Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Santa Cruzen gerrillari taldeak eginiko eskaera Aizarnan

Santa Cruz gerrillariak Aizarnan utzi zituen aztarnei begira, hirugarren saiakera dut oraingoa. Espero dut azkena ez izatea, oraindik aurkitu ez dudan idatziren bat edo beste ezkutuan izango delakoan.

Hasiera batean ez nuen pentsatu ere egiten gizon hau Aizarnan ibili zenik. Orain ordea, bere ibilien berri zerbait irakurri ondoren, nahiko seguru nago gure herria ondo ezagutzen zuela gizon honek. Datek ere hala erakusten dute gainera.

Lehenengoan, Bixigu atarian fusilatu zuten zelatariena aipatu nuen; bigarrenean, Erretore etxean honek erabili zuen aulkiarena; oraingoan, talde honek Aizarnatik pasatzerakoan eskatu zituen laguntzak aipatuko ditut. Laguntza hauek ez ziren borondatezkoak izango, derrigorrezkoak baizik.

Lizarraga Jeneral Karlistak, gizon hau bere aurrera ekartzen zuenarentzat saria jarrita zuen, ez baitzituen armadaren aginduak betetzen. Bere aldetik egiten omen zituen ekintza guztiak, eta Aizarnan egin zuena ere hala izango zen seguruenik.

Irakurri dudanez, 40 bat gizonekin etorri omen zen Aizarnara eta batzuk armarik gabe etorri omen ziren. Goseak etorriko ziren seguruenik, bestela biderako arrantxoak beharko zituzten eskatu zituztenak ikusita. Honelako eskaera egin omen zuten Aizarnan: 100 errazio ogi, 100 ardo eta 100 haragi, hauekin batera biderako tresna batzuk ere hartu omen zituzten (ez da aipatzen zer tresna ziren) eta 2000 erreal dirutan.

-1873. urtean gertatu zen pasarte hau eta garai horretan diru multzo handia izango zen seguruenik. Aizarna aberatsa ikusi zutelako ote zen? Hainbeste gizon armatu ikusi eta zein ausartu aurre egiten…! Eskatu zutena eman eta joaten uztea hobe.

Denak eskuratu ondoren, Etumetako bidea hartu omen zuen taldeak. Sabela ondo beteta irten zuten seguruenik, eta ibilaldi honetan izango zen Bixigu atariko zelatariaren fusilamendua ere.

Aizarnak denbora beharko zuen eskatu zituenak prestatzeko eta gaua ere hemen pasa beharko zuten seguruenik. Jakingo nuke gustura non kanpatzen zuen talde honek.

Aipatu ditudan pasarte hauen berri ematen duen iturria Roman Artano Zestoarrak bidali zidan. Bazekien nonbait nire zaletasuna gai honetan eta bera historian aditua izanik, ondo ezagutuko du apaiz honen bizitza. Eskerrak eman behar berari, auzo honen historia osatzen laguntzeagatik.

Noticias Carlistas web-orrialdetik jasotako pasartea dugu hau ( http://noticiascarlistas.blogspot.com/ )

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>