AIZARNAKO ESKOLARI AGURRA
Gure eskola zaharra desagertzera doan honetan, goraipamen bat egin gabe ezin gelditu. Eta goraipamena bakarrik ez, zerbait gehiago ere merezi duelakoan nago. Eraikuntza honi amaitu zaio bere epea Aizarnarren heziketan. Orain, aro berriko etxe polit batek hartuko du bere tokia.
Aizarnan jaio garen gehienok hemen hartu ditugu lehenengo ikasketak, maila xumean, beharbada. Baina garai horretan pasa ditugun egun atseginak, egin ditugun jolasak, izan ditugun lagunak, hartu ditugun zigorrak… Zeinek ez ditu gogoan, oraindik ere?
Gogoan hartzekoak dira, izan ere, hemendik pasa diren maisu eta maistrak. Denek utzi dute herrian beren seina edo marka. Hasi ikasgelan mozkortzen zenarekin eta segi sasimaisuekin, Frankoren jarraitzaile sutsuekin, “señorito” trajeatuekin… Eta profesional egokiekin ere bai, noski,denak ez ditugu zaku batean sartuko.
Nobela luze bat egiteko gai faltarik ez luke izango idazle batek eskola honetako pasadizo eta kontuekin.
Ikastetxe honetatik pasa den belaunaldi bakoitzak izango du bere historia kontatzeko. Nik, neuk bizi eta ezagutu dudana azalduko dut ahal dudan egokien.
Gogoan ditut oraindik, eskola honetako lehen egunak, benetan goxoak eta gustukoak. Apaiz bat zegoen maisu egun haietan: Don Juan Epelde, gero misioetara joan zena. Honek bai harreman egokiak zituela txikiekin, gozoki eta guzti!
Geroztik, esaerak dioen bezala, “la letra con la sangre entra” ezagutu nuen nik.
Bigarren maisua, adibidez, aizarnar batekin ezkondu eta bertan bizi zena. Ez nago seguru, baina gudan zauritu eta gero irakasle postua hartutakoa zela ematen zuen. Gozokiekin izandako hartu-emanetatik, gerrikoarekin ematen zituen zigorrak ikusi eta jasotzera pasa nintzen. Trauma haundia izan zen niretzat.
Ondoren, maisu frankista sutsua ezagutu nuen, ondo gogoan dut oraindik. Frankok Espainia salbatzeko barku txiki xaxtar batean pasa zuela “estretxua” kontatzen zigun hormako argazkian zegon gizonari begira. Eta, jakina, guretzat heroi bat zen gizon bibotedun hura.
Halere, urte asko pasa aurretik konturatu nintzen “historio” horrek beste alderdi bat ere bazuela kontatzeko.
Ardoarekin arazoak zituen beste maisu bat ere ezagutu nuen. Goizeko orduak oso astunak izaten zituen eta, bezperan mozkortu bazen, goizean jai ere izaten genuen askotan. Eta gu, eguna joan eta eguna etorri, goizero elkarri galdezka: “hi, atzo mozkortu al huan maisua?”Erantzuna baiezkoa bazen, hura poza! “Bale gaituk! Gaur ere goizean ez diagu eskolarik!”
Baina, ez pentsa eskola honetan dena ezkorra zenik. Emaitza onak lortu dituen eskola izan dela, seguru nago. Aizarnarrok nahiko maila egokia eman dugu edonon, eta bereziak eta diplomatikoak garela ere esaten dute. Diplomazioa hori, eskola honetan hezteak eta bailarako mikroklima bereziak eman ote digu bada?
Agur bat, bada, gure eskola zaharrari. Eta ongi etorri ikastola berriari!
Jon Egiguren
Danbolin aldizkariak argitaratua