Aizarnatik Erdoiztara ibilbidea.
Aizarnatik Erdoiztarako ibilbide honen lehen zatia, Santa Engrazia ermitarakoan egiten dugun bera da, Aizarnan hasi eta ermitarako bidegurutzera iritsi arte.
________________________________________________________
Aizarnatik irten eta berehala ikusten dira bide ertzean ura irentsi eta irentsi ari diren zuloak. Eguraldi euritsua ez bada ez dira entzuten erortzean ateratzen duen zarata, baina elementu isurkari honek urteetan zehar egin dituen zuloak, begi bistan dauzkagu.
Hauez gain badira Aizarnan beste eztarri batzuk ere, irentsi eta irentsi ari direnak, eta eskerrak hauei, bestela gaur ikusten den bailara polit hau urak estalita egongo litzateke.
Ez dakigu egia den hala ez, baina Aizarnan beti esan ohi da Zestoako Bainuetxe inguruan irteten direla hemengo zuloetan sartzen diren urak.
Bailarari begiratu besterik ez daukagu auzoa zulo batean dagoela kokatuta ikusteko, eta urak ez duela beste aukerarik ihes egiteko. Beraz zulorik ezean laku handi bat izatera iritsiko litzateke.
Aldapa igotzen hasi eta bide ertzean Aranguren baserria daukagu, urteetan zehar sagardo ugari egin den baserria. Horretarako erabili diren tresneriak agerian ditu "mandioan" eta egin diezaiegun begirada bat, gure arbasoek sagardoa nola egiten zuten nozio txiki bat hartzeko balioko du eta.
Eskuin aldera begiratzen badugu, " Ergoin" deitzen diogun bailara daukagu. Eremu honetan ere badira baserri polit eta egokiak, baina malda malkartsuak ere bai. Hemen ere merezi du egonaldi txiki bat egitea, begiak asko gozatzen baitute paisaiarekin eta natura zalea bazara, gehiago oraindik.
Errepidean gora goazela gailurrean dagoen Santa Engraziako ermita gero eta urreago ikusten da eta bere kanpai hotsak hobeto entzun ere bai. Baina gailurrari begiratzea utzi eta ezker aldera begiratuz gero hor, Egaña baserriak ikusiko ditugu.
Egaña abizenak hemen du jatorria eta abizena bakarrik ez, gizon ospetsuen jatorria ere bai. Hauetako bat Pedro de Egaña dugu, Isabel II Erreginaren ministro izatera iritsi zena.
Baso eta zuhaitzei begiratuaz berehala iritsiko gara ordeka txiki batera, eta bertan ondo zaindutako ermita bat dago, Karmengo Amari eskainitako erretaularekin. Aspaldiko ohitura da txanpon batzuekin laguntzea eta borondateak jarraitzen badu, seguru gaur egun duen itxura egokia urte askotan izango duela.
Gain honetatik hegoaldera begiratzen badugu Izarraitz mendiaren maldak ikusten dira eta sortaldean Gazume mendiarenak, hau dena paisaia polit baten barruan eta zelai berde ederrez inguratuta.
Atseden aldi txiki bat egin ondoren, Karmengo amari eskainita dagoen ermitari agur egingo diogu Erdoiztarako ibilbidean jarraitzeko eta berehala gara "Atxota" baserri atarian berari begira.
Hemen ezker aldera begiratzen badugu zuhaitz tontorretan kokatuta dauden uso postu edo ehiza lekuak ikusiko ditugu, udazkenean ehiztariak erabiltzen dituztenak dira hauek eta naturarekin nahiko egoki nahastuta ikusten dira gainera. Usoen emigrazioak zaindu ondoren, ehizan egun borobilak lortu ahal izateko egiten dituzte leku edo postu hauek.
Hauei begira eta zuhaitz artean goazela, berehala iritsiko gara bidegurutze batera, hemen Erdoiztarako bidea hartuko dugu, ezkerrera doana alegia. Mendi hegal aldapatsuan kokatzen den errepide honetatik ere, paisaia paregabeak ikusteko aukera dagoenez atsedenaldi txiki bat egingo dugu, zuhaitz artetik irten eta bailara egokien ikusten dugun lekuan, alegia.
Granada errekara jaurtitzen duten ur jario ugari ere ikusten dira bide bazterretan eta udara lehorra izanagatik inoiz agortzen ez direnak gainera, Ernio mendiaren jarioak dira eta erreka osatzeaz gain, malda hauek asetzeko ezinbestekoak.
Erreka honek daramazkien urak ezingo ditugu ikusi hemendik, zuhaitzek estaltzen dituztelako berauek, bai ordea emari handia daramanean sortzen duen doinu atsegina entzun seguruenik. Ez hori bakarrik erreka honen eraginez eta higadurak sortu dituen mendi hegalak ere agerian ditugu aurrean, Pagoeta mendiarena alde batean eta bestaldean Egaña mendiarena. Honen magalean kokatzen da Amalda kobazuloa ere,. historia aurreko gizonen bizileku eta hauen aztarna ugari aurkitu diren leku famatua.
Eskuin aldean, Pagoeta, Altzola eta Bedama bailarak ikusten dira, Erdoizta ere bailara honi dagokio. Pagoetako mendi malda honetan zuhaitz gutxi ikusten da gaur egun, baina seguru garai batean pago ugari zuela bere magalean, Altzolarasko burdinolak hornitzeko txondorra asko egin baitzen malda honetan eta urte pila batean gainera.
Lasai lasai eta asko behartu gabe iritsiko gara Erdoizta auzora. Ezer baino lehen egingo duguna, auzoak duen ermita borobilari begirada bat egitea izango da, Euskal Herrian honelako baseliza gutxi direlako batik bat. Beraz egin diezaiegun begirada luze eta zorrotz bat, auzoaren erlijiotasunaz jabetzeko.
Baseliza honek, arkitektura neoklasikoa du eta 1808 urtean eraiki zuten, Pedro Manuel Ugartemendia arduratu zen horretaz. Gaur egun Euskal Kulturaren ondare bezala izendatua dago.
Ermita Isidro deunari dago eskeinita eta jaiak ere egun honetan ospatzen dira auzoan, nekazarien zaindari denez, egoki aukeratu zuten santua, bailarako bizimodu gogorra arindu eta nekazaritzan etekin egokiak lortzen laguntzeko.
Eskola txiki polit bat ere ikus liteke bertan, bailarako haurren heziketan erabilitakoa, gaur egun bailarako heziketa ez dago nonbait honen beharrik eta hutsik ikusten da. Ondoan eraikuntza handi bat, bi baserrik osatzen dutena, baserriaz gain benta ere bazen garai batean. Atarian eta egoki zainduta , ogia egiteko labea, garai bateko langintzaren ezaugarri. Gaur egun, benta honek ez du zerbitzurik ematen San Isidro jaietan ezik
Orain arte ikusi ditugunak eta zerbait gehiago ere ikusi eta sentitu liteke ermita inguru honetatik, baserri, baso, mendi tontor eta txorien hegaldiei begiratuaz, denboraren zentzua galdu egiten dela esango nuke leku honetan.
Erdoizta ezagutu eta ibilbide honekin gozatzeko, gonbidapen bat luzatzen diet mendizale edo naturarekin gozatzen duten guztiei.
............................ ............................ ............................ ............................
Jon Egiguren