Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Pazko jaia Aizarnan 2024

Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere ospatu dugu Pazko Jai Eguna Aizarnan eta esan behar eguraldiak ere lagundu zuela zati handi batean. Euria arratsalde partean hasi zuen baina ordurako bazkal osteko tertuliak amaitzear zeudenez ez zion eragin handirik egin jai giroari.

Plazako tertulien ondoren elkarte eta tabernetan jarraitu zuen jai giroak eguna amaitu arte. Egun honetako egitarauari begiratu eta ez dago ekintza berririk aipatzeko, urtero gutxi gora-behera errepikatu egiten baita.

Zaila egiten da urtero egitaraua berritzea, beste herrietan ere berdin gertatzen baita. Dena den egun honetan giro polita egoten da herrian eta hau da balio duena.

Azoka beti da erakargarria artisauak egin dituzten lanak ikusi eta nahi duenak erosi ahal izateko. Baita ere azpimarratzekoa txahal erreak ematen dion xarma egunari, janari honekin hurbiltzen den jende kopurua ondo asetzeko gai izaten baita berau.

Aranburu landetxeko atarian birziklatutako materialekin egindako forma edo irudiak zeuden ikusgai. Pasaia mistikoa bihurtzen zuten irudi hauek zelai berde hau. Polita benetan.

Nik urteroko ohiturari jarraituz argazki batzuk jaso nituen eguna ahal dudan egokien irudikatzeko eta behean argitaratzen ditut berauek bideo txiki bat osatuta. Ez dute irudiek berdin irudikatzen plazan egon zen giroa, baina hurbiltzerik izan ez duenak estimatuko dituelakoan nago.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>