Aizarna pauso berriak ematen
Urte berria hastera goazen honetan, joan denari gainbegirada bat egingo diogu gaurkoan. Nabaria da 2005ean pasatu zen Olentzero oso borondate onarekin pasa zela herritik, erregali egokiak oparituz bertako biztanleei.
Herriko eskolan umeek egin eta balkoian eseri zuten Olentzerok beraien eskaerak entzungo zituen, edo eguberri osoak bertan igaro ondoren bertan egiten diren tertulietan, herriak dituen gabeziak entzun zituelako izango da behar bada.
Gainera oso erraza izango zuen entzutea, Aizarnak dituen gabeziak aho askotan izan baitira hizpide. Aizarnaren etorkizuna ere askotan jarri dugu zalantzan, egia esan herri bezala aurrera pauso handirik ematen ez dugu ikusi azken urteetan.
Aurtengo urteak hautsi ditu zalantzak, itxura berri bat hartzera doalako Aizarna. Bere garapenean salto handi bat eman du: etxebizitza berriak, zaharren berrikuntzak, eta herri eskola berri bat ere martxan jartzera doa bertako umeentzat.
Ez dira urte asko oraindik pilotaleku berri bat lortu zela herrirako, honek ere asko lagundu dio herriari bere osatze lanetan. Orain eskola berriak lortzen ditugu, biak (frontoia eta eskola) eraikuntza publikoak, biak oso beharrezkoak herrirako. Biztanle kopuruaren arabera lortu dugunarekin gustora egoteko moduan gara Aizarnarrak.
Eraikuntza pribatuan ere mugimendu handiak ari gara ikusten aurtengo urtean. Hamabi etxebizitza berri martxan jarri dituzte bertako gazteek, eta kaskoan Etxeluze birmoldatuaz lau etxe bizitza berri eraikiko dituzte.
Lehenago ere beserriak eta kalean diren etxe bizitzak birmoldatuak dira gehienbat, estetika polit bat ematen lagunduz herriko kaskoari.
Lehen aipatutakoez gain bi inaugurazio berri ere gehitu behar dizkiogu aurtengo urteari: elizarena eta landa-etxe berriarena. Komunikazio mailan berriz, internet sarean “wifi” bidez erabiltzeko aukera dute herritarrek, hau ere aurtengo urteari atxeki behar.
Aizarna pauso berriak ematen hasi zaigu, aspaldiko urteetan biztanleriak izan duen beherakada amaitzera doa. Astebukaera igarotzen dutenez gain, orain bertan egonkortasuna nahi duten gazteak ere baditugu herrian, eta hauek eman diezaieke jarraipena Aizarnak iraganean izan zuen mugimendu xarmantari.
Bazirudien erakunde publikoak ahaztuta zutela Aizarna, baina ez, azkenean badirudi Zestoako auzo polit honekin zerbait gogoratzen hasiak direla. Hala eta guztiz ere ditugun gabeziak erreibindikatzen jarraitu beharra daukagu, bizimodu hatseginago bat lortu ahal izateko.
Aurten Olentzerori ez diogu eskaerarik egingo, aspertu ez dadin, baina herriko beharretarako elkarte polit bat lortu eta pake prozesua ondo finkatzea eskatuko diogu opari bezala Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeei 2007garren urterako.
Gabon zoriontsuak eta urte berri on.
Jon Egiguren