Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Bertsopaper lehiaketa Aizarnan

Iazko udazkenean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa zela eta bertsopaper lehiaketa antolatu zen Aizarnan. Guraso-elkartearen ekimena zen eta herri-elkartearen laguntza ere jaso zuen. Lehiaketa honetan edozein aizarnarrek zuen parte hartzeko aukera eta bi mailatan banatu zen : 12 urtetik beherakoentzat eta 12 urtetik gorakoentzat.

Helduen kasuan, parte-hartzaile bakoitzak gutxienez 3 bertso aurkeztu behar zituen eta 6 gehienez. Lehiaketa honetako gaia “Aizarnako eskola”izan zen eta parte-hartzaile bakoitzak nahi adina bertso-sorta aurkeztu zezakeen. Aurkeztutako lanen jabetza Aizarnako herri-elkarteak dauka eta lan hauekin liburuxka bat argitaratu zuen.

Sariak San Tomas egunean banandu ziren eta German Zelaia izan zen irabazlea. Ondoren berak kantatu zituen Kontzejuko balkoitik bertso hauek, ni mugikorrarekin bideoan hartzen saiatu nintzen, baina hutsegiteren bat egin nuen eta ez nuen ezer jaso. Errepikatzea ere askotan pentsatu dut, Germani aipatu ere bai bideoan jaso ahal izateko eta horretan joan zait urtea. Beste hanka-sartze bat ere egin nuen: sailkapenak iritzi atalean sartzerakoan, German Zelaia irabazle jarri behar eta Tomas Bergara jarri nuen, akats handia benetan, baina zuzendu dut eta barkatuko didatelakoan nago.

Orain liburuxka honetako bertsoak PDF formatuan jarriko ditut orrian, bertso zaletasuna bultzatu eta ekintza honetan aurkeztutako bertsoak nahi duenak irakurri ahal izateko.

Egin klik PDF formatuan irakurtzeko

Joan artikuluen zerrenda osora>