Puerteko saltokian itxiera Hitza egunkarian
Aizarnako Puerteko” saltokiak ateak itxi dituen honetan, Hitza egunkariak ere egin du aipamen bat gertaera honi buruz gehi etxeak Aizarnan izan duen garrantzia azpimarratuaz.
Urte askotako ibilbidea izan duen etxe honen gora-beherak eta itxieraren arrazoiak komentatzen dituzte etxe honetako biztanleak.
Irakurri berauei egindako elkarrizketak eta ateak ixteko azaltzen dituzten arrazoiak merezi du eta.
Lehen ere badira gertaera honi buruz bi idatzi orri honetan, oraingo honekin hiru izango dira, beraz esan nezake itxiera hau ez dela izan oharkabea.
Jon Egiguren
================================================================0
Hitza egunkariak argitaratua
2016-09-21 Ira 21, 2016Nork: Ihintza Elustondo.
- PUERTEKO SALTOKIAK BETIRAKO ITXI DITU ATEAK.
Aizarnako Puerteko denda itxi zuten irailaren 1ean. Gizaldi bat egin du herritarrei behar zutena emanez: aurrez taberna izan zen, txokolatea egiten zuten, kandelak ere bai... "Penaz" hartu dute ixteko erabakia.
Gloria, Ixiar eta Juan Joxe Agirre anai-arrebak, itxi berri den Puerteko saltokian.
Gizaldi bateko emaria eten da. Aizarnako Puerteko saltokiak ateak itxi ditu. Betirako. Egun, janari denda bakarrik zegoen martxan, baina historia luzea gordetzen du txokoak. Aurrez taberna ere izan zen, eta eskuz egindako produktuak saltzen zituzten: kandelak, txokolatea… Ogi horniketa ere haiek egiten zuten. Herritarrek behar zuten guztia eskura zuten, urteko 365 egunetan, goizez eta arratsaldez. Ramon Agirre zenak jarri zuen martxan negozioa, eta belaunaldiz belaunaldi igaro da ordutik. Egun, haren bilobek zuten dendaren ardura: Ixiar eta Juan Joxe Agirre anai-arrebak aritzen ziren lanean, gehienbat. Haien ahizpa Gloria, berriz, umea zela hasi zen laguntzen, eta oso ondo oroitzen da han bizitakoez: “Gure aitonak ireki zuen saltokia. Gauza askotan oso trebea zen; denetarik egiten zuen: kandelak, txokolatea, baratzerako gauzak, animaliak zaindu… Oso iaioa zen sukaldean ere; oso gauza goxoak prestatzen zituen”.
Agirrek ez daki zehazki zein urtetan zabaldu zuten negozioa. Aizarnako Jon Egigurenek ere ez du data horren berri, baina hurbilpen bat egitera ausartu da: “Urte zehatzaren berri ez daukat, eta ez dakit nork izan dezakeen. Nik 66 urte dauzkat, eta nire aurrekoei entzun diet irekita egoten zela. 80 urtetik gora ziur izango ditu. Neuk kalkulatu dut gutxi gorabehera gizaldi bat izango duela”.
Egigurenek Aizarnarekin lotura estua du, eta gertutik bizi izan du Puertekoren ibilbidea. “Ultramarinos bat zen, sasoi batean esaten zen bezala. Baserritik jende asko joaten zen astoarekin enkarguak egitera-eta. Herri txiki bateko denda bat zen”. Horrez gain, taberna gisa ere funtzionatu zuen: “Orduan ez zegoen elkarterik, eta harreman horiek denak tabernan egiten ziren, janariaren eta edariaren bueltan. Iluntzeetan, erromeria zenean, meza ondoren, hileten ostean… elkartzen zen jendea. Bigarren etxea zen Aizarnako jendearentzako”.
Denboraren joanak, ordea, gauzak aldatu egiten ditu, eta horretaz jakitun da Agirre. Penaz hitz egin du: “Gogoratzen naiz zein desberdina zen lehengo bizimodua. Baserriko jendea etortzen zen gure dendara, baina, gero, jendea pixkanaka kalera joaten hasi zen, Zestoara, Azpeitira… Gaurko egunean denek irten behar dute, eta herria txikia gelditu da. Ez dago lehen bezalako mugimendurik. Horixe da hemengo egoera”.
Kandelak eta txokolatea egiteari aspaldi utzi zioten, produktu horiek industriak bereganatu zituelako. “Gu nola jardungo gara gauzak eskuz egiten, gaurko egunean industrialki egiten badira? Ez dauka zentzurik”. Gero, taberna itxi zuten. “Instituzioek herri txikiei pixka bat gehiago begiratuko balie, eta lagunduko baligute… Baina alderantziz egiten dute: zergak igotzen dizkigute, baldintza zorrotzak jarri… Azkena komun bat jartzeko eskatu ziguten. Gauzak etengabe zaildu dizkigute”.
Azkenean, denda ere ixtea erabaki dute. “Herri txikia da, eta mugimendu gutxi dago. Denek kotxea dute, eta saltoki handietara joaten dira erosketak egitera: Garberara, Eroskira, BMra… Aurrekoan batek esaten zidan: ‘Denda txikiak nola edukiko ditugu irekita?’. Sobera antzean gelditu dira”. Inguruak baldintzatuta hartu dutela erabakia dio Agirrek: “Gauzak aldatu egiten dira, eta erabakiak hartu behar dituzu. Makina bat lan eta ahalegin egin da hemen, baina behartu egin gaituzte erabaki hori hartzera”.
Deskantsatzeko garaia
Adinean ere aurrera doaz senideak. Juan Joxe da gazteena, eta 65 urte ditu. Negozioarekin jarraituko duen ondorengorik ez dagoela dio Agirrek. “Juan Joxek eta nik ez dugu seme-alabarik. Ixiarrek bi ditu, baina ingeniaritza ikasi dute-eta…”.
Herritarrek omenaldia egin zioten familiari denda itxi zenean. Loreak oparitu zizkieten, baita bertso hau kantatu ere:
“Eskerrik asko eman beharra.
aizarnarren izenean.
zenbat urtetan gure Puerteko.
taberna-denda lanean.
esfortzu asko ezkutatzen da.
irrifar baten atzean.
irrifarrare malko bihurtu.
maite deguna galtzean.
zorionaren bidean.
gaude azken finean.
bizipen asko gelditzen dira.
herritar denon barnean.
bide berri bat irikitzen da.
edozein ate ixtean”.
Agirreren arabera, herritarrek beti esan izan diete zerbitzu “ona” eman dutela, eta “oso gustura” egon direla beraiekin. Baina beti dira zailak agurrak: “70 urte ditut, eta hemen jaio nintzen. Noski ematen didala pena. Hau amaitu da. Deskantsatzeko garaia iritsi zaigu; mundu guztiak bezala, paseatu-eta egingo dugu. Onerako izan dadila”.
Puertekoa ez zen herriko negozio bakarra, eta Konpitterokok beteko du haren hutsunea. Taberna bakarrik zuten martxan duela gutxi arte, eta, orain, denda ere berreskuratu dute, lehen izan zen bezala. “Puertekok jarraipen bat izango du behintzat, bestela oso motz geldituko litzateke herria”, agertu du Agirrek.