Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

San Juantxo ermitaren berrikuntza

San Juantxo deitzen diogu Aizarnako iparraldean kokatuta dagoen ermitari, eta beste ermitei ez bezala, honi txikigarriz deitu izan diogu. Zergatiaren azterketa txiki bat egin eta nik iritzi bat daukat. Erretaulako margo batek Santua haurtzaroan irudikatzen du bildotsarekin. Hau izango da seguruenik txikigarriz deitzeko arrazoia.

Garai batean bailarako baserriak, debozio handiz ospatzen zuten egun hau; goizean meza eta arratsaldean erromeria, taberna eta guzti jakina. Edari berogarri bat neskekin dantzan hasterako ondo etortzen baitzen, eta egin ondoren freskagarria zer esanik ez.

Lan eguna izaten zen, baina bailarako gehienek jai egiten zuten egun honetan. Aste eguna izanik ilunabarrean izaten zen erromeria, jendea lanetik irten eta gero alegia. Hala ere nahiko jende hurbiltzen zen bertara, erromeri egunak gutxi baitziren urtean zehar.

Nik ezagutu nuen garaian, arto landare bat kokatzen zuten erretaulan Alejandrino Iruretaren margo ondoan. Urte garai honetan ugaria zen landare hau soroetan eta zaindariari eskaintzen zioten soroetakoak kalterik izan ez dezaten.

Garai batean meza eta erromeria, baina gaur egun egoera tamalgarrian dago ermita. Horregatik bailarako biztanleek dei bat egin dute berau konpontzeko. Badirudi erantzun egokia izan duela deiak, eta inguruko biztanleak elkartu ondoren ari dira ermitaren itxura egokitzen.

Baliteke batzuentzat debozioa izatea arrazoi nagusia, baina deboziotik kanpoko arrazoiek ere badute bere pisua. Arbasoek bailaran eraikitako ermita erortzen uzteak, xarma bereziarekin ezagutu duten historiaren zati bat erortzen uztea bezala izango litzateke.

Elizak dituen ondareak zaintzea berari dagokio, baina erakunde honek zaindu zain ezin dugu egon, bestela herriko ondare asko lur jota ikusiko ditugu. Orain elizatik kanpoko erakundeak ondare hauek zaintzen laguntzen badute, jabegoan aldaketak izatea ere egokia litzateke, nahiz eta egun legediak ez duen laguntzen horretan.

Dena dela, herriko ondareak zaintzeak denentzako onura ekartzen du. Legediaren aldaketaren zain ezin dugu egon, baina hau ere etorriko dela uste dut. Bitartean herritarren onurako ondare hauek zaintzea egokia delakoan nago.

Ermita honek garai batean, lehen aipatu dugun Alejandrino Iruretak oparitutako margo lan bat zuen erretaulan. Egoera tamalgarrian zegoen eta errekuperatu ondoren, egun parrokian kokatuta dago. Behar bada ermitan izango du bere lekua, baina nire ustez kopia bat kokatzea litzateke egokiena, ez baitut segurtasunik ikusten mendian kokatuta dagoen ermita honetan.

Behean argitaratzen ditut argazki bat edo beste orain duen itxura berria ikusteko. Baina nire aholkua bisita bat egitea da bertara, ermita honen berrikuntzak bertatik ezagutu ahal izateko.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>