Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Tabakoa Aizarnan

Aranburu atariko lorategian tabako landareak hazten ikusi ditut aurtengo udaran. Hauei begiratu eta garai batean landare hauekin Aizarnako soroek zuten irudia etortzen zait burura. Soroek bakarrik ez, mendiek zutena ere berdin etortzen zait eta aipamen bat egingo diet ezagutu ditudan neurrian.

Egia da Aizarnako paisaia aldatu egin dela urte gutxiren barruan. Garai batean gure mendietan ikusten genituen pagadi eta hariztiak, "insignis" deitzen diogun pinuak ordezkatu ditu. Nekazaritzan ere beste hainbeste gertatu da, garai batean ikusten ziren arto, babarrun, gari eta patata soroak zelai bihurtu dira. Aldaketa honek naturari ez dakit zer kalte edo onura ekarri dion, baina gure bizimodua arintzen lagundu digula esan beharra dago behintzat.

Idatzi honen helburua ez da aldaketa honen eragina aipatzea, Aizarnako nekazariek ekoizten zituzten bi landare bereziren berri ematea baizik. Urte osorako elikagaiak lantzen ziren garaiak ziren haiek, baina hauen artean bi landare oso bereziak ere landu zituzten Aizarnako nekazariek.

Landare berezi hauek ez dira elikatzeko erabiltzen direnak, bizioetarako baizik eta hauetako bat tabakoa dugu.. Ozta-ozta baina gogoan dut oraindik landare hauekin nola berde berde egoten ziren kale inguruko soroak. Asko zaindu beharreko landarea dugu tabakoa eta honek elikagaiak ordezkatu izanak, etekin hobea zuela esan nahi du.Ez dut uste bizioetarako bakarrik landuko zutenik.

Landare hau ekoiztu eta emaitza onak lortzeko lur bereziak eskatzen ditu, tenperatura, hezetasuna eta euri jasan handietan lurrak drainatzeko ondo prestatuta egon behar du soroak. Nahiko baldintzak badira hauek, baina denak betetzen zituzten nonbait, Aizarnako soro hauek . Udaberrian landatu eta bere altuera egokia hartzen zuenean, punta moztu egiten zioten zabaleran hosto mardulagoak lortzeko. Uda amaitzerako, zurtoinetik hostoak kendu eta lehortu egin behar ziren. Horretarako, ganbaran zintzilikatzen zituzten eta udazkeneko haizea arduratzen zen hezetasun maila egokitzen, Aizarnako kasuan behintzat! Hezetasun maila egokia lortu bezain azkar, tabakalera egiten zen jabe. Ordaindu ondoren, jakina!

Baina ez pentsa denak saltzen zituztenik! Urte osorako altxorra gehienek gordetzen zuten etxean. Batzuk txikituta pipan erreko zuten, besteek eskuz egindako zigarro biribilean eta Kuban egiten den bezala, puru sendoak egin ondoren erretzen ere ikusi ditugu herrian. Era batean edo bestean, beti usain gozoa zuen Aizarnako soroetan ekoizten zen tabako honek. Mikrokliman eragina ote?

Lupulua deitzen diogunak ere tabakoarekin batera partekatu zituen Aizarnako soroak. Landare honek ematen dituen loreak garagardoa osatzeko erabiltzen dira gaur egun ere. Irakin ondoren garagardoak duen zapore goxoa kendu eta mikatz puntu bat ematen dio edari freskagarri honi, baina ezaugarri gehiago ere baditu lora honek garagardoarentzat. Ozta-ozta, baina gogoratzen dut Potzueta baserriko soroan makila luze batzuetan gora eta gora nola egiten zuten landare hauek. Altuera hau "trepadoras"motakoak direlako hartzen dute. Hosto berdeak eta lora txuri pilak dituenez paisaia dotoretzen ere laguntzen zuen landare honek.

Landarea zarba osoarekin jasotzen zen baserrira eta gero eskuz banaka-banaka lorea kendu, zakuan sartu eta garagardotegira. Garai haietan bazen Donostian lehenengo "Kutz" eta gero "Leon" deitzen zen garagardotegi bat, eta hara eramaten omen zituzten lore hauek. Marka horretako garagardoari zaporea emateko erabiliko ziren Aizarnako loreak.

Epe laburrean amaitu behar eta esku ugari behar zen langintza honetan. Aizarnan jende asko bizi zen garaiak ziren haiek eta langintza honen truke lortzen zuten ordaina, egoki etortzen omen zen famili askotan.

Gehiago ere idatzi liteke Aizarnako langintza hauei buruz, baina oraingoz aipamen honekin amaituko dut.

Ion Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>