Segalariak Aizarnan 2016
Ekainaren 20an Aizarnan egin zen Gipuzkoako segalari txapelketan, zortzi segalari ikusi genituen lehian eta helburua Asteasuko finalerako txartela lortzea zen. Zortzi kirolari hauen artean Iban Pardo Zestoarra ere ikusi genuen eta bi kiloren aldeagatik ez zuen finalerako txartela lortu. Zorte txarra benetan.
Zestoako kalean jaio eta ez dakit nondik hartu duen mutil honek kirol honetarako zaletasuna, haurtzaroan belar zelai asko zapaldu zuelako ez da izango seguruenik. Hala ere geroztik gogor saiatu da nonbait eta maila dotorea lortzera iritsi da kirol honetan, bejondeiola. Kalean jaio eta hezi ondoren herri kirol honetan Aizarnan eman zuen erakustaldia emateko gai izatera iristea, ez dago edonoren esku. Zoriontzekoa benetan.
Kirol honetan gizonezkoak bakarrik ikusten ziren lehenago, baina orain emakumeak ere ikusten ditugu, eta nola gainera. Maila bera ez dute emango zelaian seguruenik, baina erreminta zorrozten edozein gizonen maila lortu dutela esan beharra daukat. Aizarnan emakumea ikusi genuen sega zorrozten eta bere bikoteak lortu zuen lehen sailkatzea, seinalea ondo zorroztu zuela sega, bestela ez dago emaitza hau lortzerik.
Aizarnako kaskotik asko irten gabe dagoen Aranburu atariko zelaia prestatu zuten ekitaldi honetarako. Antolaketa bikaina egin zutela ere esan beharra dago, eta herri-kirol honek jarraitzaile multzo handi bat duela ere bai. Hala erakutsi zuen behintzat Aizarnako kirol proba honek.
Sega Txapelketa honetan finalerako sailkatu ziren kirolariak: Julen Gabirondo, Arkaitz Arteaga, Igor Esnaola eta Jokin Etxeberria.
Atera nituen argazki eta bideoak behean jarri ditut ikusgai, egun hau gogoratu eta zaletuak gozatu dezaten.
Jon Egiguren