Trantsizio garaiak gogoratzen
Udazken polit eta goxo honetan ordenagailua pixka bat baztertuta izan dudala esan beharra daukat, egunak dituen ordu asko giro dotore hauekin mendi bazter eta inguruan ditudan pasealekuetan naturaz gozatzen ibili naizelako. Neguko giro euritsuak iritsi dira ordea, kalean ibiltzeko baldintza egokirik ez eta etxeko apaletan ditudan liburuak antolatzeari ekin diot.
Antolaketan ari naizela liburu artean baztertuta nituen orri, liburuxka eta argazki batzuekin egin dut topo eta berauekin berriztatu ditut gazte garaian eta diktaduratik demokraziarako trantsizio bidean eman nituen pausoak.
Nire burua gazte ikusteaz gain, trantsizio horretan eman nituen pausoak gizarte zuzen eta libreago baten alde ilusioz beteta egindako pausoak ikusten ditut eta gaur egun ibilaldi honen gain egin dudan balorazioa positiboa izan dela orokorrean esan beharra daukat.
Garai zailak ziren, diktadura gogor batetik irten eta berehalako urteak, demokraziak ez zuen gaur egun duen onarpenik, ez eta gaur egun dagoen kultura demokratikorik ere. Gainera Euskal Herriko gizartearen askatasuna indarkeriarekin lotuta zegoen bideak ekarriko zuen pentsaera oso zabaldua zegoen.
Indarkeriarekin eraldatzen den gizartearekin sekula ez dut sinetsi. Gizarte libre bat lortzeko demokraziak dituen erremintak erabiltzen dituen taldeekin sinetsi dut beti eta berauek izan dira nire taldeak, nahiz eta urte zail haietan talde deskafeinatuak bezala katalogatu.
Demokraziak ere baditu bere akatsak eta akats hauek baztertu beharrean onartzera ere iristen gara askotan diktadura garaia ezagutu dugunak behintzat. Eskerrak gaurko belaunaldiek beste ikuspegi batetik ikusten dituzten akats hauek eta hala behar du gainera, garaiak eta egoerak ez baitira berdinak.
Demokraziaren oinarria “pertsona bat botu bat” da, diktaduraren garaian hau aldarrikatzen genuen eta honekin sinesten dut gaur egun ere. Halere egungo langabeziak, ustelkeriak eta lapurretak ikusi ondoren, etsipena nagusitzen zait askotan.
Demokraziarekin indarrean jarri diren alderdiek ere ahaztu egiten dituzte askotan honek dituen oinarriak, eta botereak dituen arauekin oinarritzen dira agintean dauden garaian. Badirudi boterean egotea dutela helburu biztanleekin ahaztuta.
Dena den sinesten dut alderdiak biziberritu eta lehenera etorriko direla nahiz eta gaurko egoerak ez duen laguntzen. Lotura estuagoa izango dutela ere bai biztanleekin, kalea gehiago zapalduko dutela ere bai bozketa garaian bakarrik zapaldu gabe, eta hau dena alderdiek barrutik egiten ez badute, gizarteak behartuta egin beharko dutela ere bai. Bestela demokraziak ez du zentzurik izango.