Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Pazko jaiak Aizarnan ( 2017 )

Aspaldiko ohitura dugu Aizarnan Pazko Bigarrena ospatzeko, nik gazte-gaztetatik hala ezagutu dut behintzat eta Zestoarrak izaten ziren nagusi egun horretan. Gaur egun zaila egiten da lan egun burugorri batean horrelako jai bat ospatzea, beraz derrigorrez aldatu egin behar eguna.

Eguna aldatu bai, baina ohiturak jarraitu egiten du. Orain larunbatean antolatzen da eta ondo egina gainera, gaur jende askorentzat larunbata baita egunik egokiena festa giroan murgiltzeko.

Iragarrita zegoen egunean bertan euria izango genuela lagun, eta ondo asmatu ere. Eguraldi iluna eta euria goizetik. Baina gaur egun eguzki-oihal deitzen diegun estalpe hauek euritatik nola ondo babesten duten, arazoa erdira jaisten da. Hori horrela, artisau azokako postuek normaltasun osoz jarraitu zuten beren produktuak saltzen.

Txahala ere estalpe hautan erre zuten eta inongo arazorik gabe gainera. Badirudi aurrera begira ez daukagula pilotalekura begira egon beharrik euria den egunetan. Egia esan herriko enparantzan festa giroa beti alaiagoa da.

Giro atseginak asko laguntzen du jendea hurbiltzeko garaian,baina eguna ez zen prestatzen horretara. Hala ere nahiko jende multzo polita ikusten zen artisauen salmahai inguruan. Salmentako daturik ez dut, baina taloarena seguru ona izan zela, denak eskuan zutela ikusten baitziren kaskoan.

Txahal errea jateko garaian ere mahai ugari jarri ziren plazan, eguraldiak lagundu zuen garai horretan. Nahiz beste urteetako jendetza ez hurbildu, ez dut uste asko sobratu zenik. Esan behar burruntzian erretako txahal hau paregabea zegoela, eskua hartuta daukate nonbait Aizarnako sukaldari hauek.

Umeak pilotaleku osoa zuten beraientzako, dena puzgarriekin beteta eta ordaindu gabe ibitzeko aukerarekin. Egun osoan gozatu zuten jostailu hauekin, kanpoan euria eta asko irten gabe pasa zuten eguna.

Ander Bergararen eskutik erakusketa bat zegoen Elkarteko aretoan. Bertan Aizarnako ikastaroan egindako txotxongiloak zeuden ikusgai, koloretsuak eta bitxiak benetan.

Erakusketa bat baino gehiago ikusteko aukera zegoen eta ezin aipatu gabe utzi Gurutze Santuko elizan zegoena. Bertan Santa Engraziako erlojua zegoen ikusgai, berak eta ermitak duen historia ezagutzeko aukerarekin. Zer polita den erloju hau esaten zuten bisitariek, eta askoren galdera ondorengoa zen: kanpaiak entzungo ote ditugu aurrerantz ermitan? Galdera erantzuteko ermitan nola geldituko den azaldu behar, eta askoren erantzuna zen ez zutela uste honelako altxorra genuenik herrian.

Nik lerro hauetan azaldutakoarekin eta behean argitaratzen dudan bideoarekin nahiko egoki irudikatuta gelditzen da egun honetako giroa Aizarnan. Beraz, ikusi eta jabetu egun honetako giroaz!

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>