Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Pazkoak Aizarnan (2018)

Ospatu dugu aurten ere Aizarnako pazko jai berezia. Jai honek, garai bateko pazko bigarrenean egiten zen erromeria du oinarri, naiz eta orain larunbatera aurreratuta daukagun. Aste eguneko jaiek ez dute zentzurik gaur egun, horregatik joan dira pikutara, nik hala uste behintzat.

Ez dakit seguru zein urte zen, baina gogoan dut urte batean Aita Santua hil zelako bertan behera gelditu zela erromeri hau. Zeinek eman ote zigun tristura gehiago? Erroman hildako Aita Santuak ala erromeria ez egiteak? Nik bigarrena esango nuke.

Nire gazte garaian gehienak txirrinduan etortzen ziren Aizarnara, bat edo beste motorrean; gu berriz, jendea dantzan hasteko zain, txirrinduak hartu eta “Autso” gainetik buelta emateko. Hori bai, gero bere tokian uzten genituen (eta ez gaur egiten den bezala, arrapatu!)

Dena den aspaldiko kontuak dira, baina ni bezala gehiagok ere egiaztatuko dituzte egun honetako bihurrikeri hauek; orduan zaila zen bizikletan ibiltzea Aizarnan, gutxi ziren eta ondo zaindutakoak gainera.

Kontuak utzi alde batera eta egun honetako jai-giroa nolakoa zen azalduko dut. Hasteko esan behar, egunean egin zuen giroak asko lagundu zuela ekintzak antolatzeko garaian, txahala ere plazan erre zuen Migel Angelek eta jendeak ere bertan bazkaldu. Non hobeto, egiten zuen giroarekin!

Artisau azokan salmahai ugari jarri zituzten, plaza dena betea ikusten zen postu hauekin, zerbait erosi nahi zuenarentzat bazegoen aukera. Azpimarratzekoa arotz baten erakustaldia bibolinak egiten. Talo egileen postuan, jende ugari aritu zen lanean, egun talo jaleak asko baitira eta mokadu gozoak prestatzen zituztela esan beharra dago, ofizioa ikasia dute nonbait.

Aranburu atarian zegoen txorimalo erakusketa ere oso polita iruditu zitzaidan, egia esan era askotakoak zeuden ikusgai, handiak, txikiak eta denak kolore politekin osatuta gainera. Aspaldian txorimalo gutxi ikusten da gure soroetan, moldean eginiko txori harrapariak gehiago, baina oraindik atsegina egiten da, berauek ikustea.

Egun honetako giroa zaila egiten da lerro batzuetan irudikatzea, gehiago jabetu nahi duenak egin begirada bat, argazkiekin osatu dudan bideoari. Argazki kamarekin akats bat izan nuen egun horretan eta argazkiak ez dute behar bezalako mailarik, barka aldez aurretik.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>