Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Pazko jai eguna Aizarnan 2025

Aspaldiko ohiturari jarraituz, aurten ere ospatu dugu Pazko jaia Aizarnan. Gainbegiratu bat egingo diogu egunari, utzi dizkigun sentsazioak aipatuz.

Egunean zehar herriko plaza alaitsu ikusi nuen. Goiz partean artisau postu ugari kokatu ziren eta ikusle ugari ere bai berauei begira. Begiak asetzeko bitxikeri ugari, eta zerbait erosi nahi zuenak ere, aukera paregabea zuen bertan.

Azken urteetan txahal errea izan dugu bazkarian, baina beti ez dago gauza bera errepikatu beharrik, eta aurtengoan arkumea izan da burruntzian erreta. Era honetan erretako arkumearekin behatzak ere txupatu egiten dira, gozatu zuen jendeak.

Honelako bazkariarekin sabela bete ondoren, trikiti saioak gorputza alaitzeko. Giro bikaina eta jende ugari plazaren bueltan dantzariei begira.

Bazkal ondorengo erromeria amaitu bezain azkar euri langarra hasi zuen, baina honek ez zuen zapuztu eguna. Elkarte eta tabernetan jarraitu zuen festak.

Egunean zehar herriko plazak zuen irudia polita zen benetan, eta esan behar herritarrez osatutako irudia zela berau.

Idatziz egunaren xarma jasotzea zaila egiten da, eta beraz gehiago luzatu gabe, ateratako argazki eta bideoekin osatuko dut Pazko jai egunaren kontakizun hau.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>