Herriko Elkarteaz...1
KOMISIOA ETA HONEN HELBURUAK
Aizarnan dugun herriko elkartearen etorkizuna bideratzeko, ezohizko batzarra ospatu zen. Han hitzegin ziren gaiak bideratzeko, komisio bat sortzea erabaki du batzarrak.
Komisio honen zeregina batzarraren helburuak ahal den egokien bideratzea izango da.
Komisio hau lanean ari da dagoeneko, eta ekintza batzuk bideratu ere egin ditu. Hoietako bat, herriko alkatearekin eta zinegotzi batzuekin bildu ondoren gure kezkak eta helburuak beraiei agertzea izan da.
Beste bilera bat Aizarnako parrokiak dituen juntakoekin egin dugu eta nahiz eta eztabaida nahiko lasaia izan ez dugu akordiorik lortu eraikuntzaren etorkizunari dagokionean. Baina arazoa bideratu arte, elkartea erabiltzeko eragozpenik ez zela izango baieztatu ziguten aho batez parrokiako juntakoek.
Herri eskolan antolatuta dagoen guraso elkarteoekin ere bilera informatibo bat egin dugu eta herrian kultur etxe baten beharra dagoela agerian jarri ere bai.
Komisio hau lanean jarraitzeko asmotan dabil arazoa bideratu arte eta beste alderdietako zinegotziekin biltzea ere oso egokia ikusten du beraien iritziak jaso ahal izateko gai honi buruz.
Pauso hauek eman ondoren, komisioak idatzi bat adostea lortu du, udaletxeari eskaera bat eginez (bukaeran irakurri dezakezue idatzia).
Gai honi buruzko informazioa ematen jarraituko dut orri honetan, ahalik egokien.
Jon Egiguren
IDATZIA
Alkate anderea:
Idatzi honen bidez jakinarazi nahi dizuegu Aitzbarna Elkarteari parrokiko Juntaren izenean Prontxiok (apaiza) egindako proposamena eta honen inguruan Elkarteak hartutako erabakia.
Aurtengo, 2007ko irailaren 8an eguerdiko 12etan Aitzbarna elkartean egindako bileran Prontxiok Erretore etxeko obren proiektuaren berri ematen du.
Proiektua honela izango dela dio:
Erretore etxea goitik behera hustuko da barrutik. Beheko solairuan apaiz etxea eta Parrokiako beharretarako hainbat gela egingo dira. Lehenengo solairuan bi etxe bizitza, bat handia eta bestea apartamentu bat.
Goiko solairuan, aurrekoaren berdina, baina altuera gehiago emango zaio etxeari.
Elkarteari sotoa eskaintzen dio, dohainik, eta kanpo aldera terraza bat jartzeko aukerarekin.
Jendearen galderei erantzunaz gaineratzen du:
- Parrokiako juntak hartutako erabaki bat da Gotzaitegiaren oniritziarekin.
- Aizarnan etxe falta ikusten delako egin da planteamendu hau.
Gaiaren inguruan eztabaidatu ondoren Prontxiok egindako planteamendua aho batez baztertzen da. Elkartearen kokapen berria ez da onartzen eta horrez gain eraikin osoari eman nahi zaion erabilerarekin jendea ez dago ados. Erretore etxeak herriarentzat herriko ondare beharko lukeela da guztion iritzia.
"Erretore etxea" herriko "kultur etxe" bihurtzea litzateke gure ustetan irtenbiderik egokiena. Horretarako ondorengo argudioetan oinarritzen gara:
- Etxe bizitzen beharra beste modu batzuetara konpon daitekeela uste dugu.
- Herriko ondare arkitektoniko garrantzitsuenetakoa da eta pena litzateke bere zatirik handiena esku pribatuetan ustea.
- Aizarnak edozein herriren antzera "kultur etxe" baten beharra du, haur, gazte, heldu, jubilatu eta erakunde ezberdinen beharrei erantzun ahal izateko .
Gure ustez, Udalak ere badu zer esanik guzti honetan, "Kultur etxearen" planteamendua bere gain hartu beharko bailuke.
Hau guztia kontutan izanik, gure iritzia zentzuzkoa delakoan, zuen parte hartzea eskatzen dugu eta lortu nahi den helburua gauzatu ahal izateko beharrezko pausoak eman ditzazuela eskatzen dizuegu.
Besterik gabe, agur.
Aizarnan, 2007ko irailaren 24an.