizioa, eta kudeaketa egokia egin duela ere ezin ukatu.
Zaila egiten zait gorakada honen arrazoia bilatzea, baina hauetako bat ezker konfederalak egin duen porrota izango da seguruenik. 6 legebiltzarkide izatetik bakar batekin gelditu da. Nire ustez boto hauek gehienbat koalizioak jaso ditu eta ezin baztertu lehen aldiz bozka egin duen gazteriaren zati handi bat ere berak jaso izana.
Baten gorakada aipatu dut eta orain EAJ alderdiaren beherakadari begiratuko diogu. Alderdi honek 40 urte daramatza Euskadiko gobernua kudeatzen eta ez du arerio zuzenik ikusi orain arte. Euskal Herrian oinarri tinkoak dituela ere nabaria da hainbeste urtean gobernatu ahal izan duelako, baina azken plebiszitu honetara sartu diren gazteekin aria zerbait galdu duela ere esango nuke. Baita ere denok dakigu epe luzeko gobernantzak berekin duela higadura ere.
Demokrazi batean eta epe luzean gobernatzeko lehen aipatu bezala oinarri tinkoak behar dira gizartean eta kudeaketa egoki bat egitea ere ezinbestekoa nire ustez.
Dena den bozkarik gehien berak jaso ditu oraingoan ere, garai bateko gehiengorik gabe jakina. Nahiz eta bozkatuena izan, oraingoan ere beste alderdi batekin elkartu beharra izango du gobernua osatu nahi badu .
Hirugarren PSE alderdia sailkatu da, emaitzei begiratu eta gorakada egin du honek ere. Lehen aipatu ditugun bi alderdi abertzaleen boto mailarik ez du jaso, baina gobernua osatzeko giltza berak izango du seguruenik.
Bi alderdi abertzale hauen artean zaila ikusten dut akordiotara iristea, subiranotasun arloan ez ezik, gizartea kudeatzeko garaian oso ideologia desberdina baitute. Hau da arrazoietako bat PSE alderdiak giltza izatearena gobernua osatzeko garaian. Eta ez dugu ahaztu behar EAJ-PNV alderdiarekin batera zaharrenetakoa dugula hau ere Euskal Herrian.
Laugarren PP alderdia sailkatu da, honek ere gorakada egin du baina gobernua osatzeko garaian ez dut uste garrantzirik izango duenik. Lehen aipatutako alderdi zahar hauek gehiengo osoa dutelako akordiotara iristeko.
Sumar eta VOX alderdiek ere eserleku bana ziurtatu dute legealdi honetarako. Hauek ere ez dute garrantzirik izango gobernua osatzeko garaian, lehen aipatutako arrazoiengatik batik bat. Beraz eserlekua duten guztiak bezala hauek ere hor izango dute aukera beren iritziak emateko.
Harrigarriak Podemos koalizioak lortu dituen emaitzak, 6 eserleku zituen eta oraingoan ez du batere lortu. Koalizio honek barruan izan dituen hika-mikak izan direla errudun esango nuke.
Amaitzeko esan behar, askotan entzun dudala politika egiteko garai berriak datozela legealdi honetan, ongi etorria izango da, gizartea ere garai berrietan sartuta baitago. Politika egiteko garai berri hauek onerako izan daitezela eta ez dadila hitzetan bakarrik gelditu.
Jon Egiguren