Uztapideren bertsoak Santa Engrazian
Behean argitaratzen ditudan bertso zahar hauek Xabier Unanueren eskutik jaso ditut, berauek Santa Engraziako bentan kinto bazkari batean kantatu zituen Uztapidek. Aspalditik du Xabierrek bertsoak jaso eta argitaratzeko zaletasuna eta Aizarnako bertso zaleek ere seguru eskertuko diotela arlo honetan egin duen lana.
Bertso hauek, esan bezala, 1925ean kinta bazkarian kantatu zituen. Bera kinta honetakoa ez dugunez, espresuki ekarriko zuten Oiartzundik kantatzera. 1960 urte ingurukoak izanik, garrantzi handia zuten kinto bazkariek garai horretan. Badirudi bertso hauek kasete batean grabatutakoak direla eta hitz bat edo beste ez zituela ondo grabatu. Hala ere nahiko ondo ulertzen da berauen esanahia.
Benta honek hitz-egiten baleki, auskalo zenbat bertso tertulia eta bitxikeria kontatuko lituzkeen, bailarako elkargunea urte askotan izandakoa baita. Lagunarte ugari egiten zen tokia izanik, bitxikeria ugari ikusitakoa seguruenik. Lagunarteko momentuak, erromeriak, neska laguntzeak... bitxikeria politenak neska laguntze ondoren mutilak kontatutakoak seguruenik. Batek esango zuen “niri eskua sorbaldan jartzen utzi dit”, besteak “niri gerritik”, edo agian “niri agurtzerakoan muxu ematen utzi dit”, eta abar eta abar. Elizako konfesatoki bat txiki geldituko litzateke honen ondoan.
Esan behar benta honetan Santio egunez egiten zirela jaiak. Erromeria, herri kirolak eta beste hainbat ospakizun. Seguru bertso ugari kantatu direla urteetan zehar, baina teknologi berri hauek iritsi aurretik idatzita bakarrik jasoko ziren ordea.
Hauez gain, beste lau bertso ere jasotzen ditut, Nikolas Zendoiak aurkeztu berri duen “Laino guztien azpitik “ liburuan argitaratuak. Berauek ere Santa Engraziako ermita eta bentari eskainitakoak direnez, webgunean jasotzea merezi dutenak alegia. Bertso hauetan Sorozabal soinu jolea aipatzen du, batek daki honek zenbat erromeri alaitu zituen bentako atarian. Erromeri hauek ezagutu ditugunok, merezitako aipamena dela esango genuke.
Jon Egiguren
_______________________________________________________________