Puerteko..saltoki eta tabernari agurra
Iraileko lehen egunean itxi ditu ateak Aizarnako "Puerteko" saltoki eta taberna izandakoak. Izen hau oso ezaguna da gure bailara edo inguruetan, adinean aurrera doazenek gehienek ezagutu dute etxe hau, eta bertan sartu-irten bat egin duena ere ugari izango da seguruenik.
Egun denda bakarrik zegoen martxan, ia-ia ezinbesteko zerbitzua zen gaur egun Aizarnarako. Baina etxe honen iraganari begiratzen badiogu, historia luze bat dauka kontatzeko. Nik ez dut dena ezagutzen baina dakidan neurrian saiatuko naiz orri honetan azaltzen.
Etxe honek artisautzan ere egiten zituen produktu batzuk eta ezagunena txokolatea izango zen seguruenik. Bazuen makina dotore bat txokolate tableta ugari egin zuena, “Chocolates Aguirre” izenarekin. Aizarnan bertan ez ezik, Azpeitian ere oso estimatua izatera iritsi zen.Gogoan dut oraindik erakusleihoko irudia txokolate tableta dotoreekin.
Beste artisau produktu bat ere gogoan dut: kandelak egitea hain zuzen. Santu guztietan eta Aste Santu inguruan zenbat kandela egiten zen batek daki. Elizarako gehien bat, baina etxean ere ezinbestekoa zen edukitzea, urtean zehar motibo asko izaten baitziren kandelak pizteko. Arrazoiak hainbat: ekaitza zenean, deboziozko Santuari, etxez-etxe ibiltzen zen Amabirjinari, ekaitza zenean... eta argindar gabeko gauak ere askotan izaten ziren.
Auzoko ogi horniketa ere etxe honek egiten zuen, Zestoatik garraiatzeko astoa erabiltzen zuten. askotan ikusi nuen Julian zena galtzada zaharrean gora otarrak bete-bete eginda zituela. Hau kotxeak Aizarnara iritsi aurretik, jakina, geroztik furgonetak egiten zuen lan hau. Bide batez Zestoako lantegietara Aizarnarrak garraiatuz gainera.
Beste behar bat eta ondo bete duena jatetxearena da. Etxe honetan familiarteko bazkari edo ospakizun asko egin dira, erromeri ondorengo afari ugari ere bai. Beti jan goxoa prestatutako fama zuen Euxebi zenak eta hau nik ere baieztatu nezake.
Jatetxearen betebeharra ondo bete zuela esan dugu, bestalde, tabernarena ez da gutxiago izan. Batek daki Aizarnakoak garenok zenbat ordu pasa ditugun taberna honetan otorduak, tragoak eta lagunarteko tertulia goxoak eginez. Tokia eta lagunartea oso baliagarria da horretarako, baina seguru alkoholak ere laguntzen zuela..!. Erosketak egiterakoan, berriz, zenbat hartu-eman burutuko ote zen erosleen artean, zenbat albiste berri jasotzen ote zen! Auskalo!
Esan genezake gizaldi oso bateko lanak ari garela aipatzen eta aipatu gabe asko utziko nituen seguruenik. Urte asko dira saltoki batek bizirik irauteko eta zaila egiten da gizaldi bat bi lerrotan irudikatzea. Dena dela, ondo merezi dutela esango dut Ixiar eta Juan Joxek, jubilatu ostean bizimodu lasai batez gozatzeko.
Itxi da Puerteko, baina nik barruan eramango dut bizi naizen bitartean, bertan momentu eder asko igaro ditudalako eta momentu hauek ezin dira ahaztu ate batzuk itxi direlako. Agur bat Puertekori”.
Amaitzeko esan behar “Puertekok” utzi duen hutsunea orain “Konpitterokok” beteko duela eta honek ere badu historia luze bat kontatzeko, baina beste baterako utziko dugu.
Jon Egiguren