Amabirjinak Aizarnan 2014
Aizarnan urteroko Amabirjina jaiak ospatu berriak ditugu eta berauei gainbegiratu bat egingo diet urtero egiten dudan bezala. Lerro batzuetan gertaera nagusiak azalduko ditut eta diaporama bat gehitu dut begien gozamenerako.
Herri txiki hauetako jaietan ez da aldakuntza handirik ikusten urteak igaro arren. Dena den beti ikusten dira aurpegi berriak, eta lehen haurrak ezagutu ditugunak gaur gazte sasoikoak ikusten dira. Hauxe da nahiko berrikuntza eta ezinbestekoa gainera, jai herrikoi hauek jarraitu behar badute behintzat.
Ohitura zaharrei eusten dioten egitaraua izan da aurtengoa ere eta esan behar ekintza denak ospatu direla salbuespenik gabe. Nahiko jarraipen egokiarekin gainera, nahiz eta urte batzuetan ikusi dugun jendetza handiarekin ez izan.
Aurtengo jaietan nabaritu ditudan ezaugarri nagusienak hiru izan dira niretzako: urte garai honetarako eguraldi nahiko freskoa izan dugula, elkartea eraikuntza berrian egonik ospatu ditugula jaiak lehen aldiz, eta oilasko biltzaileek egokitutako kaiola batean jaso dituztela oilaskoak aurten. Era honetan ez dago esaterik animali hauek tratu txarrik jaso dutenik, gainera begira daudenak ere ere ez du sufritzen egoera honetan. Ongi etorri aldaketa berri eta zuzenari.
Esan dugun bezala ekintza guztiak izan dute jarraipen egokia eta ez dut uste denak hemen aipatzerik merezi duenik. Behean azaltzen den diaporama honek nahiko egoki erakusten duelako bertan parte hartu duen gazte talde bikaina, gehi egon den giro atsegina.
Beraz egin begirada bat Aizarnako jaietan egon den giroaz jabetzeko. Ea gustuko duzuen.
Jon Egiguren