Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Beizamako sarraskia

Mutikoak ginela askotan entzun genion gurasoei Beizaman gertatu zen hilketa makabro baten berri. Nik ipuin bat zela pentsatzen nuen hasieran, baina ez, egia zela jakin nuen denbora pasatakoan.

Korosagasti baserriko ama eta bere alaba hilik aurkitu zituzten. Azaroko egun bat zen, igandea eta hamalau. Gorpuak aurkitu zituena Tolosan bizi zen beste alaba izan zen, beti bezala aste bukaeran etxera itzultzean.

Gertaera honen berri jakin bezain laster Bidaniko Mikeleteak inguratu ziren bertara, kasu honen diligentzi guztiak jasotzera. Bildu ondoren, Azpeitiko epaitegia egin zen beraien arduradun. Epaitegiko argiketak diotenez honela gertatu omen zen hilketa: gau ilunean atea jo zuen hiltzaileak eta alaba jaitsi zen irekitzera. Ireki bezain laster arma zorrotz batekin larri zaurituta utzi zuen eta eskailera ondoan erori zen. Ama, hau ikustean, argi farola bat hartu eta laguntza eske irten zuen auzora. Baina han zegoen zelatan hiltzailea eta bidean zihoala gauza bera egin zuen amarekin ere.

Gertaera honek Beizama osoa jarri zuen urduri. Zurrumurru ugari zebilen herrian. Bakoitzak bere irizpideak zituen hilketari eta hiltzaileari buruz eta asko ziren mesfidantzarekin elkarri begiratzen hasi zirenak.

Atxiloketak berehala hasi ziren. Bi ahizpek izan zituzten haserreak zerikusirik izan ote zuten jakiteko, bien senargaiak atxilotu zituzten, auzoko bizilagunekin jarraitu zuten, bailaran lanean ari zen ikazkina era bai, egun batzuk lehenago pasa ziren ijito taldea eta abar eta abar.

Atxiloketak denbora luzean izan ziren, batzuk atera eta besteak sartu. Badira esaten dutenak bere ahizpa atxilotuta egon zen garaian erotu egin zela. Azkenik, erahilketa hauen errudun bezala epaituak auzoko aita eta bere semea izan ziren, nahiz eta froga handirik ez izan esku artean.

Gertaera honi buruz asko idatzi zen bere garaian. "La Voz de Guipuzcoa" egunkariak egunero idazten zuen gertaera honen gainean, epaiketa paraleloak eginez. Urte batzuk geroago Pio Barojak eleberri bat idatzi zuen gertaera hau argudio hartuta, Patxi Erauskinek berriz bertso sorta bat. . Horregatik ere egin zen Beizamako hilketa hain ezaguna.

Hamalau urte igaro ondoren argitu zen gertaera. Itziar bailarako ganadu tratante batek hil zorian zegoela apaizari aitortu zion bera zela hiltzailea. Honek epailea ekarri zuen, legearen aurrean aitortza baliagarri izateko. Epailearen aurrean ere gauza bera aitortu zuen.

Auzoko aita presondegian hilda zegoen ordurako eta semea aske gelditu zen.

Itziarko tratantea epaiketarik gabe joan zen mundu hontatik. Bestean, zerbait bada, zer nolako epaiketa izango ote du?

Jon Egiguren

-----------------------------------------------------------------------------------------

Patxi Erauskinek idatzi zituen bertsoak

*Auxen da era etorri dana
bertso batzuek jartzeko,
kulparik gabe preso egon diran
itsasondotarrantzako;
letra bat ez da izango
inor ofenditutzeko,
eskerrak onak lege-gizonak
zeuzkatela libratzeko.*

*Millaz ondoren bederatzi eun da
ogei ta seigarren urtean,
Azaroaren amalaueanegun senalamentean,
negargarri bat gertatu zana
Guipuzkoa"ko partean,
Beizama erriko korosagasti
baserri etxe batean.*

*Etxe orretan bizi ziraden
ama ta alaba bakarrik,
lanean zintzo saiatzen ziran
egin gabetan oporrik;
egun orretan arkitu ziran
biak ill da otziturik,
Euskalerrian ez da gertatu
askotan orrelakorik.*

*Jazinta odriozola beste alaba
neskame zegona Tolosa",
egun orretako amaikaetan
etxe ortara igo zan;
bere ama ta aizpea illak
billatutzaille bera zan,
aditzerakin ala errira
destetxaetan joan zan.*

*Jazinta bera parte ote zan
jarririk errezoloso,
kulparik gabe egota"re
izan zeikean akaso;
zerbaitegatik sartua zuten
bigarren aldian preso,
ez da gainera libratu ere
garbi jakin arte oso.*

*Agintariak saiatu ziran
nun billatuko usaiak,
ama-alaba il zituztenak
agertutzeko etsaiak;
lendabiziko artu zituzten
ijitano ta artzaiak,
kulparik gabe preso, etzeuden
aien biotzak lasaiak.*

*Andik urrena Itsasondo"ko
Lizarditara jo zuten
aurrean artu Azpeitia"ko
kartzelara zuzen-zuzen;
periodiko batzuek berriz
gezur aundiak zabaltzen,
oiek kulpante ornen zirala
baita"re askok sinisten.*

*Eriotz aiek bateonbatek
egin zituan serio,
esan lezake elkarrengana
asko zutela odio;
aizken orduan guztion aitak
kontuan artuko dio,
zenbait familik negar egin du
kaso ori zan medio.*

*Aita semeak, ama-alabak,
senar eta emaztiak,
izan dituzte oso garratzak
gau t"egun, jai ta astiak;
kulparik gabe eraman bear
oinbeste pena tristiak,
orain etxean libre daude ta
aztu bitzaie guztiak.*

*Ondo dakigu iltzaile oien
billa zorrotz dabiltzala,
denok nai degu gaizki eginak
arren argitu ditzala;
merezi du-tabizia kendu
edo betiko itzala,
kulpa gabe preso egotetikan
Jainkoak libra gaitzala.*

*Maiatz illaren ogei ta batean
ta larunbat arratsian
itzenekoak aita-semeak
erabat libratu zian;
poz-dardara bat sartu zitzaigun
askori bai biotzian,
lo-gurerikan inork etzeukan
oiek errian sartzian
aien biotzak lasaiak.*

*Orra azaldu kulparik gabe
nola egonduak diran,
inorentzako mesederik ez,
familientzat galeran;
onra emanaz bertsoak kanta
mundu guztien aurrian,
iltzaile krimen lapurrik ezta
Itsasondo"ko errian.*

Joan artikuluen zerrenda osora>