Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Pazko jaia Aizarnan 2016

Aurten ere ospatu ditugu Pazko jaiak Aizarnan. Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu horretan, baina hala ere giro atseginean igaro genuela esan beharra dago.

Eguraldi kaxkarrari aurre egiteko estalpeak jarri ziren herriko plazan. Hauek bai lagundu zutela euriari ihes egiten, batik bat artisau postua zuenarentzat. Eta zer esanik ez arratsaldean trikiti lehiaketa ikusterakoan.

Euria egiten duenerako badugu pilotaleku estalia ere, baina nire ustez askoz giro alaiagoa egoten da kaskoan ekitaldiak plazan egiten badira. Horretarako estalpe egokiak behar, jakina.

Hurbildu ziren guztiak izan zuten artisau azoka ikusi edo erosketak egiteko aukera, traste zaharren erakusketa ikusteko zer esanik ez. Bertan bilduma polita zegoen osatuta eta oso interesgarria traste zaharrak gustuko dituenarentzat.

Talo faltarik ere ez zen egon goiz partean ogitartekoa jan nahi zuenarentzat, gainera txahala jateko garaian bai portatu zela eguraldia. Nahiko jan eta edan egindakoan aurpegi alaiagoak ikusten ziren, eta okela paregabea zegoela esan beharra dago.

Arratsaldean Zestoako gazteen trikiti lehiaketa zegoen antolatuta. Lehen aldia izango zen Aizarnan ospatzen dela seguruenik, 18 urtetik beherako adina behar zen parte hartzeko eta ikusi egin behar adin horrekin nolako abilezia erakutsi zuten. Epaimahaikoak sailkapenak osatu bitartean Aizarnako bi ikasle gaztek eskaini ziguten saio txiki bat. Hauek ere laster direla lehiaketarako prest esango nuke.

Egun honen gora-beherak ezin dira lerro gutxi hauetan irudikatu, beraz ikusi behean osatu ditudan bideoak, askoz hobeto erakusten dute bertan egon zen giroa eta.

Jon Egiguren

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>