Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Santa Engrazia ermitako berritze lanak

Danbolin orri digitaleko komunitatean argitaratua

Santa Engraziko erlojua berrestrukturatu eta gora jaso aurretik, erloju hau berritzen ari den taldeak ermitak ere aurpegi aldaketa baten beharra zuela ikusi zuen. Ikusi bakarrik ez, lan polit bat egin ondoren beste itxura bat jarri ere bai ermitari. Erlojuarekin egin diren lanak aurretik azaldu ditudanez, orain, aurpegi berritzen egin diren lanen berri emango dut lerro hauetan.

Hasteko, aipatu behar ermitaren inguruan zeuden zuhaitzek traba egiten zutela bailarako paisaia ikusteko, handiegiak eginda baitzeuden. Bira osoan zuhaitzak moztu egin dira eta alaitu galanta hartu ere bai mendi tontor honek. Horrela Aizarna eta bailara osoa askoz hobeto ikusten da behintzat, eta ermita bera ere oso-osoan ikusten da orain bailarako leku guztietatik.

Honekin batera ermitarako bidea ere egokitu egin da: zorua berdindu, zabaldu estua zegoen lekuan, bazterretan oztopo egiten zuten zuhaitzen adarrak moztu… Ondoren beste itxura bat hartu du bide honek. Orain bisitara joateko ez dago aitzakiarik, askoz errazago igotzeko aukera baitago.

Lehen argindarren kablea zutabetik airean joaten zen ermitara eta honek desitxuratu egiten zuen ermita zaharra. Orain zutabea eremutik kanpo finkatu eta kablea lur azpitik pasatu da. Honekin batera kontadorea ere lekuz aldatu da, lehen ermitako hormari erantsita zegoen eta nahiko desitxuratuta gainera. Orain berria jarri eta zutabean kokatu da berau. Lan hauen helburua ermitaren hormak biluztea zen, kaxa eta kableen kutsadura kentzea, ermitako horma zaharrak ahalik eta garbien uztea, alegia. Emaitza ona lortu dela esango nuke, beste itxura bat hartu duelakoan nago.

Kanpaia zintzilikatzeko dorrea ere kaltetuta zegoen. Harri bat edo beste bere tokitik mugitu eta egoera tamalgarrian zegoen. Ekaitzen eragina izango zen seguruenik, tontor honetan tximistak indar handia baitu. Konponketak egin ondoren harri denak bere tokian ditu orain eta espero beste gizaldi batean horrela izaten jarraitzea. Ermitako kanpai erraldoiari eusten dion burdinazko habea ere dena herdoilak janda zegoen, eta ez dakit ekaitzen batek nola ez duen lurrera bota. Gogortu egin behar eta burdinazko xafla sendo batzuk ezarri. Egia esan berria bezala gelditu da, espero honek ere beste urte pila batean irautea.

Erlojuarentzat txoko dotorea egin eta aldareko hegalak dena koloregabetuta ikusten ziren. Zorua aldiz zulo handiekin. Ezin utzi horrela erloju dotorea ikusi behar zen lekuan. Beraz, margotu, zoruak zituen zuloak bete eta Santuei garbiketa egin ondoren beste alaitasun bat hartu duela esan behar barruak.

Tximistorratz berri bat ere badu orain ermitak, kanpaia, dorrea,erlojua eta eraikuntza osoa babesteko. Denok dakigu mendi tontor honetan ekaitzak duen indarra, oso beharrezkoa izango da beraz, egin diren lanak babesteko. Ea honek babesten duen ermita eraso trakets eta gogor hauetatik.

Ibiltariek, mendizaleek eta bailarako biztanleek gustuko dute ermita hau, beraz, zaintzea merezi duelakoan nago.

Jon Egiguren