Solstizioa eta Aizarna
Eguna luzea eta gaua motza, eguzkiak zeruan lerro luzeena egiten duen eguna da San Juan eguna, eta gure arbasoek eguzkia adoratzeko aukeratzen zuten solstizioa. Ilunabarrean sua pizten zuten beraren ohorez, eta opariak eskeiniaz ospatzen zuten gau magiko hau.
Paganismoaren erritoak direla nabaria da, orain ere ospatzen jarraitzen dugu. Ez dugu eguzkia adoratzen, baina ohiturak jarraitu egiten du gizaldi asko igaro ondoren.
Erlijioa garaitzean beste erritu askoren artean, egun hau ere San Juanen jaiotzarekin lotu zuten eta eguzkia adoratzetik jainkoa adoratzera pasatu ginen. Bata edo bestea adoratu gizakiak egun honekin erakusten duena, naturarekin duen lotura dela esango nuke.
Egun hau naturarekin uztartuta dagoela nabaria da, zuahitzak ere parte hartze handia dutelako. Adibidez egunsentian lizar adarrak mozten dira etxeko sarreran jartzeko. Zuhaitz hau sakratua zen gure arbasoentzat eta adar hauek ezker eskubi sarrerako markoan josten dira, espiritu txarrak sartzeko aukerarik izan ez dezaten. Etxeko sarreran bakarrik ez, soro bazterrean ere jarri ohi dira, gurutze eta guzti, bertan egindako laboreak kalterik izan ez dezaten.
Beste ohitura bat gaur eguneraino iritsi dena lore sortarena dugu. Lurrak ematen dituen uzta usaintzuak, lore deigarriak eta abar, solstizioko egun honetan jaso, gau osoan atarian eduki eta goizean uretan sartu atera batzuk eman ondoren sekatzera jasotzen zituzten. Ekaitzak, haize zakarrak edo tximista zorrotzak ziren egunean sutan erre ahal izateko, etxekoak eta etxeak dituen ondareak babestu ahal izateko.
Gaur egun gauza bera egiten dugu egun honetan, lore sorta politak bildu eta elizan bedeinkatu ondoren etxean sekatzen jartzen ditugu, helburu berarekin.
Sua, ura, zuhaitzak eta loreak erabiltzen ditugu egun honetan, naturak dituen elementu garrantzitsuenak. Nabaria da beraz egun honek izan eta duen lotura naturarekin.
Beste lurraldeetan bezala Aizarnan ere ospatzen jarraitzen dugu ohitura hau, baserri gehienetan eta kaskoan ere bai. Suaren biran jende multzoak ikusten dira, behar ez diren traste zaharrak, ideiak eta espiritu txarrak sutan erretzeko asmotan.
Espiritu txarrak sutan erre eta onak hartzen saiatzen gara solstizio honetan, baina gorputzarekin ere ez gara ahazten eta berea ematen diogu, suaren inguruan ospatzen dugu ilunabar hau, sagardo eta parrilan erretzen ditugun elikagaiak dastatuaz. Udara berri baten sarrera denez, merezi du honelako festatxo bat ospatzea.
Egun hau erlijioarekin lotzen dutenak, Santuari eskeinita dagoen ermitan biltzen dira lehenbizi eta jarraian suak duen erakargarritasunaren inguruan ospatzen dute beste guztiak bezala.
Atzera asko joan gabe, San Juan egunean, ermita honen inguruan erromeria antolatzen zuten bailarako biztanleek. Oholtza ere inprobisatzen zuten soinujolearentzat eta barra ere bai edari freskagarriekin zelaiaren hegalean. Garaiak aldatu dira, baita ohitura hau ere, gaur egun ez dago aztarnik.
San Juantxo
Aizarnarrak honela ospatzen dugu solstizio hau, lan eguna izan arren ez daukagu ahaztuta, baina hori bai: sorgiñak irtetzerako denak etxera.
Jon Egiguren