Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Sermoiak Santa Engrazin (1896)

Nire begiak bolada honetan Santa Engraziako ermitari eta honek barruan duen erlojuari begira daude. Begiak ermitara begira eta eskuak erlojuaren berritze lanetan ari dira, baina ezin ukatu ondare hau zaintzeko lanak gustukoak ditudala.

Erlojuaren lanak direla eta, esan behar ermita honengan nuen zaletasuna areagotu egin zaidala eta buru belarri aritu naizela idatzi berriak aurkitzen, webgunean argitaratzeko. Saiakera honetan ari naizela sermoi bat aurkitu dut Santa Engrazia egunez ermita honetan Domingo Agirre sermolari famatuak egin zuena. Ikusi egin behar Aizarnako biztanleen erlijiotasuna zer maila altuan uzten duen.

Sermoia IXX. gizaldikoa da, 1896. urtekoa hain zuzen. Honen esanetan badirudi kapila berritu zutela Aizarnarrek urte horretan, baita ere esaten du Euskal Herriko mendi tontorretan gurutze berririk ez dela ikusten, eta fedeari sendo eusteko oso baliagarria dela gurutzeak altxatzea.

Aspaldiko kontuak dira baina badirudi ermita honek fededun asko elkartu duela gizalditan zehar, eta gaur egun ere jarraitzen duela elkartzen. Bestalde ez dago fededuna izan beharrik Gipuzkoa erdiko mendi tontorrean kokatuta dagoen ermitara ibilaldi bat egin eta berau ezagutzeko. Euskal Herrian lehen eraiki ziren ermitetako bat baita.

Gain zoragarri honetatik ikusten diren paisaiak paregabeak dira, ia-ia Gipuzkoa osoa ikusten da bertatik. Itsasoaren zati handi bat ere bai. Elkanok itsasora irteten zuen bakoitzean ikusten zuen berau eta atsegina zuenez seguru askotan igo zela ermita honetara, Santari eskerrak ematera. Eta munduari bira osoa eman ondoren, zer esanik ez.

Irakurri behean azaltzen den IXX garren gizaldiko sermoia, merezi du eta.

Jon Egiguren

======================================================================

WWW.armiarma.eus

SANTA ENGRACIA

Aizarna — 1896

Justorum animae in manu Dei sunt, et non tanget illos tormentum mortis. Justuen animak Jaungoikoaren eskuetan daude, ta eriotzaren oñazeak eztie ikutuko. (Jakituriako liburuan 3-garren bersotik artutako itzak.)

-N. a. m.: Munduan egia falta da, munduan egia bearrean dago. Egia zeñ bearra dan lurrean jakiteko, eztaukagu ikustea baño gizon guztiak maitatzen duela (itxuran beintzat), gizon guztiak esaten duela beti berena dala egia. Deserrazoirik andienaren alde dabillenak; gauzarik okerrena defenditzen duenak; norbere iritziarekiñ ateratziagatik justizi guziaren kontra jokatzen duen gizonak; lenengo gezur ondo asmatugabea esaten duan ume koskorretik asi ta eskola naguzietan panparroikeriz beterik beren dotrina gaistoak erakusten dituen maisuetaraño; istun eder diranak; gizon jakintsuak; ausilariak, eskribatzalleak; goikuak ta bekuak denak esango dizue arrotasunik andienean: «au da egia, nik esaten det egia, nerea da egia». A! Esagutzen due, esango baluteke, bere biotzaren erdian sentitzen duen gisan: «nik esaten det gezurra, nerea da gezurra», beren ausia instante artan galduko litzatekeala.

Bada orduan, esan giñaike: gizon guziak egiaren alde badira, gizon guziak egia badiote, dena da egia munduan? A! ez, a., munduan gezur asko da, txit asko; gezurrak umien artian, gezurrak ezjakiñen artian, gezurrak jakintzuen artian ere. Gizonak askotan eztu erakusten bere barruko pensamentua; gizonak askotan bere biotzeko sentimentuak estalduak erakusten ditu; baño, borondaterik onenarekiñ jokatzen duanian ere, oso indar gutxi du egia billatzeko.

Orregatik ainbeste bidar begitandu zaizka gizonari eztiran gauzak; orregatik mundu onetan maisutzat egon diran jente askok erakutzi ditue gezurrak egi ederraren jaskerarekiñ. Zer da bada egia? Egia da Jaungoikoa, bada Jesusek esan zuan ego sum ventas, ta egizaleak dira Jesusen dotriña zarrari betiko bidetik jarraitzen diotenak, bañan ez mingañez defenditzeagatik iltzala, guri ejenplu osasungarri bat emanaz.

Eztakit nola erakutziko detan gai au. Zuek, Aizarnatar aditzalleak, txit egoki aukeratua zendukaten sermoi onetarako gizon abill, jakintsu on ta egizale bat, bañan gizon ori gaisotu dalako nik artu det asken orduan sermoi au egiteko arturapena. Esagutuko dezue, bada, iñoiz baño geiago bear detala gaur Jaunaren laguntasuna, ta laguntasun au eskatzeko auspeztu zaitezte nerekiñ gaur bedeinkatutako altara berri onen aurrian, ta esan daiogun Zeruetako gure ama onari Abe Maria bana.

Justorum... etc.

-N. a. m. Ebro ibai z ibalaren aldamenean jasotzen da uri andi ta eder bat Zaragoza izenekoa; Zaragoza, Ama Birjiña metarri edo Pilare santukoaren agertokia; Zaragoza, ainbeste martini santuk beren odolararekiñ bustitako erri bedeinkatua, Zaragoza, oroimengarritsu ta izen andikoa, Españia guztiari onorea emateko diña dan Zaragoza.

Erri onetan martiri santuen odol beroak narotua, jaio zan landara berri ta eder bat, Sta. Engrazia, Jesus bakarrik zala egia esagutzen zuan emakume argitsu eta egia onen alde ill arteraño burrukatzeko prest zegoan emakume indartsua.

Laster etorri zitzaion burruka onetarako bidea. Denbora artan zegoan Zaragozako agintari Daziano zeritzaion gizon biotz gogorreko bat, Jaungoiko gezurrezkoen alde lan andietan zebillena, ta kristauen izena lurretik betiko kendu nai zuana. Egun batean artu zituan preso emezortzi gizon familiarik andienetakoak, eta esan zien Jesukristoren legea utzi nai ezpazuen alde batera bein betiko, kenduko ziotela bizitza.

Uste dezue, a., bildurtuko zirala gizon aiek, ta utziko zutela Jesusen legea, gaurko gizon bildurti argalak menturaz egingo luteken bezela? Ez, aditzalleak. Zaragozako gizon santu ta egizale aiek bazekiten Dazianok kenduko ziela gorputzaren bizitza, baño ez animarena, ta animaren betiko bizitza gozoa nai zuten gorde; bazekiten etziotela illko anima, Jaungoikoaren eskuetan zegoalako ta ez gizonaren eskuetan: justorum animae in manu Dei sunt, et non tanget illos tormentum mortis. Orregatik etzuten egia saldu, eta eman zuten beren bizitza Jesusegatik.

Gizon aiek beren bizitza egiagatik ematen zeudenean, an zegoan beren ondoan Engrazia emakume gaste ta ona; ez isill ta bildurturik, ezpada martiri santuak animatzen, gizon aien animak pistutzen fedean ta zeruko gozotasunen esperantza santuan. Eta an juntzan bera, batere bildur gabe, fedearen su-garrean pisturik, Daziano gogorrari esatera: «Zergatik zuk, juez galdua, mespreziatzen dezu guk adoratzen degun Jaungoiko ta Jaun egiazkua? Zergatik zuk ta Erromako Enperadoriak ain gaizki tratatzen dituzue kristauak mundu guzian? Zergatik zerate Jaungoiko gezurrezkoen aldekoak? Zergatik esamiñatzen eztezue Jesus Jaungoiko egiazko bakarren dotrina santua?».

O Engrazia, Engrazia, Españatar noblea! Eztezazula orrenbesterañoko bidean eraman egia santuarentzat daukazun maitasuna! Pentzatu zazu erromatar gaisto orrek eztuala begiratuko emakumea zerala, gastea zerala, ederra zerala, noblea zerala: zure, ezpada egitez, bene benetan.

Nator gaur erakustera zuek añ poliki apaindu dezuen ermita onetako Santa, Santa Engrazia izan zala egizale benetakoa ta egia bizitza perillean daukazu ta galdu zeinkeala sasoirik ederrenean.

«Nere bizitza perillean. Zer bizitza? Gorputzekoa ala arimakoa? Arimako bizitza Jaunaren eskuetan dago eta eztit lurreko gizonek kenduko: justorum animae in manu Dei sunt, geienez bada kenduko die gorputzaren bizitza; ta zer dit neri gorputza illagatik betiko zorion pozgarria irabazten badet ondorean? Gastea banaiz, gasteagoa joango naiz zeru gozora, eder ta noblea banaiz, nere edertasun ta nobletasuna egiaren alde gastatu nai ditut?». Erantzuera ederra, munduko gizon kristau guziak pekatuaren aurrean eman biar luteken erantzuera. O, n. a. m.! Deabru gaizkiñ beltzak zuek gezurrera eraman naian tentatzen zaituztenean esanaz: gasteak zeratela, ederrak zeratela, senduak zeratela, aberatzak zeratela, jakintsuak zeratela; erantzun zaiozute: eta zuk eman al dirazu nere gastetasuna, nere edertasuna, nere aberastasuna, nere jakituri apurra? Bada, nola orduan eskatzen dirazu zuk Jaunaren eskuetatik artu detan doaia? O ez, datorrela datorrena nere gañera, etzaitut serbituko zu, nere etsai gezurtia: betor nere gañera nekea ta oñazea; betor eriotza berbera, baña beti izango naiz egiaren alde.

Onela gerta zitzaion Santa Engraziari: etorri zitzaion neke ta oñazea lenengo, ta eriotza gogor bat gero. Amorratu zan Daziano emakume argal arren fede sendoa ikusi zuanean, ta agindu zuan sartadarik gogorrenak emateko lenengo, eta gero, loturik saldi baten atzean, erabilli zezatela arrastaka Zaragoza guztiko kaleetan.

Lenagoko batean esaten nizuten bezela, n. a., gaitzaren indarra eztegu esagutzen ondo gugana eltzen eztan artean; gaitz batek, oñazeak ta eriotzak ezkaitu bildurtzen ainbeste gure aurrean ikusten degun artean; bañan bai bildurtzen gaitu ta ikaratzen gaitu gure gañean ikusten degun orduan. Onela gertatu ete zitzaion Engrazia santuari? Ikaratu ote zan borreru gaistoak sartadaka ta kolpeka asi zitzaizkonean edo bere gorputz gastea zaldiari lotzen ari ziranean? Ezta batere: pake santu batekiñ sufritu zituan Engraziak oñaze danak, eta sufritu ondorean, iñoiz baño libertade santu ta andiagoarekiñ esaten zion Dazionari: «ez nazu bildurtzen zure gogortasunekiñ. Oroi zaite, juez errukarria, Jaunak emandako eskubide apur bat daukazula denpora apur baterako; baño laster zuk ere Jaun ta Juez santu orren aurrian kontu eztua eman biarko dezula. Ez naiz ni zure bildur, zeruko Juezaren bildur naiz, izan zaite zu ere Jaunaren bildur».

Orduan Dazianok, aserre ta gorrotorik andienarekiñ, agindu zuan berriz asmatu al ziran gauzarik txarrenarekiñ mindu zezatela Engraziaren bizitza eta borreru aiek, otzo amorratuak bezela, urratu zioten gorputza burnizko kako batzuekiñ, ebaki zioten eskerreko bularra, biotza ikusteraño, eta atera zioten gibelaren zati bat ere, S. Prudenzio testigu zanak esaten duanez. Eta zer egiten zuan Engraziak oñaze bildurgarri abek sufritzen zituan bitartean? Arpegi pozez ta alaitasunez betetakoarekiñ eskerrak eman Jaungoikoari bere edertasuna egiaren alde gastatzen zualako, Jaungoikoa bedeinkatu ta esan jente guziai Jesus zala egia, eta beste gauza guztiak gezur utzak. Alperrik Dazianok odol-egarri ase-naian agintzen du azkenez, kopeta paketsu, eder ta zerutar artatik sartzeko Engraziari iltze gogor bat: alperrik: iltze ura sartzean ta geroago ere Engraziak bedeinkatzen du Jaungoikoa ta esaten du Jesus bakarrik dala egia, ta Erromatarrak adoratzen zituen gauza dendenak gezurrezko Jaungoikoak.

Jaungoikuak ala naita etzan Engrazia borreruen atzaparretan ill; bizi izan zan oraindik egun batzuetan mirariz bezela, egia maitatzen, ta egia erakusten Aita Zerukoak bere beso bigunetara deitu zion artean.

Ara emen itz gutxitan esanda Santa Engrazia Zaragozatar gaste noble ta egizalearen bizitza. Gezurraren kontra gerran bizi izan zan eta gezurraren kontra gerran iltzan. Eta bear bada orregatik, beste gerralari on Jaungoikozko batzuk, Tenplarios esaten zioten gerralariak jaso zuten ermita santu au Santa Engraziari, zuen aitona zarrak jaso zioten, orduan oitura santua zan bezela.

Ikusiko dituzue gure Euskal-erri maiteko mendi gallurretan Ama Mariari ta Santuai gure aitonak jasotako eleizatxoak, euskaldunak zuten fedearen agergarri bezela. Eleiza oiek esan nai diote erbestekoai, emen, beste gauza guztien gañetik fedea daukagula banderatzat. Baña eleiza abek jaso ziranetik gaur arteraño euskaldunak berak jira-bira andiak egin ditue, eta gaur, mendietan, ezta eleiza berririk jasotzen. Pena andi batekiñ esaten det, eztala gaur euskal errietako bideetan len beste kurutze eder ikusten; sentimentu andi batekiñ ikusten det mendi gallurretako eleizatxoak erortzen daudela toki askotan, eta kurutzeak eta eleizak erortzen diranean, erortzen da fedea, eta galdu da dana. Baña, Jaungoikoari milla esker, eztira denak eroriko, Aizarnatarrak bezela badira beste euskaldunak. Zuek, n. a., aitona zarren oitura garbiak gorde nai dituzuen jentiak, ematen diozue gaur ejenplu eder bat Euskal-erri guztiari. Zuek, gogortu dezue, edertu dezue, ta apaindu dezue antxiñako gizonak egin zuten eleizatxo au, erakutzi nai dezuelako lengo bidetik zuaztela aurrera beti, bide zarretik batere okertu gabe. Bedeiñkatuak izan zaiteztela Jaungoikuagandik, eta badakit bedeinkatuak izango zeratela zuen gurasuekandik ere. Nik ematen diskitzuet eskerrak Jaunaren izenean: lenengo, erri onetako artzai birtutetsu ta prestuari, berak mugitu dualako erria obra on au egitera; bigarren, beste apaiz jaun ta erritar beren limosnarekiñ lagundu duenai; irugarren Aizarnatar guztiai, bada eztet uste Aizarna guztian bat bakarra gelditu danik bere alegiña egiñ eztuanik obra onetarako.

Ta nai nuke oraiñ boz bat indartsu ta garbia, entzungo litzatekeana emendik ogei leguaraño; boz bat juango litzatekeana oiarzunetan, mendirik mendi ta zelairik zelai askenengo erri txokoetaraño; bada orduan diadar egingo nuke esanaz: «Euskaldunak, ikusi zazute Aizarnatarrak ematen dizuten ejenploa; jaso itsatsue zuen gallurretako eleizak, fede santuaren agergarri diran ermitak: ez utzi ermitak erortzen, bada ermitak eroriak badaude, fedia erori dan señalea da».

Ta zuek, n. a. m., izan zaitezte beti egi zaleak. Oroi zaitezte egia bat bakarra dala eta egi ederraren jaskerarekiñ gezur asko dabiltzala munduan; oroi zaitezte egia antxiñakoa dala ta kontuan ibilli bear dezuela dotriña ta izen berriekiñ; izan biar dezuela zuen gurasuak ziran gisakoak, eta erakutzi zuen ondorengoai ere egi zaleak izaten. Kate bat egin biar degu dotriña eder ta oitura on guziekiñ: kate bat beñere urratuko eztana, kate bat munduaren askeñeraño iraungo duana. Bizi gaitezen egiagatik burrukatzen beti, egiagatik eman dezagun gure bizitza, bear bada Santa Engraziaren gisara izan gaitezan bera bezela, Jaungoiko santuak saritu gaitezan betiko zorionarekin guziori opa dizuetan bezela. Amen.

Joan artikuluen zerrenda osora>