ERLIJIOAK IZAN DUEN GARRANTZIA AIZARNAN ETA BERE INGURUAN
Nire ikuspegitik, oso garrantzi handia eduki du erlijioak bailara honetan. Aizarnako bailarak dituen eliza, ermita eta beste eraikuntzak begiratu besterik ez dago horretaz konturatzeko.
Aipagarriena oso antzinakoa den Santa Engraziko eliza dugu. Bere sorreraz datu zehatzik ez badago ere, hamar edo hamaikagarren mendekoa dela esan dezakegu. Adituek diotenez, kristautasuna Euskal Herrira sartu ondorengo lehenengoetakoa da eta gainera eliza honek bere hilerria omen zuen. Oso toki berezian dago kokaturik, mendi puntan eta harri baten gainean. Baina toki desegokian kokaturik egoteak badu bere esplikazioa: badirudi “paganoek” toki honetan ospatzen zituztela beren errito eta akelarreak, horregatik gero kristautasuna sartzean eliza bertan kokatu zen.
Bigarrenik, herrian bertan kokaturik dagoen eliza nagusia dugu. Honen inguruan eraiki zen herria. Aizarnako gehienak bertako pontean bataiatuak gara, bertan egin dugu Lehen Jaunartzea eta dotrinak agintzen duen bezala baita Pazkoakoa ere, Erretore-etxean azterketa pasa ondoren.
Hirugarren eliza Santa Kutz deitzen dioguna da, herrian kokatuta hau ere, eliza nagusiari begira. Garai batean eliza hauek “Tenplarioen” ordenakoak omen ziren. Tenplarioen aberastasuna oso ezaguna izan da, eta egia esan eliza hauek ikusita hala izango zela dirudi.
Herritik irten edo sartzeko bide garrantzitsuenetan zehar dauden ermitak ere ugari dira. Aizarnatik Zestoarako bidean bi badira ezagunak. Bat “Kalbario” deitzen dioguna, gurutze donea du bere irudia, Jesukristoren pasioa gogoratuz. Aurrera jarraituz gero bigarren bat dugu “Kontzesio” deitzen dioguna. Ama Sortzez Garbiaren oroimenez dago hau, bere irudia erretaulan duelarik. Bada hirugarren bat ere bide beraren ertzean, Akua bailara pasa ondoren, baina ezezagunagoa da hau guretzat.
Aizarnatik Errezil edo Tolosara abiatzen bagara badugu Santiago Apostoluaren oroimenez eraikitako beste ermita bat. Aldarean du apostoluaren irudia honek.
Eta Aizarnatik Zarautzerako irteeran berriz, San Pelaioren oroimenezko ermita dugu honek ere apostoluaren irudia barnean duelarik.
Azkenik, San Joan ermita aipatu behar dugu, Zumaia edo Baduara bidean gelditzen dena. Eliza eta ermitak aparte utzita, Aizarnak baditu ondasun gisako beste eraikuntza batzuk ere. Erretore-etxea da bat, elizari elkartuta dagoena eta bertara pasatzeko pasabidea duena. Ormaz ondo hornituriko baratza bat ere badauka. Bestela badira hemen apaiz-etxeak deitzen diegun bi edo hiru etxebizitza.
Kristautasuna Euskal Herrian berandu samar sartu bazen ere, bailara honetan ondo onartua izan zela dirudi. Bere jarraitzaileak eraikuntza ugari landu zituzten erlijio honen izenean gizaldietan zehar, Jainkoa beste aberastasunen gainetik jarriz.
Atzera begira, badirudi eraikuntza hauek ondo bete zutela beren betebeharra, herriko biztanle gehienak izan baitira erlijio honen jarraitzaile.
Aurrera begira, ez dut ikusten lehen bezain jarraitzaile ugari izango duenik,eta bide horretan jarraituz , zein betebehar izango ote dute etorkizunean?
Jon Egiguren