Aizarnatik Lasaora ibilbidea.
Aizarnako enparantzatik irten eta Lasaora bitartean ez dago zailtasunik ibilbide honetan, kotxeak ibiltzen diren pista batean egingo dugulako gehien bat. Itzuleran aldapa txiki bat igo beharra daukagu, baina bide atsegina denez nekea ez dugu sentitu ere egingo. Paisaia politekin gozatzeko aukera dago eta gonbidapen bat luzatzen diet mendi zale guztiei ibilbide hau ezagutu eta berarekin gozatu dezaten.
Aizarnan, Santa Engraziako errepidea hartuko dugu, berehala Lasaora eramaten gaituen baserri bide edo pistan jarraitzeko eta berauei begirada bat eginez hasiko gara bidaia hau egiten.
Eskuin aldera begiratu eta lau aldetara teilatua duen baserri bat ikusiko dugu ,hau Apategi izenarekin ezagutzen da, esaerak dioenez etxe honetako ahariak jaso omen zuen Santa Engrazia ermitako kanpaia. Sinestea ere zaila egiten da, honek duen tamaina eta pisua ezagutzen badugu. Esaera hau oso aspaldikoa dugu Aizarnan eta sinetsi edo ez bakoitzaren esku utziko dugu.
Bideak aldapan gorantz egiten du eta zuhaitz artera sartzerako atzera begirada bat egingo dugu, Aizarnako kaskoa, zelai berdeak eta paisaiak duen xarmarekin gozatzeko. Argazki kamera baldin badugu irudi bat ateratzeak merezi du edo bestela barruan gordeko dugu, seguru ez zaigula ahaztuko. Eskuin aldean ikusten dugun basoak, "gaztainditxulo" izenarekin ezagutzen da nahiz gaur gaztaindiarik ez ikusi, izenak agerian jartzen du zeintzuk ziren zulo honetako zuhaitz motak.
Aldapa txiki bat igo eta gain batera iritsiko gara, hemen bide gurutze bat ikusiko dugu, Akoara eta Zestoara darama eskuin aldetik, hau utzi eta aurrera jarraituko dugu, baina ez eskuin aldean dauzkagun baserri eta zelaiei begirada bat egin gabe.Gain politak ikusteko aukera daukagu hemen, Ezenarroak eta Agiña baserriak dituzten zelaiak eta abar, hauei begira ez dugu denbora asko galdu behar, itzultzerakoan ere ikusteko aukera izango dugu eta.
Bidea ordekan jarraitzen du, hegaletan insignisa pinuak nagusitzen dira, tipi-tapa goazela berehala Legoia baserrira iritsiko gara, gertu igaro behar dugunez begirada bat egingo diogu berari.
Konturatuko gara baserria aldapan kokatuta dagoela eta bere lurrak ere aldapatsuak direla, lanerako ez oso erosoak, baina denok dakigu horrelakoak gehiago ere badira Euskal Herrian.
Ordekan jarraitzen dugu, mendi gailur eta inguruan ditugun basoekin gozatuaz eta konturatu ere egin gabe gabe Ilurdan goiko baserrira iritsiko gara, hemen bideak behera egiten du eta Ilurdan beheko baserri atarian kokatzen gara berehala. Hemen aurrean ikusten den gailurra eta malda Anatxan mendiarena dira gehienbat . Garai batean bi baserri zeuden mendi honen magalean eta urte asko atzera joan gabe biztanleak ere bai bertan, gaur egun basoa besterik ez dugu ikusiko.
Behera jarraitzen duen bide honetan ez dugu denbora asko egingo Elarritza errekaren doinuak entzun gabe, erreka zeharkatzen duen zubi txiki batera iristen garenean ez dugu zeharkatuko urak sortzen duen doinua entzun eta bere garbitasunari begiratu bat egin gabe .Honelako erreka garbiak ez bai dira non-nahi ikusten.
Lasaora eramaten gaituen errepidean sartzen gara hemen, baina ezker aldera egingo ditugu pauso batzuk kontra bidean alegia. Hemen Otola baserria daukagu bide ertzean eta garai bateko zerratoki, granja edo abere tokiak ere agerian dauzkagu. Zuhaitzak ez digute ikusten utziko behar bada, baina ipar aldera begiratzen badugu Itzira baserriak eta Sorabil-berriko lurrak ikusi genitzake, magal honetan kokatzen dira eta.
Egon aldi txiki bat egin ondoren erreka ertzean kokatzen den errepide honetan goitik behera abiatuko gara eta Lasaora iristen garen arte, honen ertzean egingo dugu bidea. Urak sortzen duen susurroa entzunez eta bere gardentasunari begira.
Bide zati honetan ere baditugu baserri eta eraikuntza bereziak, hauetako bat Elarritzagoenako errota dugu. Eraikuntza honek desagertzeko ere ez du asko falta, baina oraindik agerian dira ura biltzeko zituen presa, harrizko turbina, alea irintzen duen harri borobila eta errota kokatzen zen etxola.
Aizarnako ale asko irindutakoa dugu errota hau, bidaia luzea egin behar hona iristeko, baina Aizarna kokatzen den zabaldian urak indarrik nola ez duen, irten egin behar indarra duen lekura. Dena den Aizarnako errota zahar honek, irindu zuenarekin, talo ugari egingo zen bailaran eta sabel ugari ase ere bai.
Garai haietako bizimodua gogoratuaz, jarraitu egingo dugu tipi-tapa errepidean eta pauso asko egiterako eskuin aldetik Olaberri baserria ikusiko dugu. Gaztaina egurrarekin otarra ugari egin zen lekua dugu hau ere, Aizarnako eta inguruak hornitzen urte asko egin zuen baserria daukagu gure aurrean.
Elarritza barrena baserriaren albotik igaroko gara eta ondoren Lasao, hemen geldialdi txiki egingo dugu auzo polit hau zerbait gehiago ezagutzeko asmoarekin.
Auzo txiki eta polit honetan baditugu eraikuntza interesgarriak, eliza,frontoia, garai bateko markesaren bizilekua eta auzoaren lasaitasuna sentitzeak ere ez digu kalterik egingo. Urola ibaiaren zubi gainetik urak daraman abiadura eta galgari begirada bat egitea ere merezi du, honaino etorri garen ezkero.
Ibaiak zatitzen duen auzo honen bereizitasunak jaso ondoren Elizaren atzean dagoen zubi txiki bat zeharkatu eta Aizarnarako bidean jarraituko dugu. Esan genezake Lasao urruti dagoela Aizarnatik, baina bere lurrak zubi honetan omen zuten muga. Aizarnako lurrak. zabalak ziren nonbait.
Zubia zeharkatu bezain azkar aldapan gora egin beharra daukagu, igotzen ari garela atzera begirada bat egiteak merezi du, hemendik ikuspegi ederra daukagu, Lasao oso-osoan ikusten da eta Izarraitz mendia ere gertu-gertu dagoela irudituko zaigu.Hauei begira goazela aldapa dagoenik ere ez gara konturatuko.
Aldaparen erdian Trukuman baserria daukagu, baserri honetakoa zen Trukuman petrikilo famatua, bailarako hezurrak konpontzen urte asko egin zituen famili honek, esan genezake Aizarnako anbulatorioa zela garai batean.
Garai bateko sendagileen baserria utzi eta berehala gara gailurrean eta pista batean jarraituko dugu Igartza baserrietara iritsi arte. Gune honetatik Ipar aldera begiratzen badugu Ertxina mendiaren malda osoa ikusi genezake eta Zestoa bailarako lur saila ugari ere bai.
Zestoatik, Aizarnara doan pista honetan jarraitu eta hegaletan bi baserri ikusiko ditugu, Ereiño zahar eta Ereiño berri. Baserri hauen artetik pasako gara, haritz zahar eta perretxiko toki berezien artean jarraituko dugu aurrera.
Bide gurutze batean Agiña jatetxearen norabide seinalea ikusiko dugu, nahi duenak hurbildu besterik ez du gain polit honetako paisaiarekin gozatzeko.
Gailur polit hau ikustera joan edo ez bide bera jarraitu behar dugu eta bertara itzuliko gara berriro. Ezenarro baserrien ondotik pasatzen garenez beraiei begiratu bat egingo diogu eta lehen utzi dugun bide gurutzera iritsiko gara berehala. Bide gurutze honetan Aizarnara jaisteko bidea hartuko dugu, irten dugun toki berean ibilbide honi amaiera emateko.
Jon Egiguren
·