SABINO EIZAGIRRE AIZARNARRA VENEZUELATIK.
Sabino Eizagirre, Irure baserrian jaio eta Loiolan ikasketak egin ondoren Hego Ameriketara joan zen 1955. urtean. Ondorengo urte gehienak Venezuelan egin ditu eta, gaur egun, Fe y Alegría Erakundean dabil buru belarri irakasle lanak egiten.
Kudeatzen dudan www. aizarna.com dela-eta izan nuen lehen harremana berarekin. Geroztik, gutxi edo gehiago, beti izan dugu elkarren berri, gaurko teknologi berrientzako ez baitago distantziarik
Nahiz eta Venezuelan urte askotan bizi, Aizarnako albiste, argazki eta pasadizoak ikustea gustukoa zuela eta jarraitzeko esan zidan Sabinok. Nik ez nuen ezagutzen, baina Aizarnara oporretan etortzen denez, harreman pertsonala izan dut geroztik berarekin.
Hugo Chavezen garaian hasi eta Maduroren garaian ere egunero da albiste Venezuela. Dagoen egoera politikoagatik izango da beharbada, batzuek demokrazia dagoela esaten dute, beste batzuek diktadura bat dela. Nik telebistako informazioa bakarrik daukat eta ez naiz ausartzen iritzi bat ematera.
Venezuelako egoeraren berri jakiteko Argia aldizkariak elkarrizketa bat egin dio Sabinori. Jesuita hau Aizarnakoa izanik, beraren iritziak orri honetan jasotzea oso interesgarria iruditu zait. Irakurri merezi du eta, gizon honek oso ondo ezagutzen baitu Venezuelako egoera.
Jon Egiguren
Behean azaltzen dut guztia.
=====================================================================================
Elkarrizketa hau Argia orri digitaletik zuzenean kopiatuta dago.
MIEL ANGEL ELUSTONDO 2450 ALEA
Sabino Eizagirre
1955ean abiatu zinen Venezuelara.
Orduko Venezuelaren berririk batere ez genuela. Mundu erabat itxian bizi ginen jesuitak, ikasten jardun genuen bitartean, bai Loiolan (Azpeitia) bai Kolonbian. 1955ean ailegatu ginen Venezuelara, eta han diktadura zegoen, Pérez Jiménezena. 1958an hura erori eta demokrazia aldia hasi zen, egoera trankildu zen. Petrolioa nazionalizatu zen, eta garai ona izan zen. Venezuelan ez da izan ondoko beste herrialdeetan bezalako egoera nahasirik. Demokrazia izena duen hori izan zen, eta ondo.
Demokrazia izena duen hori
Hainbeste injustizia eta hainbeste pobre, hainbeste diru daukan nazio batean… Nola esan horri demokrazia? Inolaz ez.
Hugo Chávez hil zenean izan genuen zure berri Euskadi Irratian, berriemaile jardunean.Nolako egoera da gaur egun Venezuelan?
Ni ez naiz analista politikoa, baina beti esan ohi dut nola Venezuelak petrolio asko duen, bada, behin ere ez dutela bakean lagako. Oraintxe, petrolio erreserbarik handienak munduan Venezuelak dauzka, Orinocon sekulako petrolio pila deskubritu dute. AEBak zergatik daude, bada, Ekialde horretan, Iraken eta bestetan? Petrolioa mugitzen delako. Horixe esaten dut nik: alde batetik, petrolioak inportantzia ematen diola Venezuelari, eta bestetik, petrolio hori nahi dutela beste nazioek, AEBek batez ere. Venezuela gora eta Venezuela behera, petroliogatik da. Kolonbiaren ondoan kultura eskasa dauka Venezuelak. Latinoamerikako Grezia deitzen diote Kolonbiari. Bolivia, Ekuador… pobreagoak dira. Brasil eta Argentina indartsuagoak dira, terreno gehiago eta aberastasun handiagoa dutelako. Txile ere, Venezuelaren aurretik beti. Venezuelak berriz, horixe, petrolioa!
Petrolioaren diruak ez du gizarte ezberdintasunik ezabatzen.
Esan ohi da, mundu guztian ere, ezberdintasunik handienak Latinoamerikan direla, ez Venezuelan bakarrik. Horrekin batera, esaten dute, kontinenterik kristauena dela, eta kontradikzioa bada ere, injustiziarik handienak dauden kontinentea omen da. Diru asko dauka Latinoamerikak, baina gaizki banatuta. Venezuelan, esaterako, Bolivian eta Ekuadorren baino desoreka handiagoak daude, askoz ere aberastasun handiagoa dagoelako Venezuelan. Eta zenbat eta aberastasun handiagoa, orduan eta desoreka handiagoa aberatsen eta pobreen artean. Horixe gertatzen ari da Brasilen.
Gizarte ezberdintasun handien artean, pobreen alde saiatu zen Chávez.
1992an kolpea eman zuenean, ezker aldekoa zen haren literatura, dena kuestionatzen zuen. Garbi ikusi zuen kapitalismo neoliberalak ez zuela irtenbiderik Venezuelan. Uste dut horretan arrazoi zuela. Bestalde, ikusi zuen sozialismo errealek ere ez zutela aurrerabiderik eskaini Errusian, Kuban, Korean… Orduan, “XXI. mendeko Sozialismoa” asmatu zuen. Laster etorri zitzaizkion kritikak, marxismoak frakasatu zuela ikusi arren, bide hari segitu nahi izan ziolako. Nire interpretazioa da Chávezek behin ere ez zituela herrialde horiek segitu nahi izan, sozialismo berria nahi zuela, herrialde horiek egindako hanka-sartzeak zuzendu eta eredu berria egin Venezuelan. Eskuinetik eta ezkerretik etorri zitzaizkion kritikak, gogor. Nire ustez, eta nire ustea besterik ez da, oso zaila da kapitalismoa zuzentzen, sozialismo berria egiten. Alde batetik indar asko dagoelako kapitalismoa defendatzen, eta beste aldetik, sozialismoak gizarte balio bereziak behar dituelako: justizia, altruismoa, humanismoa… “Humanismoa”, hitz horixe erabiltzen zuen Chávezek behin eta berriz eta askotan. Zioen kapitalismoak humanismoa kendu egin digula pertsonoi, egoismoa sartu digula barruan. Esaten erraza da, apaizek sermoian egiten duguna da hori, baina errealitatean gauzatzen, oso zaila.
Zer diozu Chávezen ahaleginaren gainean?
Chávezek inork eman duena baino diru gehiago eman du herriaren alde, kontzeju komunalen bidez, banku popularren bitartez, edo hezkuntza misioetan. Zer erabilera eman dio jendeak, ordea, diru horri? Behin, joan zen Chávez Puerto Ordazera, eta kooperatiba bat ikusi nahi zuela esan omen zuen. Eta, hantxe, Venalum, burdina eta altzairu lantegi handia. Bilera egin bertako kooperatibistekin, eta zaborra biltzeko sistema garatu nahi omen zuten. 300 milioi bolibar berriren kreditua eskatu zutela esan zioten. “Eta hasi al zarete produkzioan?”, Chávezek, eta “ez, oraindik ez. Kamioi bat erosi dugu, beharko dugu-eta, eta zelular bana. Orain beste kreditu bat eskatuko dugu, produzitzen hasteko”. Eta Chávezen haserrea! Baina horixe da Venezuelako kultura. Nik esaten nuena: “Egun batean, Chávez haserretuko duk, desesperatuko duk eta suizidatu egingo duk, herri honekin aurrera egitea oso zaila da-eta!”. Motxean esanda, nik esaten dut Venezuelak ez dakiela produzitzen, petrolioaren errentak gastatzen dakiela. Elikagaien %70 inportatu egiten dugu. Makineria, ordezko piezak (autobusak, kamioiak, autoak…), inportatu egiten ditugu, denak. Sermoia bai, guk, “Venezuelan egina”, baina horixe, sermoia.
Hezkuntza izan duzu zure lan-arlo. Hezkuntzak, oro har, fruiturik ematen du?
Ez. Sermoi hori ere oso sartuta dago hango politikarien artean. Hezkuntza da beti soluzioa. Hango hezkuntza ez doa ondo, prestakuntzarik gabeko irakasleak direlako hangoak. Eta, inoiz, “aurten ez dago Fisikarik” esango dute eskola batean, irakaslerik ez dagoelako! Zientzia aldetik, prestakuntza eskasa. Urtean ehun eskola-egun behintzat behar direla diote: ez gara behin ere ailegatzen, bateko aste santu, besteko opor… Guri festa gustatzen zaigu, ez lana, ez eskola: festazale hutsak gara Venezuelan. Ez dago seriotasunik. Politikarientzat erraza da esaten, soluzioa hezkuntza dela, baina hezkuntzak tailerretara ailegatu behar du, enpresetara, politikara… Hezkuntza ez da bakarrik eskola, neska eta mutil-koxkorrentzat, ez, denentzat da. Hezkuntza soluzioa? Prediku faltsua da hori, nire iritziz.
Fe y Alegría erakundean jardun duzu?
Beste inork ez duen seriotasuna du horrek. Jesuitak eta mojak dabiltza, gehienak Espainiatik joandakoak. 1955ean fundatu zuen Fe y Alegría Jose María Vélaz euskaldunak. Txilen jaioa zen, hala ere. 13 urte zituela etorri zen Euskal Herrira, eta Tuteran ikasi zuen. Jesuita izan zen. Hezkuntza popularra hartu zuen asmoa, dotrinarekin bakarrik ezer ez zegoela konbentzituta. Eskola hasi zuen, batak eta besteak emandako mahai, aulki eta estalpea baliatuta. Gaur egun, hamasei naziotan ditu eskolak. Vélazek ikusi zuenean eskola haietan erakusteko jenderik ez zeukala, hona etorri eta hemengo komentuetatik eraman zituen mojak: “Zuk zer egiten duzu korridore garbitzen, lehen ere garbi daudenak? Zu zer ari zara sukaldean laguntzen, sukaldaria bera nahikoa denean? Zer ari zara zu, errezatzen?”… Sekulako moja mordoa bildu zuen, Fe y Alegrían lan egiteko, munduan barrena. Eta moja haiek ere gustura, aspertuta zeuden-eta nagusiaren mende, aginduak betetzen! Horixe izan zen Vélazen asmakuntzarik handiena.
Mojak, beraz.