Pazko jaiak Aizarnan
Pazko jaiak berreskuratzeko asmotan eta herritarren parte hartze handi batekin, jai egun bikaina antolatu zuen Aizarnako herri elkarteak. Artisauen azoka berezia eta ofizio zaharren erakustaldia herriko plazan.
Garai berri hauek eskatzen duen egoerari aurre egiteko kide gazteak hartu dute ardura elkarte honetan eta herria bultzatzen ari diren eragile guztiekin batera lan egitea eskatzen duenez, lehen pausoak bide zuzenean doazela iruditzen zait.
Egun honetan ikusmira ugari zegoen herrian bisitarien begien gozamenerako eta ofizio zahar hauen gainean zerbait ikasteko aukera ere bai. Ofizio zahar hauekin begiak gozatzeko aukera zegoen eta sabela betetzeko, zer esanik ez, taloak, ogia era zaharrean, eztia eta txahala, burruntzian erreta. Okela honen arrakastak ilarak sortu zituen eta probatu nahi zuenak pixka bat itxaron beharra izan zuen.
Txahal osoa burruntzian erretzen ez dut inoiz ezagutu Aizarnan, baina beti izaten da lehen aldi bat, eta mokadu hau dastatu duten gehiengoak, gainditutzat eman du proba. Beraz bale gara Aizarnan!
Egitarauan azaltzen zen bezala arratsaldean herri kirolak, Aizarnako bi aizkolari gazte, Segoviako biren aurka eta Gotsarri gaztea harriarekin. Hauek lanean ikusteko ikusmin handia zegoela agerian gelditu zen, ekitaldi honetan herriko plazak zuen itxurari begiratuta eta ez zuten hutsik egin: jendea gustura gelditu zen eman zuten erakustaldiarekin.
Ekintzak, ikusmirak,janari gozoak, trikitilariak eta dena eguraldiaren laguntzarekin, egun borobila hurbildu zenarentzat, beraz hau lortzeko lan egin duten guztiak zoriondu besterik ez zait gelditzen.
Pazko jaiak berreskuratu ditu Aizarnak larunbatean, egungo egoerara moldatuta. Nire haurtzaroan, berriz, bigarren eguna zen garrantzitsuena eta Zestoarren eguna deitzen genion, beraiek izaten baitziren nagusi egun honetan. Galtzada zaharretik oinez eta errepidetik txirrinduan gazte pila handia inguratzen zen ilunabarreko erromeriara. Hori bai: hurrengo goizean "proaharri" edo soroan zegoen alper-harriren bat, lekuz kanpo izango zela, seguru!
Lehengo ohitura zaharra, zestoarrak ere berpiztu ote dute ? Oinez eta txirrinduan ez, baina aurten ere berauen presentzia zela nagusi esango nuke.
Aspaldiko jatorria duten jai hauek berpiztu direnez, aurrera begira osatzen jarraitzeko aukera dago, ofizio zahar gehiago ere badirelako Aizarnan eta oso xarma handia dutenak, gainera. Ea jarraipena izaten duten jai hauek, falta direnak osatzen ahalegintzeko.
Jon Egiguren Danbolin aldizkariak argitaratua