AIZARNAKO ORGANOA ETA ORGANO-JOTZAILEAK
Danbolin aldizkariak argitaratua 151zK.
Aldizkarian toki faltarengatik murriztuta argitaratu zen artikulu hau, hemen osoan azaltzen dut.
Aizarnan Elizako koruan daukagun organoa oso berezia omen da, hala esaten dute behintzat adituek. Berezitasun honen ezaugarri nagusiak hauek omen dira: egitura barrokoa duela, lehenetakoa dela eta gutxi daudela gaur egun honelakoak Gipuzkoan.Hau horrela bada, ez dut uste behar bezala jabetzen garenik, organo hau aberastasun bat baita Aizarnarako.
Tresna honen betebehar nagusiena Jainkoa goretsiaz elizkizunak atsegin bihurtzea izango zen eta helburu hau hainbeste urtean egoki bete izanak, goraipamen txiki bat merezi duela esango nuke.
Gaur egun elizetan ikusten ditugun organo handi eta dotore hauek XVII eta XVIIIgarren gizaldikoak dira eta Aizarnakoa ere garai honetan eraiki zen. Artxibo eta argitaratuta dauden data historikoei begiratuz gero Zestoako organoaren lehen aipamena 1784. urtean ikusten da, Arroakoa 1785. urtean, eta Aizarnakoa 1792 urtean. Donostiako organogile zen Manuel de Betolaza arduratu zen hiru tresna hauek montatzeaz.
Bailaran eta urte gutxiren barruan montatu ziren hiru organo hauetatik Aizarnakoak bakarrik jarraitzen du zutik eta lanean, besteak aspaldi desagertu ziren. Urte pila hauetako lanen eraginak, doinua takartu eta mantenimendu lanak egin beharrean gertatu da tresna hau ere, bata 1880. urtean Jose Amezua Azpeitiarrak egin ziona eta bestea, 1982. urtean Hernaniko Alejandro Usabiagak, beti hasieran zuen egitura errespetatuz. Egin zaizkion aldaketak hobekuntzak lortzeko izan dira, adibidez: haizea sortzeko zuen auspoa eskuz landu behar zuen lehen eta orain haizegailu elektrikoz baliatzen da.
Aizarnako parrokiako artxiboek diotenez, organo hau egiteko hitzarmena 1792.urtean Juan de Zabala eta Josehp Antonio de Olascoaga komisionatuek sinatu zuten Manuel de Betolaza Donostiako organogilearekin. Hitzarmen honetan ondo azpimarratzen dituzte bete beharreko baldintzak: teklatua eta beraren sostengua oso sendoa izan behar zuela, tutuak burni garbi eta onarekin eginak egon behar dutela, hauek manipulatzeko behar zituen tresneri guztiak neurriz ondo osatuak eta sendoak izan behar zutela, hiru auspo eta berauek material lehor eta onarekin eginak izan behar dutela, eta abar.
Hitzarmena 8900 dukadotan itxi zuten, baina Betolazak emandako neurriekin tresneria gorde eta apaintzeko behar zuen kaxa egitea, Aizarnako parrokiaren esku gelditzen zen. Baita honetaz arduratu ere, eta ez nolanahi gainera. Intxaur eta gaztainondo noblearekin egin zuten kaxa eta gaur egun ere kaxa berak apaintzen du tresneri guztia eta nahiko ondo konserbatzen da oraindik. Lanak amaitzean Joakin Unzueta Arantzazuko franziskoarrak probatu zuen eta badirudi onarpena eman zuela.
Hiru hauetatik, Aizarnakoak bakarrik bizirik irauteko arrazoiak baliteke hemen aipatu ditugun baldintza hauek izatea eta Aizarnan honelako artisau lanak zaintzeko dugun ardura gehitu behar.
Tresna honek duen berezitasuna izango zen behar bada arrazoia 1971. urtean SanTelmo museora eraman nahi izatea, baina Aizarnako parrokianoek ez zuten ondo ikusi proposamena eta atzera bota zuten. Oso ondo egina! Bestela organo txiki edo moderno batekin egongo litzateke orain Aizarnako eliza. SanTelmo museoan erakusteko interesgarria bada Aizarnan ere hala izango da eta zer hobea bere sorlekuan egoki apainduta ikustea baino.
-1792. urtean eraiki eta 2014. urtera iritsi bizirik, 222 urte lanean Aizarnako elizkizunak alaitzen. Bada zerbait mugimendua duen tresna batentzako. Bi gizaldi eta laurden beteko ditu 2017. urtean eta urte muga honetan merezita dauka honek ere omenaldi txiki bat. Organo zahar hau aberastasuna bada Aizarnarako, honekin lan egin duten organo-joleak ez dira izan gutxiago. Urte pila hauetako organo-jole denen datarik ez dut aurkitu, baina idatzietan aipatzen direnak, gehi ezagutu ditudanak aipatu gabe ezin dira utzi. Hauek ere musika tresnarekin batera Aizarnako historia osatzen dutelako batik bat.
Lehen aipatu dugun Joakin de Unzuetak inauguratu zuen 1792.urtean; Jose Gaspar Egiburu ikusten da 1888.urtean; Tomas Lizaso 1917.urtean hasi eta 1952. urtean jubilatu zen arte, honek organo-jole bakarrik ez, eliz-zain gehi koroa ere berak zuzentzen zuen. 1952 urtetik 1955 urte bitartean Mari Karmen Epelde ikusten da; 1955 urtetik 1973.urtera Antonio Egiguren eta ondoren gaur egun ere lanean ari den Itziar Egiguren.
Azken 60.urteko organo-joleak "Diyone" familiakoak ikusten dira Aizarnan eta bolondres gehien bat. Famili honetan aspaldikoa dute musikarako grina eta zaletasuna. Aizarnan jaio ziren Antonio Egigurenen osabak, musikari adituak izan dira, bata organo jole eta musika irakaslea Ordizian eta bestea organo-jole eta konposaketa lanetan ibilia Santanderren. Antoniok etxean zuen pianoa eta hauengandik hartu zuen musikarako grina eta jarraitu egiten du bere iloba Itziarrekin.
Hiru belaunaldi musikarekin lotuta eta laugarrena martxan, bada esaera bat erdaraz "De la casta le viene al galgo" eta famili honek ondo baieztatzen du esaera hau. Herriari egin dioten ekarpen hau ez dakit ondo errekonozitu dugun auzotarrak, baina barruan daramagula seguru nago behintzat.
Organo-joleak eta tresnaren ezaugarriak ezagutu ondoren, soinu berezia duen jakin nahi eta zein egokiagoa, gai honetan eskarmentua duen Itziar Egigureni galdetzea baino. Honek argi eta garbi erantzun zuen, organo handi eta dotoreak probatu dituela beste elizetan, baina Aizarnakoak duen doinu goxoa eta elizako hormaren laguntzaz sortzen duen giro atseginarekin gelditzen da.
Organo berezia berriztatuta dagoen eliza polit batean, organo-jole gaztea elizak dituen beharretarako, biak dira aberastasun bat herrirako eta herriak eskatzen duen bitartean jarrai dezatela doinu goxo honekin elizizkizunak atsegin bihurtzen, hauxe zen tresna honen helburua eta. Itziar Egigureni eskerrak emanez amaituko dut idatzia, berau osatzeko izan duen jarrera eta eman didan laguntzarengatik.
Idatzirako jaso ditudan datak, liburu hauetan dute jatorria.
Apuntes historicos de la villa de Santa Cruz de Cestona.
Organos de Gipuzkoa.
Zestoako musika historiaren konpasean.
Jon Egiguren