Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Promesa egin eta Santa Engrazira

Nikolas Zendoia, bertsolariak gaur egun artikulo politak idazten ditu “Diario Vasco” egunkarian, denak garai bateko euskera naturalean gainera. Nik beraren idatziak askotan irakurtzen ditut, pasadizo politak eta gehienak bailararekin zer ikusia duten gaiak erabiltzen ditulako.

Urdaneta inguruko pasadizoak askotan irakurri dizkiot eta pentsatzen dut bailara horretan jaioa dela,eta Zarautz aldean bizi, nik irakurri ditudan artikuluen ara-bera, ondorio hau atera dut behintzat.

Garai bateko promesaren kontuak kontatzen zituen artikulo bat irakurri ondoren, nire orrirako modukoa zela pentsatu nuen, jarraian egunkariaren orria gorde, argazki batzuk lortu eta iritxi da eguna argitaratzeko egokitu dudana.

Arantzazura eta Santa Engrazira egin zituen promesaren berri ematen du idatzi honetan. Santa Engrazira itzegiten arazoak zituzten aurrak bisitara ekartzen zituzten, eta Nikolasek bere familian ezagutu duena kontatzen du, bertsolariak duten abilezia egokiarekin.

Jon Egiguren

-------------------------------------------------------------------------------------------- ------------------------------------------------------------------------------------------

El Diario Vasco egunkariak argitaratua.

NIKOLAS ZENDOIA

Badakizue leen promesa asko egiten zala. Edozein ezbearretatik onik ateratzeko edo bizitzan suerte ona izateko, eta abar.

Baserrietan behintzat bazan oitura ori. Beiak txala ondo egin dezan, eta idi berriak ekarritakoan onak atera zitezen-eta, San Antoniori meza-dirua eskeiñi itzez. Urkiolara joateko ere aitzakia bear bait zan, egun pasa egiteko. Baserritarren promesak horrela moldatuak oi ziran. Pello Esnalek esaten duena: orixe da bizitzen jakitzia.

Naiz eta gauzak ondo ez atera, Urkiolara joan egiten ziren San Antoniotan ,meza-dirua eramatera .Txapela erantzi eta: -Kaixo ,Antonio. Urte ontan gauzak ez dira ba atera nik eskatuta bezela. Barka beza, baiña meza-dirua bazkaritan gastatu bearko det.

Kaixo motel. Arrapa ezak.

Urkiola

Au gertatua omen da. Durango aldeko baserritarren bati oso gustoko zuen suiza arrazako beia gaixotu. Eta an dijoa Urkiolara oinez, meza-dirua askuan duela, beia sendatu zedilla esanaz. Baiña beia akabatu .< neri au? Entzun bear zizkidak santu diruzale orrek¡>.

Joan da goizean Urkiolara. Makilla lodi bat eskuan artuta. Txapela erantzi gabe aldare aurreraiño elduda, eta santu aundia falta.

Aste egunean San Antonio txiki bat egoten zen, nunbait . Ala dio: -I txikito. Aita nundek? Ire lekuan balego , eskuan dedan onekin konponduko nian, ba.

Jainko potoloak barka beza¡.

Gizakion gaixotasuneko promesak ere santu eta santa askotara egiten ziran. Ni ere eraman ninduten hamasei urterekin aitak eta amak,nigatik egiña zuten promesa betetzera.

Amari entzun izan nion iru lau urtez bein:Irekin ere joanda gitxaudek Santa Engraziara; te-te-te-ak alde egin zian behintzat eta...

Ori entzun oi nion, baiña horrela pasatzen zan.

Nik gogoan det,juxtu-juxtu, baiña lau urterekin-edo te-tea nuela. Saltoka bezala . eta parre egiten zidatela; batez ere, aimbeste maite ninduen Martxiel zaarrak: Irekin ere ez daigu behintzat bertsolaririk.

Arrazoi zuen.

Begira: gero, anairik txikienak gutxi itzegiten zuela konturatu giñan etxekoak.Gure ama orren presa, Dionisio txikiak itz egin zezan promesa egiteko eta betetzeko.Nere promesarekin zuen zorragatik ote zan guztia?

Nik, amasei urte; anai txikiak,bi. Ni , bigarrena; eta bera zortzigarrena.

Andik lasterrera, igande goiz batean Gipuzkoako Aizarnatik gora dagoen San Engraziako baselizara,aitaren laguna zan Zarauzko Inaxio Landa taxista genuela.Auzoko amona Maitxo ere eraman genuen, gaztetan egindako promesaren bat bazuela betetzeko-eta. Alegia, Jainkoak senar ona eman ziola behintzat eta...

Sei lagun guztira, automobil beltz artan. Estu samar, baiña ura poza¡ Iñoiz kotxean ibili gabe, neure umetako kotxetik kendu ninduten ezkeroz. Anai txikiak, berriz, uste det leen esan gabeko kontu guztiak esan zituela automobil beltz artan.

Denok igo giñan eliza txiki artara.Baita taxista ere, aspaldian ez zala izan-eta. Argizari batzuk piztuta laga genituen.Beste puxka bat max-max-max errezatu, eta erloju edo kanpaiaren makinariari begira egon giñan, eliza barruan dagoenez. An ari zan zintzo asko:trank-trak-trank-trak

Beeraxeago ostatu bat bazegoen,automobila laga genuen lekuan.Ez zitzaigun gaizki etorri, alajaiña¡. Kandela edo argizariak pizteak baino indar gehiago zuela uste det an egin genuen amaiketako edo bazkariak: salda,txorixo egosia eta leatz prejitua. Motelak jarri giñan, ba,arraiok ez badu¡. An iñork ez genuen itz egiteko arazorik.Ezta taxistak ere .Orduan ez zegoen alkoholemia arazorik. Anai txikiak, berriz geiegi ikasi zuela uste det izketan.

Promesa horrela betetzeak balio badu, jarrai promesak egiten, mutilak.

Bizitzan zear neronek egin nuen promesa bakarra ere kontatu bearko det,ba. Bete nuela ere gaur dira berrogeita iru urte: ilbeltzak 10.

Promesa egin berria nuen Oñatitik Aranzazura igo eta jeitsi oiñez egiteko.Azpeitian apopillo negoela, ezkondu baiño leen.

Arantzazu

Igande goiza, eta giro makala:euri-tanta batzuk. Abiatzerako baso bat ur edan, eta martxa moto gorrian Oñatira. Zapata-galtzerdiak motoaren poltsan lagata,andando.Amarretako meza entzun goian, andregaiarentzat medalla bat erosi, eta goitik beera anka-azpitatik prusta-prusta odola nariola. Azer tonto lapikoa nintzan¡.

Ordu bietan iritsi Azpeitira, eta beste baso bat ur edan. Horrela zan promesa, eta horrela bete nuen.

Gero-zera: aste guztia oean anka-azpiak sendatu eziñik.

Etxeko nagusi-etxekoandreak, Markosek eta Manolik, ez zuten ba bate parrerik egin.Ala zidaten.-Ooo¡ Denak etzaudek txokoan.

Lanera azaldu nitzanean, ala esan zidan nagusiak, Xabierrek: -zu, Nikolas gauza bat esan bear dizut: urrengo promesa egin ezazu oiñutsik kotxean joateko.

Arrazoia ¡.

Alde ederrokoa zuan Santa Engraziko bazkaria ¡.

Joan artikuluen zerrenda osora>