Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Andres de Urdaneta ospetsuaren bidaiak

Aizarnako gune askotatik ikusten da Urdaneta eta San Pelaio ermitatik begiratzen badugu harrikada batera dagoela ematen du auzo honek. Urdaneta itsasgizon famatuarekin lotzen nuen orain arte, bailaran honetan jaio zelakoan, baina beraren gain idatzi berria den liburu bat irakurtzeak atera nau ikuspegi honetatik.

Tolosan ere Urdaneta izenarekin badagoela baserri bat esaten du eta Aiako auzo batek ere izen bera duela. Hala ere bere jaiotetxea Ordizia aldeko baserri batean kokatzen du, han azaltzen baita lehen aldiz abizen hau eta Tolosa aldean ere bai, baina ziurtagiririk ezean ezin da hau zuzena denik egiaztatu.

Dakiguna da, auzo honi Urdaneta deitzen diogula eta baliteke loturaren bat izatea edo bestela pertsonaia honen abizena jartzea erabaki zuten bertako biztanleak.

Urdaneta mutiko bat zela itsasoratu zen 17 urterekin eta ordurako heziketa maila handia zuela erakusten du, bere idatziak letra egokiarekin azaltzen dira. Heziketak non egin zituen argibiderik ez da aurkitzen, orain arte behintzat.

Itsasoratu zen espedizioa Karlos I Erregeak agindu zuen 1525 urtean, A Coruñatik irten zuen espedizio honek eta Filipinetako islak bereganatzea zuen helburu. Zazpi ontziek osatzen zuten espedizioa, hauetako bat Sancti Espiritus izenarekin, 240 tonakoa eta Bizkaian egina gainera. Hemen itsasoratu zen Urdaneta mutiko bat zela, itsasontziaren buruzagia Elkano zelarik, honen hiru anai eta koinatu bat ere bertan itsasoratu ziren.

Bidai honetan izugarriak ikusi zituen Urdanetak, Magallanes estura zeharkatzerakoan ekaitz bortitzak jasan zituzten eta itsasontzi bat baino gehiago hondatu ziren bertan. Urdaneta zeramana era bai, beste batean jarraitu behar izan zuen. Elikagaien gabezia eta eskorbutoaren eraginez gutxi batzuk bakarrik iritsi ziren espedizioaren helmugara.

A Coruñatik 1525.urtean irten eta 1535.urtean itzuli zen Lisboara, beraz hamar urtean Filipinetako itsasoen eta inguruko isla ugariren txostenak jaso zituen. Bertako neska batekin alaba bat ere izan zuen eta ekarri ere bai Euskal herrira datuek diotenez.

Espedizioa amaitzerako gaixotu zen Elkano, bere heriotzaren lekuko dela uste da Urdaneta. Getarikoari azken nahiak idazten bera izango zen behar bada, honek idazteko zuen egitura berarekin idatzita ikusten dute testamentu hau adituek. Biak ere ondo ezagutzen zuten Aizarnan dagoen Santa Engraziko ermita eta honi laguntzeko utzi zituen txanponak Elkanok. Honek agerian jartzen du zenbateraino maite zituzten bailara hauek.

Portugaleko itsasontzi batean itzuli zen Lisboara eta honek idatzita zituen itsasbide eta mapa guztien kutxatila kendu egin zioten, baina badirudi buruan ere bazuela beste kutxatila bat gordeta eta berriz idatzi behar izan zituen Espainiako adituei ezagutzera emateko.

Idatzi zituen txosten eta margotutako itsas bideak oso garbi erakusten zuten Fuilipinetako islan berri eta nondik nora nabigatu bahar zen ere bai bertara iritseko. Jakinduri hauek Erregearen kartografiako adituei eta itsas gizon jakintsuei erakusten igaro zituen urte batzuk, irakasle lanak egin ondoren Mexiko aldera joan zen, hemen Agustindarren abitua hartu eta hauen komentuan jarraitu zuen bere ikasketak osatzen.

Filipinetako lurrak ezagunak ziren, baina itzulerako biderik ez zuten aurkitzen eta horretarako antolatu ziren espedizio guztiak porrot egin zuten,baina Urdanetaren jakinduriak oso ezagunak bai ziren Espainian eta Felipe II erregeak honen jakinduriaz baliatuz beste espedizio bat antolatu zuen itzulerako bidea aurkitzeko eta honek bai aurkitu ere.Legazpi" itsas ontziaren buru zagi zela irten zuen Mexiko aldetik eta Acapulcora itzuli zen sano eta salbu, itzulerako bidea aurkito ondoren.

Espezia ugari zegoen lurralde haietan, mineral preziatuak ere bai. Europa guztia zegoen merkataritza honen atzetik eta Urdanetari esker lortu zuen Espainiak ohiko hartu-eman hauek lortzea, lurralde haiekin.

Juan Sebastian Elkano dugu Euskal herriko itsas gizonen artean gehien aipatzen den pertsonaia, munduari lehen aldiz bira ematea lortu zuelako itsasontzi baten buruzagi zelarik, Urdaneta berriz itsasgizon jakintsu bezala ezagutzen da, hau Filipinak lurraldetik itzulerako bidea ireki zuen lehena dugu. Biak Gipuzkoako itsasgizon ospetsuak bezala ezagutzen dira, baina nik bata eta bestearen balentriak ikusita maila berean jartzen ditut.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>