Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Santakruz apaiza Aizarnan?.

Santa Cruz apaiz gerrillaria, Elduainen jaio zen 1842. urtean, eta Hernialden apaiz zegoela harrapatu zuen bigarren Karlistadak. Apaiz izateari utzi eta Karlisten talde armatu baten buruzagia izatera iritsi zen, jarraian buru belarri ibili zen liberalen aurka.

Idatziek diotenez apaiz hau oso ankerra omen zen, arerioak oso erraz fusilatzen omen zituen eta arerioak bakarrik ez, bere taldekide bat ere fusilatu omen zuen. Guda amaitzerako,bere aldekoak ere jarrera ezkorra hartzen hasi omen ziren apaiz honekin. Aramaion atxilotu eta espetxetik ihes egitea lortu zuen, mendian egun batzuk igaro ondoren Kolonbiara atzerriratu zen.

Apaiz eztabaidatsu honen aurkezpen txiki bat egin ondoren, goazen gizon honek edo bere taldeak Aizarnan egin zituzten bortizkeriak aipatzera. Lehen ere aipatu nuen, nola fusilatu zuten Etumetan bizi zen liberal bat, Bixiguko atarian, zelataria zela egotzita. Orain, pasarteari jarraipena emanez, ahoz-aho belarrira iritsi zaizkidanak gehituko dizkiot.

Taldeak idazkaria bazuen, beraz idatziko zituzten egin zituzten ekintzak eta abar, baina ez omen dira inon ageri. Ondorioz, informazio eskasa dago taldearen gainean, ez zen komeniko agerian jartzea nonbait.

Ahoz-aho jaso ditudan pasarte hauek ez dute fidagarritasun zehatzik, ezin direlako egiaztatu. Dena den nik jaso ditudan bezala kontatuko ditut hemen, gero irakurleak erabaki dezala sinetsi edo ez.

Apaiz gerrillari honen taldekoa zen Kaperutxipi eta Aizarnan maisu egondakoa omen zen. Gero gerrillari talde honen idazkaria, nire ustez honek informatuko zuen taldea , Aizarnako berri ondo baitzekien. Jakina liberalak zein ziren zelatatu ondoren, iritsiko zen lehen aipatutako ekintza bortitz hau.

Ez dut inon irakurri apaiz gerrillari hau Aizarnan ibili zenik, baina nire informazioen arabera, Lastur inguruko Leizaola dorretxean omen zuen bailarako kuartel nagusia. Zestoara Endoiatik zaldi gainean jaisten omen zen, hala entzun izan dut behintzat, beraz Aizarnara ere igoko zen seguruenik. Zaila egiten zait galtzada zaharrean gora ez zela igo sinestea, bere idazkaria Aizarnako maisua izanik.

Ezin dokumentatu, baina erretore etxean lo egiten zuela esaten da Aizarnan. Prudencio Auzmendik erretoreak ohiak ere, hala esaten du, elkarte zaharrean egin ziren berrikuntzak gaitzesterakoan, gerrillari honek erabiltzen zuen eserleku zaharra baztertu egin zela armairu berri bat jartzeko.

Honela dio idatziak: En una ocasion se me pide retirar el banco largo del cura Santa Cruz, gerrillero y despues misionero en America para colocar un botillero y resulta que nos colocan dos armarios grandes. ¡Un banco antiguo de antiguedades donde las hay! Cura Santa Cruz, botilero, dos armarios.

Eserleku hau erretore etxean dago oraindik eta esaten dena egia bada, komeni zaintzea.

Gipuzkoan zehar asko ibili zen gerrillari hau, eta ibilbide hauetan atsedena hartzeko toki finkoak izaten zituzten. Hauetako bat Aizarnako erretore etxea izango zuen. Kaperutxipi maisuak ondo zekien etxe hau segurua zela apaiz honentzako.

Amaitzeko esan behar, Kaperutxipik ihes egin zuela Argentinara. Lur-jabe esanguratsu bat, hau da, “terrateniente” handi bat izatera iritsi ondoren bertan bizi zen zendu zen arte. Gauzak horrela gertatu baziren, badirudi gizon honek ere zelatatu zituela liberalak, baina hori bai, Etumetan fusilatu zuten liberala baino suerte hobea izan zuen.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>