Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako erara jantzitako hiru sorginak

Espainiako Errege-erregina Katolikoek Inkisizioaren legedia ezarri eta baliogabetu zuten arte, Euskal Herriko sorginkeria etsaiarekin lotuta ikusi dugu sarritan. Hauen ekintzak kristauen moralitatearen aurka zihoazela leporatu izan zaie. Bada ordea, teoria bat, emakumeei erditzen laguntzen ibiltzen zirela eta senda belarrak ondo ezagutzen zituztenez jendea sendatzen adituak zirela esaten duena ere. Nik teoria hau gehiago sinesten dut.

Beste teoria batek dioenez, medikuntza ofiziala beste bide batetik zetorrela eta belarrekin sendatzen ibiltzen ziren sorgin hauek oztopo zirela medikuntza ofizialarentzat esaten duena. Batek daki egia zein den.

Arrazoia bata edo bestea izan, erlijioa arduratu zen gehien bat emakume hauek gizartetik baztertzeaz, etsaiarekin lotura zuzena zutela leporatuta. Baztertzeko erabili zuen metodoa, oso bortitza izan zen. Denok dakigu sorginkeria leporatu eta emakume asko erre egin zituztela sutan. Euskal Herrikoek ere jasan zuten eraso hau, 11 erre baitzituzten Logroñon.

Pio Barojari irakurritakoa da, begizkoa zuten sorginak bereizteko Euskal Herrian erabili omen zen ondorengo metodoa: herri bakoitzean etxez-etxe ibiltzen omen ziren apaiza, herriko medikua eta udaletxeko zerbitzari bat, begizkoa zutenak bereizten. Nik esango nuke begiko orbanak aurkitzea aitzakia izango zela, aurretik ere ondo seinalatutako emakumeak izango zirela seguruenik. Gogorra benetan.

Euskal Herriko mitologiaz, gehi sorginkeriaz, asko idatzi zuen Barandiaranek eta pasarte ugari jaso ere bai bere idatzietan. Hauetako bat, Iruretagoienak 1921ean kontatu zuena da. Badirudi Iruretagoiena Aizarnatik Zarauzko etxera zihoala eta Txiriboga inguruan hiru emakume ikusi zituela arropa bereziekin jantzita. Gerturatzen hasi, txirrist egin eta lurrera, bat-batean hiru emakume hauek desagertu egin omen ziren begi bistatik.

Kontakizun honetan arraroa egiten zait, jantzita zeramaten arroparekiko egiten duen deskribapena: gerruntze bat (“corpiño”) eta gona luzeak, barrenean uztai zabal batekin apainduta. Aizarnan janzten zen bezala jantzita zeudela esaten du.

Barandiaranek kontakizun hauek entzun eta Zarautz aldera jo zuen, baserritarrei galdezka ibili ere bai, zerbait gehiago jakiteko asmoarekin. Baserritar hauen esanetan, badirudi gertaera hauek, ohikoak zirela bailaran.

Inkisizio garaiko pertsekuziorik gabe, hiru sorgin hauek, hiritik kanpo bizi omen ziren txabola batean eta izen hauekin ezagutzen omen ziren: Nerea, Errotzale eta Aintza. Haurren gaixoak sendatu, uzta gaitzetik salbatu, begizkoa kendu eta antzeko eskaerekin hurbiltzen omen ziren biztanleak berauengana, beti ere arazoen mailako opariekin (oiloa, arkumea, txerria …).

Ostegunetan irteten omen zuten txabolatik, jantzi luze bereziekin. Hauekin jantzita ikusiko zituen nonbait Iruretagoienak hiru sorgin hauek, eta honen esanetan Aizarnan janzten omen ziren horrela.

XXgarren gizaldiko hasieran zendu omen ziren hiru sorgin hauek, jaiotza agiririk ez eta hilerriko hezurtokira bota omen zituzten berauen gorputzak. Sorginak bezala ezagutzen zirenez elizkizunik ere ez zieten egingo seguruenik eta hilerrian lurperatu ere ez jakina.

Zarautz inguruan bizi, Txiriboga aldean ikusi eta Aizarnako erara jantzita ibiltzen ziren, kontakizuna irakurri eta zalantzak ditut hiru sorgin hauen jatorriaz. Dena den Aizarnako erara janzten baziren posible izango da Aizarnakoak izatea ere.

Baita ere zalantzak ditut kontakizun hau, Euskal Herriko mitologia barrenean sartu edo benetako sorginen jardueran, bietako jarduerak ikusten baititut. Zalantzak ditudanez ez naiz ausartzen iritzirik ematen eta bakoitzak erabaki dezala non kokatu.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>