Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aizarnako Pazko jaia 2015

Maiatzak 23 Pazko jaia ospatu dugu Aizarnan. Egun osoan ondo pasatzeko egitaraua zegoen prestatuta eta nola gainera: artisau azoka plazan, argazki erakusketa kultur etxean, meategiei buruzko ekintza eta "Txikita de Aizarna" pilotariari omenaldia, beste ekintza batzuen artean.

Herriko plazan ez zen ikuskizun faltarik egon egun honetan, txahal erretzea, talogileak, bertan ekoiztutako produktuak eta haurrak esku lanak egiten herriko plazan. Eskerrak Aizarnak plaza handia duen, bestela ezin kabitu denak!

Azoka honetako salerosketen emaitzak jakiteko bakoitzari galdetu behar, baina ikusle ugari zegoenez zerbait salduko zutela pentsatzen dut. Talogileak goiz osoan aritu ziren lanean, honen ziurtagiri zen eskuan taloa zutela ikusten zen jendea kalean eta txahal errea jateko hilera handia sortu zen. Ondoren herriko plazak jan gela handi baten itxura hartu zuen.

Baita ere egun honen barruan zegoen antolatuta meategiei buruz antolatutako ekintza kulturala, arlo honetan Aizarnak duen historia ezagutzeko aukera polita. Hau plazan egin beharrean Aranburu atarian zegoen kokatuta, hemen meategietan erabili ziren erreminta, plano, eta gelditzen diren aztarnen argazkiak zeuden ikusgai. Museo txiki polit bat niretzako.

Historia honi buruz, orain arte jasota dauden datuak ezagutzeko aukera zegoen bertan eta nik uste baino gehiago dira jasota direnak. Beste asko galdu edo batek daki non dauden. Dena den, ekintza hau hasiera besterik ez dela uste dut, etorriko dira gehiago ere, historia honi bultzada ematen lagunduko dietenak.

Museo txiki honetako bitxikeriak ikusi ondoren Aitziber Gorrotxategi historian lizentziatuak gai honi buruz egin zituen azalpenekin eman genion hasiera ekintzari.Ondoren zelai berde eta zuhaitz artean egin genuen ibilaldia meategi zahar batera. Beti ere Aitziber gidari genuela, bera Aizarnako meategiei buruz lan bikaina egindakoa denez ondo baitaki hauen berri.

Herritik gertu dagoen meategira iristeko deskargadero baten ondotik pasatu ginen, inguru honek Aizarnako historiaren zati bat erakusten du eta zaindu beharrekoa nire ustez.

Meategia oso egoera sendoan ikusten da oraindik. Llandutako harriarekin egindako sarrera duelako iraungo zuen horrela, gehienak erori edo itxita baitute sarrera. Sarrera sendo eta dotoreari begira Aitziberren azalpenak arretaz entzunez, konturatu ere egin gabe igaro zen denbora eta honekin eman genion amaiera ekitaldi honi. Meatzari eta meategiei buruz Aizarnak duen historia zerbait gehiago dakigu orain, Aitziberren azalpenei esker.

Baita ere "Txikita de Aizarna" pilotariak egun honetan jaso zuen merezita zeukan omenaldia. Pilota munduan egin duen bidea aitortu diogu Aizarnan ere eta plaka bat jarri diogu pilotalekuan berari eskainita. Ekitaldia jendetsua eta beroa izan zela esan beharra dago, hogei urte egin zituen Madrilen Frontenis espezialitatean jokatzen profesional mailan. Pilotalekua itxi ondoren bere jaioterrira itzuli zen. Beraz gozatu dezala jaso duen omenaldi bero honekin.

Egun hau ez dago islatzerik lerro hauetan eta hobeto jabetzeko egin klik diaporaman ikusteko.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>