Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Solstizioak eta superstizioak

Azken solstizioa suari begira Aranburu atarian ospatu nuen eta konturatu ere egin gabe gure mundu zahar honek beste bira bat eman digu. Parrillada gozo baten inguruan izan zen eta egunak duen xarmari buruz tertulia eginez.

Gizakia konturatu zen egun honetan eguzkiak zeruan bide luzeena egiten duela eta geroztik beti ospatu du egun hau. Naturan eguzkiak duen eragina ikusi eta berari eskerrak emanaz. Zibilizazio bakoitzak bere ohiturak edo usadioak ditu egun majiko hau ospatzerakoan eta baita Euskal Herriak ere. Era askotako usadioak ditugu egun honen inguruan baina denek hiru elementu hauek hartzen dituzte oinarritzat: sua, ura eta zuhaitza.

1-Zuhaitz handi eta luzeak herriko plazan jartzeko ohiturak ere badira toki batzuetan, hau ikusteko nahikoa da Urrestillara joatea. Ekaitz eta harri erauntsietatik babesteko jartzen omen da. Beste iritzi batzuek diotenez, hiriak babesteko tximistorratz bezala ere erabiltzen omen zituzten honelako zuhaitzak, hau ote da ohitura honen jatorria?

Etxeak babesteko ere askok jartzen dituzte oraindik zuhaitzak ate nagusian. Nik lizarra ezagutu dut gehien, baina beste zuhaitz motak ere erabiltzen omen dira , hau lurralde bakoitzak izango du berea nonbait.

2-San Juan egunsenti honetan urak ere garbitzeko ahalmenak omen ditu. Ohitura batzuk diotenez, goizeko ihintzetan abereak paseatzera ateratzen omen zituzten, gaixotasun guztietatik babesteko. Abereak bakarrik ez, gizakiak ere berdin egiten omen zuen urte osoko babesa lortzeko.

3-Suak izango du behar bada garrantzi handiena egun honetan, iritzi asko dira honen inguruan, hauetako batzuk honela diote: urtean zehar izan ditugun nahigabeak sutan erre eta berriari desio duguna eskatzea omen du helburua. Toki batzuetan berriz aurreko urtean bedeinkatutako lore sorta sutan dutela soro eta zelaiak zeharkatzen omen dituzte. Beste iritzi batek dionez, eguzkia indarra galtzen hasten den eguna izanik indar berritzeko eskaintzen omen zioten sua eguzkiari.Iritziak eta ohiturak asko dira baina denak ezin aipatu hemen.

Gaur egun festa egiten da suaren inguruan, gau magiko hau ospatzeko. Suaren bueltan edo gainetik salto eginez, festa giroa ikusten da honen inguruan eta zergatik ez gure arbasoek ere era berean ospatu?

Gure arbasoen garaietan ez gaude gaur egun, ohituraren jatorria bata edo bestea izan, nik ospatzen jarraitzea pentsatzen dut behintzat, ilunabar magiko hau, suari begira parrillada gozo baten inguruan ahal bada eta eguraldiak laguntzen badu hobe. Eta Azpeitiarren esaera honek dioena egiten jarraitzea pentsatzen dut: aurrena zopie eta gero filosopie!!

Jon Egiguren

Solstizioa ospatzen

Joan artikuluen zerrenda osora>