Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Santa Engraziako erlojua eta Yeregi Elkartea

Danbolin Webguneko komunitatean argitaratua

Ez ditugu ahaztu behar eta baztertu gutxiago Aizarnan ditugun bi erloju zaharrak, bata dorrean daukaguna eta bestea xarma besterik ez duen ermitakoa. Berauek dituzten data agiriek Yeregitarrak egindakoak direla esaten dute.

Santa Engraziakoa Yeregi Elkarteak bultzatuta ari gara indarberritzen. Lasaon, Zestoan eta Aizarnan erakustaldi labur bat egin ondoren berehala izango da lehen zegoen txokoan. Aspaldian geldirik egon ondoren laster hasiko da bailarara kanpai hotsak zabaltzen. Ermitara doan bisitariak berriz ere erlojuak sortzen duen tik-tak tik-tak doinu gozoarekin erlaxatzeko aukera izango du. Dorrean daukagunak aldiz itxaron egin beharko du bere txanda iritsi arte.

Erloju hauei begira badira bi edo hiru artikulu www.aizarna.com webgunean, baina idatzi honetan Yeregi elkartea egiten ari den lanaren garrantzia azpimarratzea dut helburu. Elkarte honexek eman baititu pausoak, hain zuzen, inguru honetan baztertuta dauden erloju zaharrak berreskuratzeko.

Hasteko esan behar mekanika zahardun tresna hauek xarma handia dutela erloju zaleen artean. Gainera mekanika sektorean lan egin dugunontzat zer esanik ez. Gaur egun baztertu ezin diren ondare bihurtu direnez, elkarte hau egiten ari den lana goraipatzekoa da.

Ondare hauen lagunak herri bakoitzean elkartu, dena dokumentatu, berauen sekretuak zabaldu zaleei eta martxan jartzea du helburuetako bat, garrantzi handiko lana niretzako. Emaitza hau lortzen den tokietan bizirik iraungo dute tresna hauek eta seguru hurrengo belaunaldiak eskertuko digutela, guk orain arte bizirik irauteko lan egin dutenei eskertzen diegun bezala.

Konponketak auzo lanean egiten dira gehien bat eta ezinbestekoa da udaletxe eta instituzioen laguntza horretarako. Sortzen diren gastuei aurre egiteko premiazkoa alegia. Muxu truk egiten ari den lan hau gutxiestea ez zait bidezkoa iruditzen, behar duen laguntza izatea espero dut beraz.

Yeregi (www.yergi) elkarteak jarrita dauzka lehen oinarriak horretarako: bata Zumaian dago ikusgai eta bestea Loiolako Santutegian. Hurrengoa Santa Engraziakoa izango da eta batek daki aurrera begira zenbat etorriko diren. Egia esan, niretzat proiektu honek etorkizun handia izango du eta garrantzitsua gainera erloju zahar hauek dituzten auzo eta herrientzat.

Nik urte asko pasa ditut mekanika sektorean, horregatik tresna zahar hauei begira txundituta gelditzen naizela onartu beharra daukat. Behin baino gehiagotan pentsatu ere bai: nola liteke tresna hauek dorreko gela bazterretan herdoilak jaten utzi? Seguru garrantzi txikiago duten zenbait gauzetan diru gehiago gastatu dutela instituzioek.

Dena dela proiektuaren enbrioia ari da sendotzen eta bizitzen hasten denean lan bikainak egingo dituelakoan nago eta eskatzen hasi eta bizitza luzea izan dezala eskatu behar, lan asko bai dauka egiteko.

Amaitzeko esan behar Santa Engraziako erloju honen historia eta Yeregitarrena orain dela urte batzuk Aranburu landetxean azaldu zituen Xabier Yeregik, orain urte batzuk geroago martxan dira erlojuaren konponketak eta seguru nago lanak amaitzean beste ikuspegi batekin begiratuko diogula erloju zahar honi, mendi tontorrean dagoen ermita horretan.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>